Espainiako Audientzia Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak askatasuna ukatu egin dio Ibon Iparragirre euskal preso politiko larri eriari, bere osasun egoera muturrekoa den arren. Ibon bere familiaren ondora etxera bidali beharrean, Arrasateko Aita Menni burmuineko gaitzetarako ospitalera bidali du.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gogorarazi nahi du Espetxe Zaintza Epaitegi honetako titularra Jose Luis Castro Antonio epailea dela. Bera izan zen, hain zuzen ere, 2005. urtean Enrique Rodriguez Galindo GALeko arduradunetakoari hirugarren graduaren aplikazioa onartu ziona (2004etik zegoen etxean preso). Castrok orduan idatzitako autoaren arabera, Galindoren osasun egoerak “zirkunstantzia hau kontutan hartzea ahalbidetzen du eskatutako gradu progresiorako”. Castro da, baita ere, 2013an Galindori baldintzapeko askatasuna onartu zion epailea, Lasa eta Zabalaren bahiketa, tortura eta erailketagatik 4 urteko espetxe zigorra baino bete ez zuelarik .
Jose Luis Castro Antonio da, era berean, 90eko hamarkadan FIES bezala sailkatutako preso sozialek pairatutako tortura larrien eta erailketen aurrean beste alde batera begiratu zuen Espetxe Zaintza Epaileetako bat, modu horretan kartzelarien gehiegikeri guztiei opakotasun gune bat eskainiz. Jose Luis Castro bada, beraz, espainiar Estatuaren estoldei dirdira ateratzeko ezinbesteko maiordomoa.
Ibon Iparragirreren kasua da oraintxe bertan preso politiko erietakoen artean larriena, baina ez bakarra. Aitzol Gogorza, Txus Martin eta beste hainbat preso muturreko egoera pairatzen ari dira haien osasun egoera dela eta. Gure mugimenduak azpimarratu nahi du, beste behin ere, preso politikoei aplikatzen zaien tortura kroniko honek ez duela mendeku kutsu soila, baizik eta helburu politikoak bilatzen dituen indarkeria estrukturalaren emaitza dela.
Aitzol Gogorzak aurtengo uztailean salatu zuen kartzelari batek damutze deklarazioa sinatzea aholkatu ziola kartzelatik irten nahi bazuen. “Damutu zaitez ala hil” dioen logika darabilte preso politikoekin, haien damutzeak gaur eguneko zapalkuntza egoera betikotzeko lagungarria izan daitezkeelakoan.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, kaleak piztu ezean, preso politikoak kartzeletan hiltzen jarraituko dutela ez dauka zalantzarik. Hori dela eta, Euskal Herriari borrokarako deia egin nahi dio beste behin ere, egoera hau astinduz besterik ez dugulako lortuko preso eriak kartzelatik ateratzea.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1160 irakurketak
- Castellano