Martxoaren 19an, igandearekin, AHTren aurkako zuhaitz landaketa bat burutuko da. AHT eragiten ari den txoko ugari ditugu landatu ahal izateko baina hainbaten artean, Bergarako lotunean dagoen Angiozar aukeratu dugu. Izan ere, Bergarako korapiloa, hiriburuetako sarbideekin batera, Euskal Y aren giltzarria baita. Bertan, lanak aurrera eraman ahal izateko arazo tekniko zein ekonomiko larriak dituzte, eta hori dela eta, hasierako esleipenak baliogabetu ziren eta berriak atzeratzen ari dira.
Denbora aurrera joan ahala, geroz eta arrazoi gehiago ditugu AHTri ezezkoa esateko. Nahiz eta lehenagotik AHTk energian izango duen kontsumo basatia aurreikusi, oraingoan horretara bideratzen gaituzten baieztapenak ditugu. Hurrengo urtean, 400kV-ko Gueñes-Itsaso goi-tentsioko linea eraikitzen hasteko asmoa omen du Red Eléctrica de España enpresak eta AHTk behar duen energia hornikuntza asetzeko balioko lukeela diote. Gehigarri, Garoñako zentral nuklearra berriz ere irekitzeko asmoen berri izan dugu. Honek argi uzten digu, AHTren proiektua ez dela linea huts bat eta zabortegiez gain, beste hainbat osagai dituela.
Berriekin jarraituz, AHTa eraikitzeko darabilten politika lotsagarria dela esan beharra dago. Adosten dutela esaten digute aurrekontuak zehaztu gabe, herritarroi galdetu gabe, datak zehaztu gabe… Aurpegira barre egiten ari zaizkigula deritzogu zeren dena martxan dagoela helarazi nahi dute baina ez da hala. Ezbehar ugari bizitu ditugu eta oraindik eta gehiago bultzatzen dituzte hainbat eta hainbat lan zehaztu gabe aurrera eramatearekin. Esaterako, Hernialdekoa bezalako zuloak. Noski, hori guztia ederki datorkie aurrera begira ezbeharren bidez diru gehiago poltsikoratzeko.
Hau guztia gutxi balitz, Espainiako Gobernuak 160 milioi euro ezarriko dituela aipatu zuen De la Sernak. Beranduago, beste 90 milioi euro aipatu zituen. Aldi berean, aurtengo aurrekontuetarako Eusko Jaurlaritzak beste 350 milioi € erreserbatu omen ditu, baina kopuru hau handiago izan daiteke. Odoluste ekonomikoak ez du etenik. Eraikuntzarako ezartzen den dirua aipatzearekin batera, honek gaurkoan nola eragiten digun esan beharra dago. Jendartean gure beharrak nola ase ez dakigula geroz eta jende gehiago gaude eta AHTa burutuz gero, honen bidaien kostua kontutan izanik, erabiltzeko inongo aukerarik ez izateaz gain, besteen bidaiak ordaindu beharko genituzke. Laburki esanda, AHTa pobreek ordainduko dugun azpiegitura da, aberatsek bakarrik erabiliko dutena. Gainera, egoera hau ez litzateke denbora tarte batean bakarrik izango zeren EKOPOLek berriki kaleraturiko txostenak dioen bezala, zerbitzuaren ustiapena defizitarioa izango litzateke eta hori dela eta, datozen belaunaldiak hipotekatuko lituzke. Horrenbestez, betirako izango genuke “elefante zuria”.
Oraindik garaiz gabiltza! Beraz, martxoaren 19an goizeko 10:30ean Angiozarko frontoian batuko gara norbera bere aitzurrarekin botak jantzita zuhaitzak landatzera joateko.
Zuhaitzak landatu lurra berreskuratu! AHTrik ez!
NATURA GURE ARDURA
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 771 irakurketak
- Castellano