Larreaundi-Olaberriako euskara Egunak agerraldia

Euskararen egunen presantazioa

Larreaundi-Olaberriako Euskara Batzordea.- Bi urte dira Larreaundi-Olaberriako Euskara Batzordea sortu genuela. Asmoa? Auzoa euskaldundu; edo beharbada, euskara auzotu. Zuek hautatu gogokoen duzuen joan-etorria.

Erronka horri erantzun asmoz, azken urteetan ekimen ugari antolatu ditugu. Nola Batzordetik, hala Auzo Elkartearen bueltan den saretik. AEK-rekin auzoan euskara ikasi ahal izateko eskolak jarri dira martxan, Haurrentzako literatura taldeak euskara hutsez egin du bere jarduna, Auzo Elkarteak bere komunikazioa euskaldundu du eta aipaturiko ekimen denak babestu ditu, etab.

Bide labur horretan, Euskararen nazioarteko eguna, hau da abenduak 3a, mugarritzat jo dugu hasieratik. Euskarak 365 egun ditu noski; baina 3a gogo hori kaleratu eta indarrak biltzeko momentu berezia da.

Indarrak bildu, baina zertarako? Irunen bezala, auzoan ere, Euskaraz bizi ahal izateko.

Zer da euskaraz bizi ahal izatea? Ospakizunetan kantu biran ariko garenez gero, ekar dezagun erantzuteko abesti bat: “Hasi etxetik eta kalera, hasi kaletik eta etxera”. Horixe, euskaraz bizi ahal izatea, eremu pribatuan bezala, publikoan, plazan, talkarik jasan gabe euskaraz aritzeko aukera.

Bada gure kalea, auzoa da.

Egitarau kartela 2024

Auzoan da gure ikastetxea eta era berean, eguneroko jolastoki. Auzoan da dugun gertuko merkatua, non etxea hornitzeko beharrezkoak topatzen dugun, hamaika zerbitzurekin batera. Auzoa da gure terraza, non lagunekin topatzen garen eguzki erreinuek bainaturiko espaloietan. Auzoa gure arnasgunea ere bada, Olaberriak eta hura zeharkatzen duten ekosistemak ematen baitigu maiz kotxe artean falta dugun bizitza.

Baina batez ere, gure auzoa gure auzokideak dira. Pasadizo horietan guztietan topatzen ditugun haur, guraso, nerabe, dendari, irakasle, etxeko langile, jubilatu edota ekintzaileak. Horiekin elkarreraginean egiten gara auzotar, eta batera, egiten dugu Larreaundi-Olaberria.

Etxetik kalerako bidea euskaraz egiten dugunok ondotxo dakigu: momentu eta harreman arrunt guzti horietan hizkuntza hautu bat egitera behartuak gara. Askotan ikusezina bada ere, estres linguistiko deritzoten hori egitatea da gure auzoan ere; eta bidenabar, ez da oso atsegina.

Harago, eguneroko talka bori norbere hizkuntzan bizi ahal izateko eskubidearen urraketa sistematikoarekin lotua dago. Hots, nozitzen duen euskaldunaren arazo psikologikoa, auzi soziala baino.

Nola jardungo naiz dendariarekin? Eta nola parkean topatuko ditudan gurasoekin? Eta Auzo Elkarteko Asanbladan? Nola egin lehen agurra iritsi berri den bizilagunari? Eta batez ere... nola segi bueltan jasotzen dudana desairea bada? Horiexek dira euskaldun estresatu bat estutzen duten galdera motak.

Bistan denez, Auzo Elkarteko Euskara Batzordetik euskararen aldeko jarrera sustatu nahi dugu. Hizkuntza gutxitu baten jabe izateak ekartzen digun gatazka horretan uneoro euskararen alde egitera. Nola etxean, hala dendan eta plazan. Gurean euskaraz ez dakien bizilagun asko den arren, tartean ikasteko aukerarik izan ez dutelako, gehiago baikara belarrian eta mihian darabilgunok. Eta gehiengoa, euskararen aldeko jarrera dugunok auzoan.

Baina nola egin hori? Beste behin, abestian topatu dugu gakoetako bat: “dakitenak erabiliz, ez dakitenak ikasiz”.

Aurtengo Euskara Egunekin, biei zuzentzen gatzaizkie. Dakitenei eta oraindik ez dakitenei. Alde batetik, egunerokoa euskaraz egiten duen auzokide temati horri, bere jardun setatia ospatzeko egunak izango baititu. Bestetik, eta neurri berean, euskaraz egin ez, baina hizkuntzarekiko begirunea duen auzokideari. Komunitate euskaltzalera gerturatu dadin, elkarrekin abestu, bazkaldu, dantzatu eta goza dezagun. Denon artean, Euskara sustraitu dezagun auzoan. Elkarrekin eta euskara lanabes hartuta, josi dezagun auzoa.

Beraz eta amaitzeko, Larreaundi-Olaberriarrak eta Irundarrak oro har Euskara egunetan parte hartzera deitzen ditugu. Azaroaren 30ean bezala, Abenduak 3 eta 4ean ere euskara etxetik kalera eraman dezagun, gogotik mihira.

Mila esker.

Antolatzailea: Larreaundi-Olaberriako Euskara Batzordea

Laguntzaileak: Larreaundi-Olaberriako Auzo Elkartea, Auzoko Haur literatura taldea, Auzoko Aisialdi Taldea, Irungo AEK, Auzoko Euskara ikasleak, Eguzkitza HLHI, Eguzkitza BEL, Irunabar Bertso Eskola, Larrea janariak, Ostomila Txotxongiloak, Irungo Udala

bazkari tiketak

Hilak 30

Roberto eta Migel plazatxoan:

  • 11:00etan: ongi etorria bertsotan.
  • 11:15ean: euskarazko materialen bigarren eskuko azoka
  • 11:15ean: haur, gazte eta helduentzako txapa tailerra.
  • 11:50ean: euskararen aldeko txotxa!
  • 12:30ean: kantu biraren hasiera auzoan barrena.

Eguzkitza eskola atarian eta lokal berrian (Virgen Milagrosa kalea):

  • 14:00etan: bazkaria auzotarra.
  • 16:00etan: bingoa.

Auzo elkartean (Iñigo de Loiola kalea):

  • 17:00etan: Ostomilarekin haurrentzako txotxongiloak.

Eguzkitza HLHI:

  • 18:00etan: txokolatada.
  • 18:30ean: Larreaundi-Olaberrian euskaraz? ekitaldia.
  • 18:50ean: buruhandiak.
  • 19:30ean: Babarrunba euskal runba kontzertu ibiltaria.

Abenduak 3

Goizean auzoan zehar herri kirolak egingo dituzte Eguzkitza DBHko ikasleentzat.

  • 16:45ean: Eguzkitza HLHI-tik kantu bira, haur gazte eta heldu elkarrekin abestu.
  • 17:30ean: Auzoko lokal berrian (Virgen Milagrosa kalea) txokolatada.
  • 19:00etan: San Juan plazan euskararen aldeko elkarretaratzea.

Abenduak 4

Larreaundi Olaberria auzo elkartera (Iñigo de Loiola kalea) haurrentzako ipuin kontalari bat gerturatuko da.

Etiquetas: