Irungo EH Bildu.- 2015. urtea bukatzeko aste gutxi falta dela, agerikoa da eraso sexistak edota hilketa moduan gertatutako indarkeria matxista kasuak herri honetan areagotu direla. Baina indarkeria matxista ez-zuzenak ere gehitu dira, hala nola, neska eta emakumeengan eragindako mikrobiolentziak, jazarpenak, irainak, lan prekarizazioa, lan falta... Egoera hauek, zoritxarrez eredu sozial patriarkal barruan barneratuta eta normalizatuta daude. Eta hona hemen arazoaren erroa, eredu sozial patriarkal bera.
Hori dela eta, garrantzizkoa da oso, lakra honi erreferentzia egitea. Sistema patriarkal hau indarkeria matxista egoeren sortzailea da. Sortu ez ezik, mantendu, barkatu eta babestu ere egiten du.
Ez dugu ez etxeko indarkeriaz, ez genero indarkeriaz hitz egiten. Hau indarkeria matxista da; emakumezkoak ez dira hiltzen, hil egiten dituzte. Eta honi aurre egiteko Irungo EH Bildutik gure konpromisua adierazi nahi dugu.
Politika feminista eta sozialetan eginiko murrizketak, emakumezkoen lan prekarizazioa, prebentzio gaietan murrizketak dira instituzio publikoek eskua sartu behar dituzten gaiak, errealitate lazgarri honekin behingoz amaitzeko. Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza dira giza baliabide, ekonomiko eta materialak jarri behar dituzten lehenengoak, eredu sozial justu eta errespetuzkoago bat lortzeko.
Horregatik, Irungo EH Bilduk indarkeria matxistari aurre egiteko, Munduko emakumeen martxak bultzatutako protokoloarekin bat egiten du. Era berean, talde feministekin batera elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, borroka feministaren alde eginez. Beraz, azaroaren 25 honetan indarkeria matxista ezabatzeko Nazioarteko Egunean, Zabaltza enparantzan arratsaldeko 7,30ean TASek egingo duen elkarretaratzera joateko dei egiten diegu herritar guztiei.
Irungo EH Bildu taldearen adierazpena:
AZAROAK 25, EMAKUMEEN AURKAKO BIOLENTZIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA
2015eko azaroak 25, emakumeen aurkako biolentzia oro baztertzen dugula ez ezik, biolentziak eragiten dituen eragile oro baztertzen dugula ere esateko eguna da, aski dela esaten jarraitzeko eguna da. Eta erakunde publikoak, borroka honetan lehentasunezko eragile izango garela berretsiz konpromiso zehatzak hartzeko eguna da. Ez dugu bakea eta normalizazioa lortuko gure herrian, emakume izateagatik biolentzia jasateko aukera bakar bat mantentzen den bitartean.
Horregatik, Irungo udaletxeko Euskal Herria Bildu udal taldeak, honako erakunde adierazpena aurkezten du.
ZIOA:
Azaroak 25a “Emakumeen aurkako biolentzia desagerrarazteko nazioarteko eguna” dela eta, Irungo udalak, emakumeek biolentzia matxista orogandik libre bizi ahalko diren bizitza espazio komunak eraiki asmoz, herri eta lurralde seguruak lortzeko, emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala oinarri izango duten bizikidetza eredu libreak errealitate egiteko, jendarte egituratze parekidea lortzeko finean, herri konpromisoa sakontzeko ardura hartzen dugu; halaber, guztion konpromiso politikoa sakontzen jarraitzeko asmoa berresten dugu.
Herritarren bizitza kolektiboa kudeatzeko ardura duen erakunde orok, lehentasunezkoa behar du izan bere agenda politikoan eta jardun instituzionalean, biolentzia matxistarik gabeko herri eta lurralde libreak eraikitzea, eta jendarte parekidea babestea.
Hego Euskal Herrian, biolentzia matxistak behera egin beharrean, 2015 urtea amaitzear dagoela, nabarmen egin du gora aurten. Ugariak ari dira izaten eraso sexistak eta erailketak ere.
Biolentzia matxistaren azken estadioek, bortxaketa, jipoitzeak eta erailketek gora egin duten moduan, zeharkako beste biolentzia matxistek, eguneroko mikrobiolentziek ere, gora egin dute, eta herritarren artean barneratu eta normalizatzeko arriskua ere agertu da.
Horrela, 2015 urtean asko izan dira berriro bortxaketa saiakerak, neska eta emakumeen bizitzaren gaineko kontrolak (kontrol ekonomikoak, fisikoak, sexualak, afektiboak, sozialak, kulturalak), emakume ugarik jasan behar izan dute eguneroko jazarpenik (irainak, bazterkeriak, gutxiesteak) eta bestelako erasoak (prekarizazio laborala, enplegurik eza, zaintza lanen karga isila). Eguneroko mikrobiolentzia barneratuak eta normalizatuak daude jendarte eredu patriarkalaren baitan.
Premiazkoa da indarkeria sexistarekin harremana duten kasuak eta salaketak egunerokotasun normalizatutik desagerraraztea. Jai- zein jolas-esparruetan gure askatasuna baldintzatzen duten jazarpen eta gehiegikeria sexistek hor jarraitzen dute. Halaber, kezkagarriak dira lan-esparruan jazarpen sexistari buruz dauden datuak. Sexu ezberdineko pertsonen arteko botere harremanak eta gazte belaunaldien artean agertzen diren balore patriarkalak gero eta gehiago dira, eta, aldi berean, gazte askok beraien kideen aurka indarkeria erabiliz haien arteko harreman desorekatuak eraikitzen dituzte.
Jendarte eredua ezinbestean aldatu behar dugu biolentziarekin amaitu ahal izateko. Biolentzia horiek guztiak, makroak zein mikroak, desagerrarazteko modu bakarra, berau sostengatu, zuritu edo babestu dezakeen jardun oro alboratuz lortuko da.
Eta zeregin hau, ezinbestean hartu beharreko konpromiso hau, jendartea osatzen dugun eragile guztiok hartu behar dugu, bestela biolentzia matxista sostengatzen jarraituko dugu. Guztion ardura baita norberaren eragin esparrutik aurre egitea sor edo babes dezakeen biolentzia matxista ororekin amaitzea: erakunde publikoak, hezkuntza eragileak, komunikabideak, lan esparruko eragileak, kultura eragileak, ekonomia eragileak. Baina norbanakoek, familiek, lagunarteek, kolektiboek eta arduradun publikoek ere erantzukizun zuzena dute.
Biolentzia matxistari aurre egiteko moduak ere onartu eta babestu behar dira, helburua bakarra izanda borroka moduak anitzak behar baitira izan: autodefentsa feminista bide bat da, baina Beldur Barik ekimena, edo herrietako jaien testuinguruan sortu diren performance zein kale ekintzak, elkarte zein auzoetatik burutzen diren saioak, guztiak dira balekoak, guztiak babestu beharrekoak.
Hori dela eta, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, Euskal Herria feminista eta ekitatibo baten aldeko gure aldarrikapenak inoiz baino ozenago entzun behar dira, hori eraiki ezean ezinezkoa izango baitzaigu egiazko demokrazia erdiestea, honako konpromisoen bitartez:
PROPOSAMENA:
1.- Irungo udalak, Emakumeen Mundu Martxak onartua duen biolentzia matxistari aurre egiteko protokoloa bere egiten du.
2.- Irungo udalak, talde feminista eta emakume taldeekin elkarlanean, hiriari lotutako biolentzia matxistei aurre egiteko emerjentziazko plan iraunkorra abian jarriko du, horretarako behar diren bitarteko tekniko zein ekonomikoak aktibatuko dituelarik.
3.- Hirian izan daitekeen emakumeen aurkako erasoak identifikatzeko, salatzeko, desagerrarazteko eta sortu aurretik aurreikusteko Biolentzia Matxistaren aurkako Behatokia abian jarriko du, emakume eta talde feministekin elkarlanean.
4.- Irungo udalak, izanak izena duenez, eta terminoak argitze aldera, etorkizunean “biolentzia matxista” terminoa erabiltzeari eutsiko dio, dagoeneko hedatua eta zabaldua dagoen kontzeptua baita adituen artean.
5.- Irungo udalak, berdintasun unitatea baliabide tekniko zein ekonomikoz hornitu ez ezik, egonkortu eta indartzeko konpromisoa hartzen du, 2016 urteko aurrekontuak zehazten ari diren une honetan.
6.- Irungo udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza enplazatzen ditu, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko aurrekontu partidak handitu, berdintasun zuzendaritzak indartu, epaitegietako genero unitateak doitu eta legedia errebisatzeko konpromisoa hartzera.
7.- Irungo udalak, enplazamendu zuzena egiten die hezkuntza eragileei lerro kurrikularretan genero berdintasuna landu dezaten.
8.- Irungo udaletik, borroka feministarekin daukagun konpromisoa berresten dugu, indarkeriarik gabeko jendarte demokratiko eta burujabea eraikitzeko bide eta tresna gisa.
9.- Azaroaren 25erako mugimendu feministak deitu dituen mobilizazioekin bat egiten dugu eta bertan parte hartzeko deia egiten diogu jendarte osoari.
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1531 irakurketak
- Castellano