Atzo, maiatzak 1, Kontseilu Sozialista Bidasoak ekitaldi politiko bat burutu zuen Moskun Langileon Eguna zela eta. Hona ekitaldian eginiko irakurketa eta argazkiak:
«Sozialismoa izan da askatasunaren bandera altxatu duen mugimendua aurreko bi mendeetan. Bere eskutik etorri dira gizatasunaren aldeko konkista nagusiak, askatasun politikoa eta soziala uztartzearen ondotik. Garapen tekniko eta ekonomikoak eskaintzen dituen aukerak denon ongizatearen zerbitzura jartzea aldarrikatzen du sozialismoak. Kontsigna horrek inoiz baino egunerokotasun handiagoa duela uste dugu, aurrez aipaturiko garapena inoizko handiena delako. Hori bai: azken mende amaieran sozialismoak porrot egin zuen, eta sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa bukatu gabe geratu zen. Sozialismoak porrot egin izanak ezin gaitu itsutu, eta ez zaigu komeni langile mugimenduaren historia zaborretara botatzea. Milioika militanteren lekukoa hartzeko eta iraganeko esperientzien kutsu emantzipatzailea berreskuratzeko balio beharko liguke gaurko egunak.
Egungo egoera ez da batere atsegina langileriarentzat. Krisialdi ekonomiko kronikoa bizitzen ari da egungo kapitalismoa, eta horren albo-kalteak pairatzen ari dena langileria da. Oinarrizkotzat geneuzkan askatasunak ezabatzen ari dira, eskubide ezak ezaugarritzen du lan mundua, geroz eta jende gehiago dago lanpostutik kanporatuta eta oinarrizko beharrizanak ase ezinik gabiltza. Egoera horren aurka ez du ezer ganorazkorik egiten ezker parlamentarioak, euren liberatu eta funtzionarioen soldatak defendatzea ez bada. Estatua eta Kapitala zuritzen dituzte euren pribilegioak babesten dituzten bitartean, eta proletalgoa engainatzen aritzen dira, ogi-apurrak baino ez diren txikikeriak garaipen handiak balira bezala salduta.
Gizatasuna berreskuratzeko eta ongizate unibertsalak ezaugarritutako historiaren aro berri batera jauzi egiteko baldintza, sozialismoaren eraikuntza da. Horretarako, beharrezkoa da langileok gure behar eta premia politikoen arabera jardutea eta etorkizunerako jendartea gaurdanik eraikitzen hastea. Politikarekiko atxikimendurik gabe eta norbere zilborrari soilik begiratuta ez dago egungo gauzen egoera aldatzerik. Gizatasunaren konkista handiak milioika pertsonaren konpromiso desinteresatuari esker lortu dira, eta klase dominatzailea ez dago ezer oparitzeko prest. Maiatzaren Lehena folklore hutsa izatetik eskubide kolektiboen aldeko borroka egun izatera pasatzea, gure zereginetako bat da. Langileria eta sozialismoa elkartu ezean, identitate soila bihurtzen da lehenengoa, eta utopia eginezin bat bigarrengoa. Kontseilu Sozialistetatik ekarpen bat egin nahi dugu norabide horretan, eta bakoitzaren gaitasun eta ahalmenak kontuan izanda, nork bere ekarpena
egiteko deia luzatzen dizuegu.»
- Egutegia
- 320 irakurketak
- Castellano