EH Bildu.- Osasun sistema publikoa izan da EH Bilduk Bidasoa ospitalearen aurrean gaur egin duen agerraldiaren ardatza. Rebeka Ubera legebiltzarkidea, Oihana Briones Irungo zinegotzia, Xabier Isasi Hondarribikoa eta Ladis Satrustegi Lesakako alkatea izan dira agerraldian.
Rebeka Uberak gogorarazi duenez “EH Bildun urteak daramatzagu lehen arretan fokua jartzen, eta ez da azken bi urteotako pandemiaren eragina, aspalditik dugun lehentasun politikoa baizik. Orain, COVID-19ak agerian utzi ditu Osasun Sistema Publikoaren gabeziak, arreta guneak berrantolatzearen ezinbetekotsuna eta lehen arreta sendo bat gabe ezinezkoa dela Osasun Sistema indartsu bat izatea”.
Euskal osasungintzaren esparruan dauden gabezi estrukturalak eta horiei eman beharreko soluziobideak makina bat direla adierazi du Uberak eta Bidasoa ospitalea jarri du horren adibide: “EH Bildun urteak daramatzagu Bidasoa ospitalerako proposamen propio bat defendatzen, Bidasoaldeko ESIan mugaz-gaindiko ospitalea bideratzearen proposamena, hain zuzen ere. Dagoeneko, badago elkarlana Bortzirietako eskualdearekin eta Emergentziaketik Iparraldearekin”.
Hori esanda, Bidasoko ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko proposamena hizpide izan du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta gaia “kezkaz” jarraitu dutela jakinarazi du. “Lehen unetik, makina bat baitira horretarako arrazoiak: Osasun Sailari informazio eskariak egin genizkion Legebiltzarrean, baina horren aurrean ez dugu zehaztusun nahikorik jaso, Osakidetzako Zuzendariari bilera eskatu genion, oraindik ez dugu erantzunik jaso, obrak irauten duten tartean orain arteko jarduera bermatzeko Plan Funtzionalaren xehetasunak ere ez ditugu ezagutzen”.
Eraberritze proposamena Bidasoa ospitaleko langileekin adostu ez dela gogorarazi du Uberak “eta hori larria da”.
Horregatik, Rebeka Uberak eskaera argia egin du: “Legebiltzarrean Osasun Sailari eskatu diogun moduan, gaur hemen, Bidasoa ospitalearen atarian, Osakidetzak esleituta dituen Bidasoa ospitaleko bloke kirurgikoaren eraberritze obra ez hastea eskatzen dugu; ospitaleko bloke kirurgikoko osasun langileekin, eraberritze lanetan kontutan hartu beharreko irizpideak eta obra nola gauzatu adostu arte. Eta plataformak eskatu bezala, Osakidetzak, kaltetutako udalek eta ospitaleko profesionalek osatuko luketen mahaiari bide ematea eskatzen dugu”.
- Egutegia
- 254 irakurketak
- Castellano