Euskararen presentzia Hondarribian kinka larrian

imagen

Abotsanitz.- Soziolinguistika Klusterrak 2022an egindako txostenean hizkuntzen erabileraren kale neurketako datuek diotenez, azken bost urteetan euskararen presentzia gure kaleetan % 8 a baino gehiago jeitsi da.

Datu bilketa Hondarribiko auzo ezberdinetako kaleetan (Alde Zaharra, Portua, Amute Kosta, Puntala, Akartegi eta Zimizarga) entzuten ziren elkarrizketak oinarri hartuta, 2021. urteko iraila eta urria bitartean burutu zen. Sexu eta adin ezberdinetako 5.000 elkarrizketa inguru behatu dira.

Egindako azterketak, Hondarribiko kaleetan nagusiki gaztelaniaz hitz egiten dela aditzera ematen du. Aztertutako % 75ak gaztelaniaz jardun du. Euskaraz, % l6ak, frantsesez % 6 ak eta beste hizkuntzetan % 2 ak.

Hizkuntzaren erabileraren bilakaera 2016ko datuekin alderatuta bereziki deigarria da, Gaztelaniaren presentzia igo den neurri berean jaitsi baita Euskararena.

Abotsanitzek, kezka handiz jaso ditu Soziolinguistika Klusterrak aditzera emaniko datu hauek. Informazio honek ez du harridura sortu, izan ere Hondarribitar askok sumatzen dugu euskararen erabilera urria herriko kaleetan. Kezkaz jaso dugula diogu, Hondarribitarron % 65 inguruk Euskaraz jakinda euskara oso gutxi entzuten delako, eta dakienak hitzegiten ez badu..., jai daukagu.

Herritar guztiok erronka itzela dugu. Hondarribiko Udalak ere Euskara sustatzeko politika aktiboak bultzatu beharko lituzke, euskara babestu, Hondarribia euskararen arnasgune bihurtu...

Abotsanitz Udal Taldeak, gai hau jorratzeko batzorde batetan lanketa egitea eskatu du, txostenaren inguruan jarduteko, informazioa sakon aztertzeko, bilakaera honen arrazoiak identifikatu eta eraldatzeko , denon artean egoerari buelta eman ahal izateko, Euskara denon hizkuntza baita.

Etiquetas: