Irunen ere burgesiaren ofentsiba gelditu! oihukatu zen

Atzo larunbatean, GKSk deituta, 100 lagun Irungo San Juan plazan bildu ziren burgesiaren ofentsiba gelditu dadin eskatzeko.

Mobilizazioan "osasun-hondamendia eta askatasunen ezabapenak" salatu zen. "Osasun-hondamendi" baten aurrean gaudela dio GKSk; seinalatu du "Frantziako nahiz Espainiako estatu kapitalistek eta politikari profesionalek" ez dutela gaitasunik "pandemia kontrolpean edukitzeko" eta, gainera, bankari eta enpresaburuek "negozioa egin dezaketen heinean soilik inbertitzen dutela". "Irabazirik sortzen ez dion gasturik egitekotan, nahiago dute puntako armagintza handitzea eta polizia-baliabideak indartzea", adierazi zuten GKSko kideek: "Neurri horiekin, gizartea birusetik babestu baino, badirudi enpresaburuek beren ordena soziala proletariotzaren balizko erantzunetatik babestu nahi dutela".

Bestalde, politikari profesionalek "askatasun zibil eta politikoak ezabatu dizkigutela" eta horrek "aurrekari politiko zein juridiko arriskutsuak" ezar ditzakeela ohartarazi zuten. "Kriminalizazioaren, errepresioaren eta askatasunen ezabapenen bitartez egin nahi diote aurre pandemiari", ondorioztatu zuten.

"Erakunde komunista" aldarrikatu zuten, eta "langileen kontrolpean dagoen Estatu sozialista" aldarrikatu zuten, "Osasuna lehentasun gisa ezartzen duen eta oinarrizko eskubideak eta askatasunak bermatzen dituen agertoki bakarra" delako.

Atzo Irunen egin zen mobilizazioa GKS "Osasun hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu" lemapean Euskal Herriko hainbat auzo eta hiritan egiten ari den kanpainaren barruan kokatzen da.

Etiquetas: