Abotsanitzen erantzuna, EAJ-PNVri HAPOaren aferan

Hondarribia Abotsanitz.- Azken egunotan, hainbat hedabidetan EAJ-PNVren adierazpenak ikusi izan ditugu, azken lau hilabeteetan Abotsanitzek Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari dagokion kudeaketa kritikatuz. Zehazgabetasuna, erabakirik ez hartzea edota prozesua nahita luzatzea egozten digute.

Bada, argitu behar dugu gaur egun Hondarribiak HAPOrik ez badu, EAJ-PNVren erantzukizun esklusibo eta bakarra dela. Eta honako hau adierazi nahi dugu:

  • EAJ-PNVk gehiengo absolutuarekin gobernatu duela hainbat hamarkadetan zehar. Beraz, urte asko eduki ditu zentzuzko Plan Orokor bat egiteko.
  • EAJ-PNVren erantzukizuna da azken HAPO -beraien botoekin bakarrik onartua eta oposizioak ohartarazi arren- epaitegiek baliogabetu izana, Hondarribiar guztion poltsikotik ordaindu behar izan genuen kostu ekonomikoa ahaztu gabe. Gaurdaino, EAJ-PNVren aurreko gobernu-taldeko kide batek ere ez du bere gain hartu baliogabetze horren ardura.
  • Kontuan hartu behar dugu, gaur egun lantzen ari garen planaren oinarria EAJ-PNVren botoekin bakarrik onartu zela berriro ere, presaka eta korrika egindakoa hauteskundeak baino egun batzuk lehenago, honela zetorren udal berria hipotekatuz.
  • Bestalde, adierazi behar dugu beti egon garela Zubietako proiektuaren alde, baina eskualde ikuspegi batetik, Irunekin batera jorratzeko asmoz. Zergatik orain arte EAJ-PNVk ez du Zubieta martxan jarri? Zergatik, nahiz eta lau urtean behin proiektu garrantzitsutzat jo arren?
  • Abotsanitzek Hondarribitik eta Hondarribiarentzat lan egiten du. Talde independente bakarra gara, goi mailako egiturei loturik ez dagoena eta Hondarribitarren interesen alde esklusiboki lan egiten duena.
  • Abotsanitzek, beti bezala, gardentasunez, patxadaz eta egia aurretik duela erantzuten du. Harro gaude azken hilabeteotan egindako lanaz. Agerian geratzen ari da herritarren parte-hartzea bultzatzea eta eztabaida, gure DNA politikoaren parte direla. Prozesu berri honetan parte hartu duten ehunka pertsona horren lekuko dira.
  • Azken finean, udaletxean daramatzagun lau hilabete eskasetan ezin zaigu guztiaren arduradun egin. EAJ-PNVri eskatzen diogu eztabaida ez infantilizatzeko eta maila politikoa erakusteko. Berriro diogu, gai honen erantzukizun osoa EAJ-PNVrena eta haren ondarearena dela.

Etiquetas: