Irungo Hezkuntza Plazara Ekimenak Ekitaldia antolatu du Irunen larunbaterako eta bertan aurkeztuko ditu diagnostikoaren ondorioak

Ekainak 12 kartela

Irungo Hezkuntza Plazara Ekimena.- Alkateari, udaleko ordezkariei eta alderdi politikoei aurkeztu dizkiegu jadanik.

Kurtso osoan zehar eskolen artean sare zabal bat eraikitzen aritu gara eta gero eta gehiago gara Hezkuntza Plazara ekimeneko partaideak. Irungo eskola askotako irakasle, guraso, ikasle, jangelako begirale eta langile ugari bildu gara ekimen honen baitan.

Gure azken iniziatiba Irungo Hezkuntza Komunitatearen diagnostikoa osatzea izan da. Apirilean galdetegi bat zabaldu genuen eskolaz eskola eta ia mila pertsonek (924) erantzun zuten galdetegia. Gure ustez parte hartzea esanguratsua izan da eta hezkuntza komunitatearen inplikazioa eskertu nahi dugu.

Aldi berean, astelehen honetan, irungo udaleko bozeramaileen bileran diagnostikoa aurkeztu genion alkate jaunari, hezkuntza arloko arduradunei eta udal alderdi politiko guztietako ordezkariei. Bilera horretan gure ekimeneko 5 kidek parte hartu zuten eta udalarekin lehenbiziko kontaktu gisa planteatu dugu bilera. Esan beharra dago, gure ekimena positiboki baloratua izan dela oro har eta diagnostikoaren ondorioak aztertzeko konpromisoa hartu dutela guztiek. Epe motzean urrats berriak emateko aukera izango dela espero dugu. Beharra behintzat nabarmena da eta datorren kurtsorako egiten ari diren aurre-ikuspenak larrituta gauzkate.

IRUNGO HEZKUNTZA PLAZARA DIAGNOSTIKOAREN ONDORIOAK

Irungo Hezkuntza Plazara Irungo hezkuntza-komunitateko kidego ezberdinek osatutako ekimena da (bai familiek, bai langileek, bai irakasleek, bai beste hainbestek, osatutako komunitatea, hain zuzen).

2020-2021 ikasturtearen hasieran, Euskal Herrian sortutako ekimena osatu genuen, helburu izanik, hezkuntza-komunitatearen kezkak eta aldarrikapenak identifikatu eta plazara ateratzea, eta egoera hobetzeko bide berriak eraikitzea.

Xede horietara iristeko asmoz, 2020-2021 ikasturtean zehar, elkarlanean aritu gara: 2021eko maiatzean Irungo hezkuntza-komunitate osoan errealitatearen azterketa bat burutu dugu eta hainbat ondorio atera ditugu (ikus estekan diagnosiaren txosten osoa).

Atera dugun ondoriovetako bat izan da 20-21 ¡ikasturtean familia eta langileen gainean jarri den ardura handiegia izan dela. Kurtso hasieratik, hezkuntza-komunitateak ezinegon eta bakardade handia sentitu du administrazioaren aldetik egon den ezjakintasun eta planifikazio faltagatik. Ikasturtean zehar hartutako neurriak ez dira egokitu ikastetxe bakoitzeko errealitatera, ez eta haur eta nerabeen osasun fisiko eta emozionala zaintzeko beharretara ere. Hori dela-eta, eskatzen da ikasleen eta familien eskubideak bermatzen dituen kontziliazio eredu berria. Benetako kontziliazioa ahalbidetzen duten zerbitzuak egokitzea, besteak beste.

Baliabideei dagokienez, kurtsoan zehar ez da izan bitarteko nahikorik: ez pertsonal, ez material, ez digital aldetikorik. Administrazioari dagokionez, berriz, Irungo ikastetxeetako azpiegiturak ez dira tokian tokiko beharretara eta errealitatera egokitzen: gela txikiegiak, ikasle askorentzat; patio estalirik ez; espazio txiki eta zaharkituak orokorrean. Gainera, 20-21 ikasturtean udaletxeak tokian tokiko arazoen aurrean hartu dituen neurriak eskasak eta aurreikuspenik gabekoak izan dira, eta kasu askotan guraso-elkarteen presio lanari esker bideratu dira. Zalantzarik gabe, azpiegituren berrantolaketa eta espazio berriak sortzeko premia berebizikoa da: udal-instalazioak hezkuntzaren eskura jarriz, esaterako. Bestalde, irakaslego eta ikastetxeei dagokienez, baliabideen erabileraren inguruan hausnartu beharra dago, eta irakaslegoaren prestakuntza orokorrean eguneratu behar da. IKT eta teknologia berriei dagokienez, behinik behin.

Azkenik, egungo eta etorkizuneko hezkuntza sistema helburu dugula, identifikatu da hainbat alderdi garrantzitsuren gabezia eta behar handia: ikasle guztien inklusioa; eskolaren txertaketa auzoan eta naturan; ratioen jaitsiera eta kontratazioen areagotze eta egonkortzea; familien eta ikastetxeen arteko komunikazioa hobetzea eta Irungo gaur egungo errealitatean, euskararen erabilera sustatzea.

Hemendik aurrera, ondorio hauek zabaldu eta administrazioarekin partekatzeko momentua izango da. Horretarako, egoera zein den plazaratzeko, ekainaren 12an, arratsaldeko 18:00etan, San Juan plazan elkartuko gara beste behin, Irungo Hezkuntza komunitateko ikasle, familia eta langileak, bertan burutuko den ekitaldi ireki eta xumean.

ANIMA ZAITEZ!

Erlazionatutako berria: Irungo Hezkuntza Plazara Ekimenak. Ekitaldia antolatu du Irunen ekainaren 12an

Diagnostikoaren ondoriak.cleaned.jpg

Etiquetas: