Hondarribiko udal eraikinen garbitzaileen borrokan mugarri berri bat

imagen

Hondarribiko garbitzaile grebalariak.- Izotz geruzaren azpian, urak bidexkak egiten ditu eta erreka txikiak sortu. Udal eraikinen garbitzaileon azken hilabetea horrelakoa izan da. Nahiz eta ezer ez zela gertatzen iruditu, bazeuden mugimenduak.

Urriak 27an Gobernu taldeak osoko bilkuran ISS enpresari urte betez luzatu zioten kontratua. Protestak eta mozioak bitarteko, urriak 28an enpresaren ordezkariak eta langileon ordezkariok alkatearen proposamena jaso genuen.

Ordutik hona bilera ezberdinak eduki ditugu.

Bildu gara 3 alderdiok mahai baten bueltan, eduki dugu bitartekari bezala Gizarte Segurantza eta Lan saileko ordezkaria, protestatu dugu ISS enpresak Barakaldon duen egoitzaren aurrean, zerbitzu minimoak gurekin negoziatu gabe eta era abusiboan aplikatzeagatik demandatu dugu enpresa...

Eta gaur eman da azken kasu honengatik epaiketa.

Gaurko datara ez iristea zen gure asmoa, baina ikusirik negoziaketak blokeatuta jarraitzen duela, aurrera egin dugu.

Batez ere 3 puntuk dute blokeatuta balizko akordioa:

  • Hasiera batetik, langileon eros ahalmenaren ez galtzea jarri dugu baldintza moduan. Proposamen ekonomikoa jaso ondoren, eros ahalmenik ez galtzeko konpromezua jasotzen genuen. Beraz, Hitzarmenaren indarraldian jasotako igoerak, epe horretan emandako KPI igoerekin alderatuko genituzke, eta ezberdintasunik egongo balitz, horiek ordaintzeaz gain, ezberdintasun hori tauletan joan behar dugula irizten dugu. Enpresak aldiz, balizko ezberdintasun hori ordaindu bai baina kontsolidatu ez. Guretzat hori tranpa da, ez bait du eros ahalmena bermatzen.
  • Jardunaldi partzialetan (gehiengoa langileon artean), kontratu portzentaia ez jeisteko konpromezua. Enpresak honi ezetz esaten dio! Izan ere, bere esanetan, bere negozio margena honetan mugitzen bait da. Hau da, kontratatuak dauzkan baldintzak ez betetzeak ematen dizkio mozkinak.
  • Lan kargen berrikusketa bat. Kanpoko enpresa baten bitartez, langileon ordezkaritza eta enpresaren ordezkaritza presente egonik, egun egiten diren lanen berrikusketa bat egin. Lan postuen artean dauden desberdintasunak identifikatu eta horiek orekatzeko. Honi ere enpresak ezetz esaten dio. Nonbait, behin akordioa lortuta, horrelako gauzak lotu ditzakegula esaten digu. Guk argi esan diegu, ISS-rekin aspaldi ikasi genuela hitzak ez duela balio, sinatutakoak bakarrik. Beraz, sinatu ondorenerako ez dugu ezer utziko.

Epealdi berean, Hondarribiko polikiroldegian negoziaketa bat aurrera eraman dugu, baita akordioa itxi ere.... 3 puntutatik bi barneratuaz. Enpresak modu natural batean onartu zuen Hitzarmenaren indarraldi amaieran KPIekin alderaketa egin ondoren taulen eguneratzearekin, baita ere jardunaldi partzialak errespetatzea ere onartu zuen eta horiek bermatzeko klausula bat sartzearekin. Herri berean, momentu berean, negoziaketa antzekoak, emaitza desberdinak, momentuz. Nola da posible enpresa batek naturaltzat ulertzen duena, beste enpresa batek onartu nahi ez izatea? Bakoitzak atera ditzala bere konklusioak.

Gaurko epaiketa, zerbitzu minimoen aplikazioan enpresak Eusko Jaurlaritzaren dekretua ez zuelako bete izan da. Beste demanda bat ere prest dugu grebalarion ordezkapen irregularra egiteagatik. Ordezkapena egitea zegokien langileei lana ukatu zieten, grebalariak zirela esanaz. Eta ordezkapen zerrenda saltatuz, kanpotik greba jarraitzen ez zuten langile batzuk ekarri zituzten.

Horrela grebaren eragina murriztearekin batera, eskubide urraketa ikaragarria eman delarik. Oinarrizko eskubideen urraketa bat.

Grebak bere hortan dirau. Borrokan jarraituko dugu akordio pn bat lortu arte, baina bestalde harriduraz ikusten dugu ISS enpresaren jarrera. Oso gertu gaude, baina azken pausua falta dugu.

Izotz geruza urtu nahi dugu akordio onaren beroarekin, lanera bueltatu eta atal hau behingoz itxi. Baina ez goaz edozein modutan ixtera, ez dugu gatazka guztian zehar borrokatu urertzean itotzeko, beraz argi duguna da gaur sinatu eta bihar lanera joan gaitezkeela, edo beste urte betez greban iraun.

Etiquetas: