bidasoa.hitza.eus.- Negoziazioek ez dute aurrera egin eta apirilaren 29, maiatzak 4 eta 5ean greba egingo dute ELA Sindikatuaren babesarekin.
Udal garbitzaileek greba egingo dute apirilaren 29, maiatzak 4 eta 5ean, hitzarmena berrikusteko eskaeraren erantzunak blokeatuta jarraitzen baitu ELA Sindikatuak jakinarazi duenez. Era berean, soldata arrakala deuseztatzea eta kontratu partzialak osoak bilakatzea dira lortu nahi dituzten beste helburuak, eta oraingoz horiek betetzea urrun ikusten dute.
“Gure helburua garbiketa sektore maskulinizatuekin dagoen arrakala gainditzea da. Eta ez ditugu ontzat emango jarrera inmobilistak ezta “negazionistak” ere ez. Gu udaletxeko langile gara, hori ukatzen duenik badago ere. Udaletxeak azpikontratatu gaitu gure baldintzak prekarizatzeko”.
Azken berriak martxoaren 30ean ISS enpresarekin egindako bilera batean jaso zituztela dio sindikatuak, eta enpresak arduraduna aldatu zuela argudiatu zien negoziaketak gelditze aldera, Xabier Etxaniz ELA Sindikatuko ordezkariaren arabera.
Hirugarren bilera bat izan zuten eta eskakizunak ez entzutearen aldeko jarrera berdinak jarraitu zuela deitoratu dute. “Ez zutela egoera blokeatzen, hitz egiteko prest daudela baina ez digutela edukietatik eskatutako ezer emango esan ziguten. Ez gara hasiko alperrik biltzen edukirik gabeko mahaietan. Gure aldarrikapenak argi daude eta garbi dugu nora joan nahi dugun”.
Bestalde, udalak argi esan zien enpresarekin konpondu beharreko afera dela, baina atzo berriz batzartu ziren udal ordezkariekin. Udalak haur eskola batean 47 ordu ordaintzen dituela jakin duela azaldu du Etxanizek, eskola horretako enpresak 44 orduko zerbitzua eskaintzen duela kontuan izanda. “Hori mahai gainean jarri genien partzialtasunetik osotasunerako urratsa eman dezaten, eta horrek antolakuntza arazoak sortzen zituela argudiatu ziguten”.
Udaletxeko langileak direnez, lizentziak eta baimenak beste udal langileekiko berdintzea nahi dute ere. Beraz, udalak eskakizunei erreparatzea eta haien edukiak lantzea eskatu dute. “Udaletxeko lizentzia eta baimenak udal garbitzaileei aplikatzea eskatzen dugu”.
Orain arte ostegunero udaletxe parean elkartzen egon dira haien eskakizunei kasu egiteko eskatuz. Aldiz, hilaren bukaeratik aurrera hainbat greba egun egingo dituzte eta mobilizatzera deitu dituzte herritarrak.
Greba egunak eta mobilizazioak
Apirilak 10: 12:30ean elkarretaratze zaratatsua San Pedro kalean.
Apirilak 29: greba eguna. 11:30ean manifestazioa hasiko da.
Maiatzak 4: greba eguna eta manifestazioa.
Maiatzak 5: greba eguna eta ekitaldia Gipuzkoako garbitzaileen babesarekin.
- Egutegia
- 251 irakurketak
- Castellano