Ezkiak, udaran itzala, udaberrian eztia

Alamo Temblon svgsilh.comEzkiak hosto berde biziz jantzi dira dotore berriro ere, Artia auzoan (Irun). Laister entzungo dira euren baitan babesa aurkitzen duten txorien kanta alaiak. Ezti gozoaren usaina jarioko dute eta itzal ederra zabalduko dute beroaldian. Zorionak laguntzen bagaitu, udazkenean gorrituko dira urtero legez, neguaren biluztasunaren gogoetak lotsaraziko balitu bezala. Neguan, bronkiodun bizidunak direla oroitaraziko digute. Eta berriro iritsiko dira udaberriaren jantziak.

Leihoko ikasgelatik sasoiak ikusi eta ikasi dituzte Artiako umeek. Garaian garaiko aldaketak zuhaitzen bitartez iristen zaizkie hirietako haurrei, zer esanik ez konfinamenduan. Zuhaitzek maisuak izaten ere badakite. Umeen gisara, begiak, usaimena eta sentikortasuna piztuta izatea besterik ez dugu behar beraien ikasleak izateko.

Hirietako zuhaitz helduen opariak denok goxatzen ditugu. Mugitzen ez badira ere, ez daude inoiz geldirik. Artian egunero igarotzen duten milaka ibilgailuen ixuri toxikoak irensten dituzte arnasteko behar dugun aire garbia itzuliz Milaka berogailu eta elektrotresnen kutsadura eta erradiazio kaltegarriak ere jaten dituzte zuhaitz hauek. Trafikoaren zarata eta haizeteak leunago iristen zaizkigu, beraiei esker. Partikula txikiak euren hostoetan itsasten dira guk arnas ez ditzagun. Gure osasunaren bermatzaile nagusiak dira. Ezkiak irakasleak, zuhaitzak sendagileak.

Muxutruk ematen digute dena, opari guztiak bezala. Zenbaezinak dira azken berrogei urteetan ezki osasuntsu hauek irentsi dituzten CO2 tonak. Kalkulaezinak ere, euren adasketan pausatu diren hegaztiak. Guztion ongizatearen aldeko langile nekaezinek ez diote orain arte arazo bat bera ere eman ez auzoari, ezta hiriari ere. Aitzitik, onurak besterik ekarri ez dizkiguten auzokide eskuzabalak direla esango genuke.

Irungo Udaleko ordezkariak ordea ez omen dira jabetu zuhaitz hauek Iruni ekartzen dioten onuraz. Usaimena, ikusmena, entzumena eta sentikortasuna atrofiatuak dituztelakoan gaude, zuhaitzen eskaintzak saritzeko oso era bitxia aurrikusi baitute: mende erdiko berrogei eta zazpi ezki ederren heriotza. Halaxe baieztatu baitu Udalak berak, era extraofizialean, mozketaren berria publikoki ematera oraindik ausartu ez delako. Pandemia dela eta bertan behera gelditu zen martxorako hitzartua zegoen mozketa. Gezurra badirudi ere, koronabirusak arnasa eman dio auzoari.

Tamainako triskantza egiteko joan den abenduko hurakan haizeteen ondorioz jadanik gaixo zeuden ale gutxi batzuk erori izanaren aitzakia baliatzen du Udalak. Banan banako ikerketarik egin gabe, ezki guztiak erortzeko arriskuan daudela argudiatzen du udalak kontratatutako enpresak egin duen txostenak. Baina irizpide hau ez da inongo oinarri zientifiko-objektiboan sustengatzen. Aitzitik azpimarragarriena: berrogei eta zazpi ezki handiak tente mantentzea nahiz eta haizete bortitz ezohiko horiek jo. Zuhaitzak bota behar duen enpresak berak egin du zuhaitzen mozketa aholkatzen duen txostena. Susmagarria ezta?

Artiako Lagunak zuhaitzen bizitza salbatzeko helbururarekin jaio den auzokideen kolektiboa da. Hitzekin mintzatzeko gauza ez diren zuhaitzen ahotsa bilakatu da. Ezkiak ez mozteko galdegiten diote udalari. Eskari hau 2,300 lagunek sinatu dute (2000 lagunek online eskaeran eta 340 paperezko eskaeran) eta orain, adopzio kanpaina bat dago martxan. Berrogei eta zazpi elkartek (Ekologistak Martxan, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, SEO Birdlife, Ariba Las Ramas, Kolonbiako ProÁrbol eta Txileko Red Árbol Urbano haien artean) eta denda txiki batzuk ere ezki bana adoptatu dute. Truke, ziurtagiri bat jaso dute eta horrekin batera, ezki bakoitzarentzaren konserbatzeko eta mantentzeko udalari eskaera.

Larrialdi klimatikoaren inguruko kontzientzia hazten ari den honetan, tokiz tokiko zuhaitzak defendatzeak auzoaren mugak gaindizen ditu eta mundu hobe baten aldeko aldarria bilakatzen da. Zuhaitzak dira, euren existentzia hutsarekin, beroketa globalari mugak jartzen dizkioten izaki bizidun garraintzitsuenak. Eta helduak badira, askoz ere gehiago. Basamortutako lurretan landaketa masiboak bezain inportanteak dira zuhaitz zaharren zainketak. Biak datozen belaunaldien biziraupenerako ezinbestekoak direnez, Artiako eta munduko adaska eta sustrai guztiak defenda ditzagun.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.