Lakaxita Asanbladak eta Bidasoaldeko Ongi etorri errefuxiatuak, Kabigorrin apirilak 11ean atxikituta dagoen dokumentalaren emanaldia izango da. Bertan, Joseba Sanz zuzendaria egongo da.
Bilboko Portuan Saudi Arabiarako armen kargamentuari Ignacio Robles suhiltzaileak uko egitea izan zen dokumentalaren genesia.
Ina Roblesen desobedientzia ekintza hark agerian utzi zuen Euskaditik Yemengo gatazkan, askotan jendarte zibilaren kontra, erabiltzen ziren armak aldizka bidaltzen zirela, hainbat gizarte eragile nolabaiteko alertan jarriz.
Horren ondorioz, Bizkaiko hainbat elkartek -beranduago Greenpeacek ere bat egingo zuen- arma ekoizpenaren eta esportazioaren kontrako mobilizazioak aurrera eramaten hasi ziren. "LGEA - Gerra Hemen Hasten Da" batzordearen baitan Ina Roblesen uko egitea ez ezik Bilboko Portuan sortutako mobilizazio guzti horien nondik norakoak ere azalduko zituen dokumental bat egitearen ideia jaio zen.
Film-dokumental bat non Euskal Herriko armagintzaren historia eta gaur egungo egoera ere jaso zitezkeen.
Behin hemen gertatzen ari zirenak ezagututa, Yemenen gertatzen ari zena jasotzea besterik ez zen falta filmak "Gerra Hemen Hasten Da" izenburu ankerra merezimendu osoz izateko. Saiatu eta lortu.
Saudi Arabiaren blokeo bortitza dela medio, ezinezkoa izan zitzaigun bisa lortzea eta modu seguruan bertaratzea, baina azkenik, hemendik zuzenduta bazen ere, bertako talde batekin filmatu ahal izan genuen Sana'a-n, Yemengo hiriburuan.
Faten Al Osimi yemendarra, Ignacio Roblesekin batera, mendebaldeko herriak erdi-ezkutuan elikatzen duen gudaren alderik humanoena erakusten digu. Faten, Yemengo kaleko biztanle arrunta izanik, herrikideei jakiak banatzen eta ur-andelak instalatzen laguntzen saiatzen da, gerrak guztiz suntsitutako eta kolerak zein beste edozein eritasunek deuseztatutako herrialde batean.
Dokumentala era herrikoian finantziatu da. Crowdfunding bidez 200 pertsona inguruk parte hartuta, 14.000 euro inguru lortu dira.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 799 irakurketak
- Castellano