Enpresarekin aurreakordio batera iritsita, hitzarmenaren negoziazioaren itxiera hurbilago dago CAFen

CAF Irun

LAB Sindikatua.- Langileek asteotan aurrera eramandako borrokari esker, zuzendaritzak eginiko azken proposamenean LABek aldarrikatutako hainbat neurri jasotzen dira. Datorren astean egingo dira lantegiko batzarrak eta horietan erabakiko du plantillak ea baiezkoa emango dion mahai gainean dagoen itunari.

Lehen balorazioa eginda, LAB sindikatuak nabarmendu du oinarrizko hainbat gaitan Zuzendaritzaren jarrera intransigentea mugitzea lortu duela. Azken proposamen honek eduki zabala eta askotarikoa du, eta, zalantzarik gabe, CAFeko langileek azken asteetan aurrera eraman duten borrokaren emaitza da.

Enpleguari dagokionez, zuzeneko eskulaneko kontratazio ugari lortu dituzte, eta horrekin Euskal Herriko lantegietako enpleguaren egonkortasuna bultzatu dute. LABek lan-ikuskaritzan jarri zuen salaketaren eta horren aldeko epaiaren ondorioz etorri da neurri hau; izan ere, CAFek sistematikoki ia kontratu guztiak mugagabeak egiten zituen jada.

Planta nagusietako enpleguaren aldeko apustuaren ildo berean, LABek adierazgarritzat jotzen du 9 milioi euroko inbertsio-konpromisoa erdietsi izana proba-nabe berri baterako. Beasaingo altzairugintza-gunean kokatuko da, eta lanak 2014an hasi eta 2025ean amaitzea aurreikusten da.

Beste alde batetik, mugimenduak jasotzen dira langile beteranoen erretiroan, lizentzien eta, oro har, lanbaldintzen inguruan.

Tituludun mila langile baino gehiagorentzako lanaldi-murrizketa 20 ordukoa izango da, eta honekin urrats garrantzitsua emango da gainerako langileek duten 1592,5 orduko lanaldira iristeko. Lan ikuskaritzak LABi arrazola eman zion beste gaietako bat da tituludunentzako aparteko orduei buruzko araudiaren aplikazioa, baina enpresak oraindik ez du garatu. Bi neurri horien baturak eragin nabarmena izango du kolektibo horren egunerokoan.

CAFek Castejonen duen lantegiaren gaian berriz, enpresaren jarrerak mugiezina zirudien, eta gaur urrats garrantzitsua eman da atal honetan; izan ere, itun propioa garatzeko konpromisoa jasotzen da, eta horretarako, zuzendaritzak gutxieneko batzuk onartuko lituzke prozesua abiatu aurregik (hitzaremak iraun bitartean lanorduak 20 orduz gutxitzea eta ekoizpenerako azpikontratatutako langilerik ez egotea Castejongo lantegian).

Besteen lan bera egiten duten eta era susmagarrian azpikontratatuta dauden langileak CAFen barneratzea funtsezkoa da LABentzat, eta hori da proposamen honetan idatziz aipatzen ez den oinarrizko gai bakarra. LAB ziur dago laster beste bide batzuetatik aurrera egin ahal izango dutela honetan ere.

Afiliazioaren hurrengo batzarrean, datorren asteazkenean, hilak 6, planteamendu honen alde onak eta txarrak aztertuko ditu LABek, eta afiliazioaren parte-hartzearekin sindikatuaren behin betiko jarrera zehaztuko du.

Hurrengo asteartean, abenduaren 12an, lantegiko batzarrak egingo dira, hitzarmena berritzeko proposamena bozkatzeko.

Etiquetas: