Labore Txingudi eta Hendaikoop kontsumo elkarteek Bidasoa Txingudiko Elikagaiak erakusketa ibiltaria martxan jarri dugu eta maiatzetik urrira bitarte Irun, Hendaia eta Hondarribian ikusgai egongo da. Lehen erakusketa, Irungo Palmera Montero gunean zabalik egongo da maiatzaren 15etik 27ra.
Erakusketa honek eredu agroekologikoan oinarritzen diren tokiko ekoizpen eta kontsumo aukerak balioan jarri nahi ditu, ingurumenarekiko, pertsonekiko eta ekonomiarekiko jasangarria den eredua. 8 paneletan zehar nekazaritza eredu honen balioak azalduz gure eskualdean, Bidasoa ibaiaren bi ertzetan aurkitu ditzakegun aniztasun, aukera eta erronkak ezagutzeko ibilbidea proposatzen da.
Helburu pedagogikoa duen erakusketa honetan bitxikeria anitz aurkituko dugu. Haur eta familientzako ezezik, kmO ideia edo filosofiaren atzean dagoen esanahia ulertu nahi duen ororentzat zuzenduta dago erakusketa hau. Paneletan aurkituko dugun hizkuntza nagusia euskara bada ere, QR kodeen bidez testuak gazteleraz zein frantsesez jarraitzeko aukera egongo da hizkuntza ezberdinetako hiztunek ulertzeko aukera izan dezan.
Askorentzat, agroekologia hitz potoloa eta ulergaitza bada ere, prozesu ekologikoak oinarri dituen nekazal ekoizpen sistema edo praktika da. Ingurumen ikuspegi soiletik harago, tokiko ezaugarri soziokulturalak, ekonomikoak eta teknikoak barne hartzen ditu. Ezagutza eta praktika tradizionala oinarri, sistematizatu eta oinarri zientifikodun ezagutza metodologikoan bilakatzen du. Ikuspegi holistikoa edo osoa duen ingurumenarekiko jasangarria, ekonomikoki efizientea eta gizartearekiko bidezkoa den nekazaritza eredua, alegia. Elikagaiak sortu eta kontsumitzeko ikuspegi arduratsu honetatik edaten dugu, erakusketa honen antolakuntzaren atzean gauden elkarteak, Labore Txingudi eta Hendaiakoop.
Eskualdeko elikagaietatik abiatuz km0O ideiaren atzean dagoen esanahia aletzen saiatzen da erakusketa hau. Distantzia ezezik, tokikotasunari lotutako bioaniztasuna, sasoiaren garrantzia, lurrarekiko errespetua eta prozesu hori posible egiten duten tokiko eragileen susperketa ekonomikoa barne hartzen ditu, izenez motza baina adieraz zabala den kontzeptua.
Erakusketa hau, Gipuzkoako Aldundia eta Pirinio Atlantikoen departamentuaren arteko mugaz gaindiko Ideiak 2022 diru laguntza lerroari esker garatzen ari gara bai eta proiektu hau aukeratua izan zedin gure proposamenaren alde bozkatu zuten herritarrei esker. Erakusketa ez ezik, proiektu honen baitan eskualdeko ¡kastetxeetan lehen hezkuntzako azken zikloan dauden ¡kasleekin saioak burutuko ditugu eta sortutako materialak ikastetxe eta irakasleen esku utziko dira gaia nahieran lantzeko aukera izan dezaten.
Amaitzeko, Erakusketa ibiltari honen datak ezberdinak ezagutzera eman nahi ditugu: gaurtik hasita eta maiatzaren 27ra bitarte Irungo Palmera Montero gunean ikusgai egongo da, tokiaren ohiko arreta ordutegian. Ekainaren bigarren hamabostaldian, ekainaren 20tik, uztailaren la bitarte, Hendaiako Mediatekaren txanda izango da. Udako oporren ostean, irailean, hilabetearen hondarrean eta ¡kasturtearen martxa hasita egongo delarik Hondarribiko Arma Plazak hartuko du erakusketaren testigua.
- Egutegia
- 48 irakurketak
- Castellano