Irun, Hondarribia, Astigarraga, Hernani, Lezo, Orereta, Urnieta, Lizartza, Beasain, Gasteiz, Errezil , Donostia, Tolosa eta Alkizako Hezkuntza eragileek 8000 sinadura, 8000 atxikimendu, 8000 arrazoi eman dizkigute elkartzeko, Murrizketarik ez eta LOMCEri ez esateko eta Euskal Herriaren Hezkuntzaren alde bideari ekiteko.
8000 arrazoi krisiari, iruzurrari eta horrek justifikatu nahi dituen murrizketei ezetz esateko; murrizketak sistema neoliberal honen sortzaileek, iruzurgileek, lapurrek ordain dezatela. Ez dugu onartzen gizarte sozialaren eta hezkuntza publiko, euskalduna eta laikoaren suntsipen programatua, gizarte elitista, hezkuntza elitista, baztertzaile eta produktibista baten mesederako.
Ez dugu onartzen hori guztia bideratzeko inposatu nahi diguten LOMCE legearen uniforme espainola, erlijio katolikoaren sotana, gestio pribatua ikastetxe publikoetan, eta matrikulen igoera, beste askoren artean.
8000 arrazoi ditugu ordea, Euskal Herriaren Hezkuntzaren aldeko bideari ekiteko, gure Hezkuntzaren oinarriak berrizteko, Hezkuntza publikoa izango den ardatza berdefinitzeko, adostasunak bilatzeko, Herri gisa antolatzeko, gizarte eta Hezkuntza solidario, ez baztertzailea aldarrikatzeko.
Zuek, guraso, ikasle, eta hezkuntzako langileak zarete proiektu, ekimen honetan sinisten duzuenak; zuek zarete egunero ikastetxeetan sistema neoliberal honen inposaketei aurre egiteko prest zaudetenak; zuek zarete imaginazioz, ekimenez, eragiteko prest zaudetenak; zuek zarete Euskal Herriaren Hezkuntzaren alde pausoak ematen ari zaretenak.
Zuek zarete hitzetatik, proposamenetatik ekintzetara pasatu zaretenak, etsipenari eta sumisioari uko egin diezuenak: kamiseta beltzekin klaseak emanez, karteladak antolatuz, data seinalatuetan marea beltza zabalduz, sinadurak bilduz, mozioak udaletxeetan sartuz, Kalejirara etorriz. Zuek zarete bai, zuek zarete eragileak eta uste baino indar gehiago duzue Murrizketarik ez, LOMCERI ez, eta Euskal Herriaren Hezkuntzaren alde borrokatzeko.
BIBA ZUEK!
Zatozte apirilaren 20ko KALEJIRAra, Donostiako Alderdi Ederren, 12etan, KAMISETA BELTZEKIN!
Iratxe Renteria, Edu Zabala, Itzalai Alberdi eta Aitor Otaño, Hezkuntzan Geu Eragile eta Denon Hezkuntza ekimenen partaideak.
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1971 irakurketak