Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IX. Txapelketa

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IX Txapelketa

Irunen izanen da txapelketa, martxoaren 2an. 2007tik 2014ra artean Luma aldizkariak antolatu zuen, zortzigarren edizioan eten zutelarik dinamika. Hitz-gurutzatuetan espezializatutako Luma aldizkariaren urteroko hitzordua zen Euskal Herri osoko zaleak eta adituak Irunen elkartzen zituen txapelketa. 2007tik 2014ra iraun zuen, zortzigarren edizioa azkena izanen zela iragarri zuten arte. Arnasberriturik dator aurten, bederatzi urteko hutsunearen ondotik; Aitzondo euskara elkarteak eta Irungo AEKk hartu dute antolatzeko ardura, Korrika Kulturala aitzakia harturik.

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IX. Txapelketa egingo dugu Irunen datorren martxoaren 2an, larunbatean, euskal hitz gurutzatu zaleen lehiaketa handi honek bete gabe hamargarren urtea egin behar duen honetan. Izan ere, 2007an antolatu zen lehendabiziko txapelketa, eta urtero egin zen ondoko zazpi urtean, antolatzaileek, LUMA taldeko kide irundarrek, 2015ean ediziorik ez zutela berrituko iragarri zuten arte. Aurtengoan, ordea, haien lekukoa hartu nahi izan du Aitzondo Euskara Taldeak eta, XXIII. Korrikak Irun abiapuntu duela baliaturik, horra berriro ere Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa gure artean, euskarazko jokozaleen eta, bereziki, hitz gurutzatu maitale ororen pozerako. Bestalde, jakin-mina piztuko du, dudarik gabe, lehiaketa bitxi honek euskaldun guztion artean, eta Irunera bidean paratuko ditu ez gutxik begiak martxoaren 2an, txapelketa honen emaitzen begira.

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IX. Txapelketaren edizio honek ez du berritasun esanguratsurik ekarriko. Irunen egingo da, aurreko edizio guztietan bezala, eta irundarrak izango ditu berriro antolatzaileak ere. Haiekin batean jardungo dute, antolakuntza eta sustatze lanetan, AEKk, Korrikaren erakunde antolatzaileak, eta Irungo Udalak. Bestalde, Joxan Elosegi hitz gurutzatu sortzaile irundarrak prestatuko ditu Txapelketaren aurtengo edizioko jokoak, aurreko guztietan egin zuen bezala. Ez da, beraz, maila horretan aldaketa esanguratsurik espero, eta, aurreko lehiaketetan parte hartua denak baluke, beraz, aurtengo edizioan halako abantaila, Elosegiren egite eta moldeak ezagutzen dituen aldetik.

Bestalde, txapelketa bada ere, eta halakoa da, txapela jantziko baitu lehiaketako irabazleak, topaketa baten aurrean gaudela esan genezake, elkarrekin topo egiteko eta elkar ezagutzeko aukera izango baitute egun horretan, giro alaian eta patxadan, euskarazko hitz jokozaleek, garai batekoek eta egungoek. Hain zuzen ere, zale horiei guztiei begira antolatu nahi izan dugu txapelketa hau; bixigarria da lehiaketa, jakina, baina gure lehen helburua ez da puntako hitz gurutzatuen ederra besterik gabe egitea, baizik eta denon gustuko giroa sortzea eta guztioi egun goxoa eskaintzea. Gero, esan gabe doa, ohorea zor zaie aurren sailkatuko direnei.

Txapelketaren nondik norakoak

Izen-ematea

Hala nahi duten euskaldun guztiek hartu ahal izango dute parte Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IX. Txapelketa honetan, 14 urte beterik badituzte eta aurrez izena emateko orria betea badute. Horrez gainera, 5 euro ordainduko du haietako bakoitzak txapelketa egunean berean.

Hartara, Interneten www.hitzgurutzatuak.eushelbidera jo eta gunearen barrenean izena eman ahal izango dute hala nahi duten guztiek, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IX. Txapelketan parte hartzeko. Bestalde, zernahi argibidetarako edo, hala behar badu, lehiaketan parte hartzeko izena whatsapp bidez emateko, hona hemen interesatu guztiek baliatu ahal izango duten telefono zenbakia: 685783470.

2024ko otsailaren 29an bukatuko da izena emateko epea.

Lehiaketa

2024ko martxoaren 2ko goizeko 10:00etarako bilduko dira lehiakide guztiak Palmera-Montero gunean (Leandro Agirretxe plazatxoa, 1 - 20304 Irun), eta goizeko 10.30etan hasiko da saioa, lehiakide guztiak aretoko mahaietan egokitu eta gero. Ikasleak azterketetan bezala ariko dira, elkarrekin mintzatu ezinik eta aldamenekoari begiratu bat egiteko tentazioari uko eginik. Bakarrik, lagunik gabe, jardungo dute lehiakideek eta hiztegi-liburua erabili ahal izango dute, hala nahi izanez gero. Ez da hiztegi elektronikorik, ez eta telefonorik edo ordenagailurik onartuko. Lehiakideen esku jarriko dituzte antolatzaileek lehiaketarako behar duten guztia: paperak, arkatzak, borragomak, eta abar.

Hiru aldi izango ditu lehiaketak: hasierako proba, finalaurrekoa eta finala, eta honela banatuko dira ordutegian:

  • 10:30 – 11:15 Hasierako proba.
  • 11:30 – 12:15 Finalaurrekoa.
  • 12.30 – 13.30 Finala.

Hasierako Proba

Mahaian jokatzeko proba izango da Txapelketako lehen proba hau, eta ez da kanporaketa izango, haren ondoan inor ez da Txapelketatik kanpo geldituko. Bestela esanik, hasierako proban parte harturiko guztiek izango dute finalaurrekoa jokatzeko aukera. Lehiakideek 10 x 10 lauki dituen hitz gurutzatu taula bat eta bera bete beharko dute, jakinik horretarako gehienez hiru ordu laurdeneko epea dutela.

Finalaurrekoa

Kanporaketa izaerakoa eta mahaian jokatzekoa izango da Txapelketako bigarren proba hau. Lehiakideek 12 x 12 lauki dituen hitz gurutzatu taula bat eta bera bete beharko dute, jakinik horretarako gehienez hiru ordu laurdeneko epea dutela.

Proba honetan aurreneko hiru postuetan gertaturiko lehiakideak sailkatuko dira finalerako.

Finala

Agerian eta jendaurrean jokatuko dute finala hartara iritsi diren hiru lehiakideek. Ez dira mahaian ariko, asto gainean paraturiko paneletan baizik, eta eskolan arbelean baleude bezala bete beharko dute egitekoa. Besteak zertan ari diren ez dakitela jardungo dute lehiakideek, besteen lana ezin ikusiko dutela. Inguruan ibili ahal izango da publikoa panelez panel, finalak eskatzen duen isiltasunari begirune eginez. Lehiakideek 15 x 15 lauki dituen hitz gurutzatu taula bat eta bera bete beharko dute, jakinik horretarako gehienez ordubeteko epea dutela.

Emaitzen neurketa

Joko hauetan guztietan bezala, zuzentasuna eta lastertasuna izango dira, hurrenez hurren, lehiakide bakoitzak eginiko lana neurtzeko erabiliko diren irizpideak. Garrantzitsua da taula bizkor betetzea, baina ez da hori beti aski aldeak zehazteko. Izan ere, erantzunen zuzentasuna izango da probaren bukaeran gogoan hartuko den lehen irizpidea, eta lastertasuna ondoren.

Hona hemen adibide bat:

Finala bukatu da eta honako emaitza hauek aurkeztu dituzte hartara iritsi diren lau lehiakideek:

Lehiakideak Okerrak Denbora Postua
A Lehiakidea 1 45 m 13 s 2
B Lehiakidea 0 56 m 21 s 1
C Lehiakidea 3 38 m 07 s 3

Denboran luzeen jo arren, B Lehiakideak irabazi du okerrik egin ez duelako (zuzentasuna baita, hain zuzen ere, lehiakideak neurtzerakoan aintzat hartzen den lehen irizpidea). Bizkorrena izan da C Lehiakidea, baina hirugarren postura lerrarazi dute eginiko hiru okerrek. Eta abar…

Oharra: Lehiakide guztien ikusmenean egongo diren erloju sinkronizatu batzuen arabera zehaztuko dira lehiakideen denborak.

Jokoen prestakuntza

Hitz gurutzatuen edo gurutzegramen taxuko jokoak aurkeztuko dituzte antolatzaileek txapelketako probetan eta aurtengo honetarako espreski sortuak izango dira taula guztiak. Halatan, lehen mailako garrantzia izango dute haietan eskainiko diren definizioak edo azalpenak. Mota askotakoak izan daitezke definizio horiek, eta urrundu egiten dira ez gutxitan hiztegietan topatzen ditugun estereotipoetatik. Joxan Elosegi arduratuko da jokoen prestakuntzaz eta haien egokieraz eta zuzentasunaz, eta Txapelketa honen antolakuntzaren arduradun nagusia denaz geroz, Aitzondo elkartearen ordezkariak izango dira epaile, horien beharra suerta litekeen egoera guztietan.

Sariak

Hona hemen, irabazleagandik hasita, lehiakideek eskuratu ahal izango dituzten sariak:

  1. postua. Txapela eta 400 €.
  2. postua. 200 €.
  3. postua. 100 €.

Txapelketa eguneko egitaraua

Hona hemen Txapelketa eguneko egitaraua:

  • 10:00etan Lehiakideen bilkura eta agurra.
    • Palmera-Montero gunea, Leandro Agirretxe plazatxoa, 1. IRUN (Gipuzkoa)
  • 10:30ean Txapelketaren hasiera.
  • 10:30 – 11:15 Hasierako proba.
  • 11:30 – 12:15 Finalaurrekoa.
  • 12.30 – 13.30 Finala.
  • 13.30ean Txapelketaren bukaera.
  • 13.45ean Txapelaren janztea eta sarien banaketa.
  • 14:30ean Bazkaria.

    Parte hartzaileek eta lagunek leku jakin batean bazkaltzeko aukera izango dute. Oraindik ez da leku hori zein izango den zehaztu. Izena emateko unean adierazi ahal izango du partaide bakoitzak bazkaltzen gelditu nahi duen eta berekin lagunik ekarriko ote duen (bi lagun onartuko dira gehienez parte hartzaile bakoitzeko). Nolanahi ere, jantokiaren neurriak direla eta, bazkaltiarren kopurua ere mugatuko dugu, ez da 40 lagunetik gorakoa izango.

    20 € balio izango du bazkari txartelak.

Nola heldu

Ez dago, guk uste, Irunera heltzeko arazo handiegirik. Komeni da, ordea, datu batzuk kontuan hartzea. Trena (Renfe), topoa (Euskotren) eta autobusa ditu eskura garraio publikoan etorri nahi duenak. Autoz etorri nahi izatekotan, berriz, arazoa izan liteke Txapelketa lehiatuko den inguruetan aparkatzea, TAO gunea baita eremu guztia. Bestalde, bada lurpeko aparkaleku bat Palmera Montero gunean berean, BM supermerkatuaren lurpean, baina ordainpekoa da.

Alabaina, Ibilaldi ttiki bat egiteko arazorik ez duenak badu autoa edo ibilgailua egun guztian, goizeko 8:00etatik arratseko 8:00ak arte, dohainik aparkatzeko aukera, Stadium Gal futbol zelaiaren inguruetan eta, batez ere, Ficoba erakustazokaren aparkaleku zabalean. Aieka berean daude bi lekuak, Irun eta Hendaia arteko zubien eremuan. Oinez 15-20 bat minutu behar dira hartatik Palmera Montero gunera iristeko.

Etiquetas: