Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren kriminalizazioaren aurrean

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren kontrako erasoak, jazarpena eta kriminalizazioa bere jaiotzaren une beretik gertatu dira. Eraso hauek forma ezberdinak hartu dituzte, baina amankomunean izan dute hauek burutzeko orduan sistemaren komunikabideek, alderdi politiko instituzional guztiek, poliziek eta epaileek elkarlanerako erakutsi duten prestutasuna.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua 2014ko apirilean jaio zen amnistiaren aldarrikapena berreskuratzeko eta bere aldeko borroka berpizteko, eta horrela adierazi egin du lehenengo unetik. Gure lana desitxuratzeko asmoz eta planteatzen dugun eztabaida politikoa saihesteko saiakeran, ordea, lehen aipatutako eragileek borroka armatuaren eztabaidan nahastu nahi izan gaituzte, mugimendu hau borroka armatua praktikatzeko ez zela jaio hainbatetan esan dugun arren. Noski, inongo borroka molderik gaitzesteko ere ez zela jaio, ezta borroka armatua ere ez.

Borroka armatuaren amaieraz daukagun iritzia galdetu diguten bakoitzean azaldu behar izan dugu borroka molde hau hainbaten artean beste bat dela eta horren inguruan erabakitzea borroka armatua praktikatzen duenari dagokiola, eta ez beste inori. Era berean azaldu izan dugu borroka armatuaren amaiera eta bakea ez direla gauza bera, eta bakearen definizio hori onartzen duena zapalkuntzari zilegitasuna ematen eta zapaltzailearen aurrean altxatzen dena kriminalizatzen ariko dela, disidentzia politikoaren aurkako errepresioari erraztasunak emanez.

Esan bezala, ez da lehenengo aldia gure mugimendua, bere militantzia eta berarekiko begirunea publikoki adierazi duten preso politikoak errepresioaren jo puntuan jarri gaituztela, poliziaren jarraipenak eta kolaborazio eskaerak, Audientzia Nazional espainolak gurekiko egiten dituen informeak eta politikari eta kazetari txakurrek gure errepresiorako giroa prestatzea berria ez den bezala.

Hala ere, jokaera horiek gogortu egin dira azken egunotan eta horregatik publikoki adieraztera gatoz horrelako mehatxuekin ez gaituztela kikilduko eta gure lana orain arte bezala burutzen jarraituko dugula. Isildu nahi gaituzte, kartzelan nahi gaituzte eta horretarako baldintza mediatikoak prestatzen ari dira. Estatu kapitalistek berezkoa dute errepresioa, ez dute biolentzia iraultzailearen aitzakiaren beharrik egurra ematen jarraitzeko, bilatzen dutena ez delako bakea, baizik eta sumisioa. Militanteak atxilotzen eta kartzelatzen jarraituko dute askatasunaren aldeko azken hazia desagerrarazten duten arte... ala egoerari buelta eman eta borrokaren bitartez garaipena eskuratzen dugun arte.

Amnistia eskatzen jarraituko dugu, gudariak direlako, harrotasunez aldarrikatu nahi dugulako errepresaliatu politikoek burututako borrokaren zilegitasuna eta askatasunaren aldeko borrokan jarraitzeko hartu dugun konpromisoa, ez dugulako onartuko historiaren manipulaziorik eta 'Meliton Manzanas' edo 'Carrero Blanco' ugari izan direla azalduko dugulako. Amnistiaren aldeko oihua zabaltzen jarraituko dugu ez dugulako onartzen espainiar eta frantziar Estatuek askatasun nazional eta soziala lapurtzen jarraitzea. Amnistia aldarrikatzen jarraituko dugu badakigulako askatasuna lortzeko egiten dugun ezer ezin dela etsaiek gu zanpatuta mantentzeko egiten dutena baino okerragoa izan. Jo ta ke irabazi arte!

Euskal Herria, 2018ko maiatzaren 5a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.