Emeki Elkartea.- Emeki Elkarteak eta Hondarribiko Udalak antolatutako VI Emakumezkoen Pala txapelketaren 2.jardunaldia HUNKIGARRIA izan da.
Txapelketa ohiko orduan hasi da, 11:00etan. Izaskunek (Hondarribia) eta Naroak (Irun), Zuraide (Irun) eta Ekiñe (Hondarribia) bikotearen aurka jokatu dute. Zuraide eta Ekiñe txapelketako bikoterik gazteena da eta gaur estreinatu dira frontoian aurrenekoz. Nabari da astean zehar gogor ibili direla entrenatzen, azken unera arte indartsu aritu baitira, baina gaurkoan ez dute Izaskun eta Naroa bikotea garaitu. Partida 15-7 amaitu da.
2.partidan Edurnek (Hondarribia) eta Idoiak (Hendaia), Xuxuna (Irun) eta Aloña (Oiartzun) bikotearen aurka jokatu dute. Xuxunak bikotekide berria du, hasiera batean Agurtzanerekin (Irun) eman zuen izena txapelketan, baina lesio baten ondorioz, oraingoz ezingo du parte hartu. Emekiren izenean besarkada handi bat, Agurtzane! Edurne eta Idoia bikotea gaurkoan ere frontoian bikain koordinatu dira, Xuxunak eta Aloñak hainbat saiakera egin duten arren ezin izan dituzte garaitu eta partida 15-4 amaitu da.
3.partida. Azken partidan Garbiñe (Hernani) eta Alaitz (Azpeitia), Amaia (Andoain) eta Edurne (Zizurkil) bikotearen aurka aritu dira. Iazko txapelketan Garbiñek eta Amaiak bikote bezala hartu zuten parte eta finalera iritsi ziren, eta podiumean bigarren gelditu. Edurne ere iazko txapelketan aritu zen eta podiumean, bere bikotearekin, hirugarren gelditu zen. Aurten ere txapelaren bila etorri dira bikotekide berriekin. Azken partidan tantoak lortzeko jokalariek dena eman dute, baita lurrera bota ere! Azkenean Garbiñe eta Alaitz bikotea garaile izan da. Partida 15-9 amaitu da. Garbiñe Hernaniko Pilota Eskolako entrenatzailea da eta bere laguntza ezinbestekoa izan da Emekirentzat txapelketaren antolaketan.
Eskerrik asko frontoira bertaratu zareten guztiei!
Maiatzaren 22an 3.Jardunaldia Soroetako Frontoian 11:00etan
Erlazionatutako berria: Emeki Elkarteak antolatutako Emakumezkoen VI. Pala Txapelketaren 1. jardunaldia
- Egutegia
- 339 irakurketak
- Castellano