Alarde Parekidearen Juntaren balorazioa. 2022ko Alardea

Irungo Alardea 2022

Alarde Berdinaren Batzordea.- Pandemiarengatik bi urtez Alarderik gabe egon eta gero, segur aski aurten aspaldi honetako Alarderik zirraragarriena egin dugu.

Izan ere, topaketa hitzaren esanahia inoiz baino esanguratsuagoa izan zaigu, inoiz baino mamitsuagoa. Pandemiak eragindako galerek eta ondorio latzek jo dituzten kideak topatu ditugu berriro, eta alde egindakoen hutsak are gehiago nabaritu ditugu. Haien omenez eta oroimenez, beroagoak izan dira musuak eta besarkadak. Gure konpainiarekin eta gainerako konpainiekin berriro egin dugu topo; batzuetan hiru urtetan elkar ikusi gabe egon ondoren, Alardea berriro egiteko poza partekatu dugu. Alardea berriro egin dugu, egin dugunez: urtetik urtera hazten eta handitzen den Alardea, geldiezina, gaurgero ezikusiari eta presioei amore egiten ez diena.

Hain zuzen ere, behartutako geldialdiaren ondotik inoiz baino Alarde jendetsuagoa egin dugu. Aurten ia bi mila lagunek argi eta garbi esan dute parte hartu nahi dutela denok maite dugun aparteko ekitaldi hunkigarri honetan, gure herri-nortasunaren autoafirmazio errito nagusia da eta. Eskerrik asko aurten lehen aldiz batu zaizkigun guztiei, bai eta 25 urte honetan Alarde hau babestu eta lagundu dutenei ere.

Eskerrik asko, baita ere, agintariarena egin duten emakume eta gizon batzuetan gazte-gazteei, ekainaren 30ean sekulako Alarderik onena egiteko ardura beren gain hartzen baitute, ilusioz eta bozkarioz hartu ere.

Eskerrak eman nahi dizkiegu espaloietan zain genituen ehunka gizon-emakumeei, txaloka eta bibaka, kemenez eta adorez zain, bereziki aurten, euripean.

Esker mila Emakunderi eta Foru Aldundiari, ekonomikoki ahalbidetzen baitute Alardea. Bai eta erakundeen ordezkariei eta alderdi politikoei ere (lehen aldiz, PPkoak ez beste guztietako ordezkariak izan ditugu), gure Alardea Udaletxeko balkoitik abegi onez eta elkartasunez hartu dute eta; bide batez, Jose Antonio Santano alkatearen ezezko jarrera are barregarriago geratu da, eta gero eta itsusiago da herritarren zati inportante bati bizkar ematea.

Eskerrik asko guzti-guztiei; zuen atxikimendu eta konpromisoak lehengo helburua betetzen jarraitzera garamatza: irundar guztiak batzeko eta bateratzeko gai den Alarde bat egitea.

Azkenik, ez dago ukatzerik ehunka eta ehunka direla Alardean barrenetik parte hartu nahi duten emakumeak, eta beraz egunetik egunera beharrezkoagoa da gure hiriak Udal Alardea berreskuratzea. Udalak antolatutako Alardea mendetako tradizioa da, eta berriro berak antolatzea nahitaezkoa dela uste dugu, Udalak berma dezan Alarde bateragarri bat, bizi garen garaietara egokitua, bazterkeriarik gabekoa, gure hiriaz, gure tradizioez eta gure jaiez harro sentiaraziko gaituena.

Etiquetas: