Malaga-Almeria arteko errepideko sarraskia, 'la desbandá'izenez ezagunagoa, milaka zibilen heriotza eragin zuen Espainiako Gerra Zibileko gertaera tragikoa da.
1937ko otsailean gertatu zen, tropa frankistak Malaga hiriaren kontra, hau da, II.Errepublika garaian langile mugimendu indartsua izateagatik nabarmentzen zen ingurunearen kontra, behin betiko erasoari ekin baino egun batzuk geroago.
Gainera zer zetorkien ikusirik eta Malaga hartu eta gero zalantzarik gabe izango zen errepresioaren beldur, Malagako 100.000tik gora milizianok eta zibilek beren hiria utzi eta garai hartan errepublikanoen kontrolpean zegoen Almeria alderantz ihes egin zuten. Iheserako hartu zuten bidea egungo N-340 errepidea izan zen, ez baitzegoen moztua, nahiz eta gogor bonbardatzen zuten itsasoz eta airez.
Uste da 3000 - 5000 zibilek galdu zutela bizia errepide hartan bonbardaketen erruz, eta zaurituak ere ugari izan zirela. Gainera, zeharkatzen zituzten herrietako jende askok ukatu egin zien laguntza, haiek ere Frankoren armadaren errepresalien beldur.
Gernikan lehergailu faxistak 5.000 euskaldunen gainean erori baziren, Desbandá esaten zaion hartan 150.000 malagar baino gehiagok -gehienak emakumeak eta haurrak- oinez, batzuetan oinutsik ere bai, alde egin behar izan zuten hiritik, hegazkin alemanek eta italiarrek airez eta itasontzi nazionalek itsasoz bonbardatzen zituztela.
Lourdes Peláez historialariak gogora ekartzen du garai hartako kronikek esaten zutela “ontzi frankistak lasai-lasai zihoazela, itsasoaren ertzean, harkaitzean zizelkatua zegoen errepide bakarra erabiliz, Malaga atzean utzi eta ihesi zihoan jende multzoaren pare-parean eskuin aldetik, jendea bonbardatuz.”
Ihesaldi hartan hildako 5.000 haiei Malagan, otsailaren 8an erori eta gero, matxinatuen esku hildako beste asko batu behar zaie. “Garai hartako egunkarietako (Adib. El Centinela) informazioek esaten dute Malaga jada ez zela hiri bat, sarraski bat zela, emakumeak leihoetatik saltoka, haragi errearen usaina, faxistak kaleetan ezeren bereizketarik egin gabe jende babesgabeari tiro eginez”.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 620 irakurketak
- Castellano