Berdeagoak izan nahi badugu, glifosatorik gabe izango da

Landareak harresianHondarribia glifosatorik gabeko hiria izendatzea proposatuko du Abotsanitz Udal Taldeak ekaineko ohiko plenoan. Mozioa aurkeztu du, besteak beste, herbizida hori herrian ez erabiltzeko eta herritarrei produktu ekologikoen erabileraren onurei buruz informatzeko eskatzeko.

Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) minbizia eragin dezakeen produktuen zerrendan kokatu duen arren, Hondarribiko lorezainek glifosatoa toki publikoetan erabiltzen dute oraindik. Covid-19aren pandemiak erakutsi digu orain arte baino modu osasuntsuago eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoan bizi behar dugula, garena baino berdeagoak izan beharko dugula, eta hori ezinezkoa izango da glifosatoa erabiltzen jarraitzen badugu.

Udaberrian landareen hazkundea kontrolatzeko erabiltzen den espektro handiko herbizida da glifosatoa. Landarearen aminoazidoen sintesian eragiten du eta, horregatik, nekazaritzan asko erabiltzen da, baita lorezaintzan ere.

Baina osasunarentzako oso kaltegarria da, baita naturarentzako ere, eta eragiten duen kutsadurak lurrean eta uretan irauteko gaitasun handia du, biodibertsitatea murriztuz eta elikadura kateraino iritsiz.

Dagoeneko asko dira glifosatoa mugatu edota debekatu duten herrialde, eskualde eta hiriak. Txingudiko Zerbitzuakek dagoeneko ez du erabiltzen. Eta Hondarribia zerrendako hurrengoa izatea nahi du Abotsanitzek, eta horretarako mozioa aurkeztu du, ekaineko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Mozioak, inguruko herrialdeetan erabiltzen ari diren beste aukera batzuk jasotzen ditu, bai ekologikoak, bai kimikoak. Horrekin batera, bozkatzeko bost puntu jasotzen ditu mozioak:

  1. Hondarribiko Udalak ez du glifosatoa osagai duen produkturik erabiliko herriko belardi, parke eta lorategietan.
  2. Hondarribiko Udalak azpikontratatutako lorezaintza enpresari glifosatoa osagai duen produkturik ez erabiltzeko eskatuko dio.
  3. Hondarribiko Udalak herriko nekazariei glifosatoa osagai duen produkturik ez erabiltzeko eskatuko die.
  4. Europako Batasuneko legedia errespetatuz, udal araudi bat egingo da osagai hori duen produkturik erabili behar duen edonork legedia errespetatu dezan eta kutsadura kalteak herritarrek ez ditzaten pairatu.
  5. Informazio kanpaina egingo da hondarribiar orok ezagutza izan dezan bitarteko ekologikoak egokiagoak direla beti gure ingurune, osasun eta biodibertsitatearen ikuspegitik.

Etiquetas: