2 egun eskas LoverDose festibalerako

paf 2023

LoverDose Festibala: “maitasuna eta patriarkatua” heldu den asteburuan iraganen da, maiatzaren 19tik 21era eta denak hunkitzen gaituen gai bat izanen du hizpide: maitasuna eta harreman afektiboak jendarte patriarkalean.

Kasu, txarteldegia asteazkenean itxiko da 23:59tan! Izen emateak hemen: paf-feminista.com

Oroitarazi nahi genuke LoverDose zer den:

  • 20 bat ekitaldi: mahain-inguruak, tailerrak, bertso saioa, performantzeak, kabareta, argazki erakusketa, kontzertuak, informaziorako guneak, proiekzioak etab.
  • Baionako 15 txokotan: Festibala Baionako leku ezberdinetan iraganen da: Baionako antzokian, gaztetxean, Planning Familial elkargunean, Txalaparta-n, Epaiska-n, Biltxoko-n, Napoléon gelan, Züzülü-n, Manu Roblez Arangiz Fundazioan, Patxoki-n, Etorkinekin-Diakite elkartearen gunean, Leo Lagrange gunean,Oilaskoak peñan, Korail ostatuan eta Patxondo-n.
  • 100 laguntzaile inguru: Festibala gauzatu ahal izateko ehun laguntzaile inguru izanen ditugu, borondatez izena eman dutenak. PAF! elkartea egitura militantea da eta bere kideen militantziari esker martxan da, ez du soldatapeko langilerik.
    Laguntzaileendako deiak ukan duen harrerak erakusten digu elkarlanerako grina eta gaiarekiko interesa badela. Festibala kolektiboki gauzatuko da eta bereziki horrekharro sentiarazten gaitu.
  • 1.000 izen emate baino gehiago: Egun, 1000tik gora dira festibalaren ekintzetan izena eman duten pertsonak. Zinez, ez genuen hain erantzun beroa espero.
  • 13 ekitaldi dagoeneko beteak dira, festibala hasi aitzin! Ostiraleko eta igandeko lekuak 24 oren baino gutxiagoz bete dira.

    • Ostirala betea da
    • Larunbata ia betea da
    • Eta igandea ere bete-betea!

    Kontent gara pario hori egin izanaz, izen emate garaian eta laguntzaileen partetik jaso dugun erantzunak baieztatzen digu sentitzen genuena: bada beharra feminismoaren ikuspegitik eta kolektiboki maitasunaren eta harreman afektiboen inguruan hausnartzeko.

  • Antzokia: erdia baino gehiago beterik : Hizlari ezagunak gonbidaturik eta gaiek pizten zuten interesa ikusirik, mahain inguruetarako hitzordua leku handiago batera bideratzeko erabakia hartu genuen: Baionako antzokia. Izan ere, ahalik eta publiko zabalena hunkitu nahi genuke.

    Hala, ekitaldiak ahalik eta anitzenak izan zitezen saiatu gara, besteak beste, leku eta formatu ezberdinak bideratuz. Gai horiez hausnartzeko orduan, denok gure lekua atzematea dugu helburutzat harturik, bistan da, ongi-nahia, zaintza eta ahizpatasuna bermatuz. Txartelak prezio librean eskaini izana ere zentzu horretan hartutako erabakia izan da.

    Oroitarazteko, hona maiatzaren 20an, larunbatarekin, mahain inguruetan landuko diren gaiak:
    • “Bikotea sistema heteropatriarkalean: nola eta zendako uztartzen dira menpekotasun-harreman ezberdinak?” Céline Bessière, Mari Luz Esteban, Christelle Murhula eta Elisa Rojasekin.
    • “Zein dira alternatibak gure harreman afektiboentzat bikote heteronormatibotik at?” Rachele Borghi, Irantzu Varela eta Tal Madestarekin.

    Xantza handia dugu gaian adituak/arituak diren pertsona ezagunak izanen ditugulako gurekin.

    Mahai inguruei buruzko zehaztapenak prentsa txostenean dituzue.

    Kazetari gisa lekua nahi baduzue, idatzi lasai eta atxikiko dizuegu tokia.

  • Leku zenbait gelditzen dira euskarazko tailerretan: Festibala muntatzeko orduan argi genuen euskara hutsezko denboraldiak eskaini nahi genituela. Hautu politiko bat izan da, euskaldunok ere gure hizkuntzatik hausnartzeko aukera izateko. Leku zenbait gelditzen dira ondoko tailerretan:
    • (Ez)amatasunak: Nola askatu (ez-)amatasunaren esperientziak arau heteriopatriarkaletik? Tailer honetan galdera horren erantzunetan sakonduko dugu, egungo imajinario kolektiboa inarrosiz eta irudi konstelazio berrietara helduz. Hori guztia ikuspegi feministatik, nola ez.
    • “Hariak, jostorratzak eta zauriak” helduentzako ipuinak: Ikuskizuna osatzen duten helduentzako ipuinek, hartu-emanen hariak dituzte bizkarrezur. Ahozko narrazio saio honetan, entzunez, irudikatuz eta gozatuz, hausnartzeko tartea josiko dugu. Tailerren ordutegian izanik, bukaeran solasaldi txiki bat egiteko gonbitea luzatuko dizuet. Betiere, ipuinetan oinarriturik. Zine-foro baten tankerako ipuin-foro bat. Animatzen?
    • “Maitasuna eta afektua disidentzia ezgaitutik”: Monogamia eta maitasun erromantikoaren gain eraikitako harreman ereduek ezgaitasuna bazterretan uzten dute. Hortaz, tailer honetan gogoeta egin nahi da harremanak eraikitzeko dugun eraren inguruan eta horrek ezgaituak garen pertsonen bizitzan duen eraginaren inguruan. Nola eraiki maitasuna eta afektua disidentzia ezgaitutik?

  • Gazteen arteko tailerra: harremanei eta sexualitateari buruzko estereotipoen deseraikitzea:
  • Sexualitateari lotuta jaso ditugun ideien deseraikitzeko tailerra. Horiek gure pentsatzeko manera, eta bizia oro har, nola baldintzatzen duten ulertzeko. Gazteek haien sexualitatean jokatzen ahal duten errola lantzeko, norbere pertsonalitateari jarraituz, generoari jarraitu ordez.

Abisuai: interesa dutenei gomendatzen diegu laster ematea izena. Txarteldegia asteazken gauean 23:59tan itxiko dugu!

Etiquetas: