Emakume migratzaile (AK) artean

Non: 
Palmera Montero zentruko atarian, Irun
Data: 
Ostirala, Urtarrila 17, 2020 - 19:00 -tik Ostirala, Urtarrila 31, 2020 - 19:55 -ra
Antolatzen du : 
Parean Elkartea

Emakume migratzaile (AK) arteanParean Elkartea.- Gure herriaren historia bere biztanleen joan etorriek marrazten dute. Aduana, trenaren etorrera edota baserritar gune batetik gaur egun den Irun hiriaren eraikuntzak gure oraina eta geroa baldintzatu dute. Aitortu eta kontatutako historia da hau. Haatik, gure lehen egunetan goxatzen gaituzten eskuak eta azken egunetan eusten gaituztenak itzalean geratzen diren pasarteak dira belaunaldiz belaunaldi kontatzen den Historia horretan.

Emakumeek Historiari egindako ekarpena beti egon da bigarren maila batera kondenatua. Historiako liburuek ez diete inoiz toki egin emakumeen eginkizun eta bizipenei. Emakumeen historia beraz, beti izan da ezkutatua. Eta itsaso ikusezin honen sakoneran igeri dira emakume etorkinak. Etorkizun oparo baten bila haien sorterria atzean utzi eta bizitza berri bati ekiteko bokazioz gurera etorri zirenak.

Egitasmo honek Felicianaren historia biltzen du, Caceres atzean utzi eta trenaren lurrunak belztuta iritsi zen neskatoarena. Indarkeria matxistaren beldur Nikaraguatik ihesi gurera etorri zen Raquelen bidaia ere dago; baita Nati abenturazalearena ere, sanferminetara egin zuen bidaia horrek gure herrira ekarri baitzion betirako. Liliana ere ezagutu dezakegu proiektu honetan, lau seme alaben ama eta langile porrokatua bera.

Batzuk kilometro gutxi zeharkatu zituzten Irunera iristeko eta badira orain dela bost hamarkada baina gehiago etorritakoak. Beste batzuk, ordea, itsaso eta ozeano zabalak zeharkatu berri dituzte.

Zortzi emakume, zortzi erretratu, zortzi historia bertsotan jasoak… Argazki eta letren bidez martxan diren bizitza hauen parekotasunak agerian jarriz.

Azaleko kolore anitzen eta ezberdintasun kulturalen gainetik, bidaia guztietan eramandako maletan bizitza duin berri baterako desira berbera ezkutatzen dela agerian ipini nahi du erakusketak. Bizitza duinagoa bidaian diren emakumeentzat noski, baina baita guretzat ere; izan ere, haien eskuak dira gu zaintzen eta goxatzeaz gain, une zailenetan eusten gaituztenak; haien jakintza eta bizipenekin guztion ehundura eraldatuz.

Emakumeen istorioak, eta emakume etorkinenak bereziki, hauspotzeko ahalegina da proiektu hau. Halako egitasmoekin, bizipen hauek gure herriaren Historiako orrietara helduko direlaren itxaropenez.

Erakusketa urtarrilaren 17tik 30ra izango da ikusgai Palmera Montero zentruko atarian. 17an, ostiralarekin, aurkezpen ekitaldi txiki bat egingo dugu arratsaldeko 19.00tatik aurrera. Bertan izango dira emakume protagonistak, Gari Garaialde argazkilaria eta bidelagun izan ditugun Irunabar elkarteko bertsolariak.

denak zaudete gonbidatuak!

Etiquetak: