2022ko jaien balorazioa

Hondarribia

Abotsanitz.- Susmoa genuen 2022ko jaiak, bi urteren etenaldiaren ostean, jendetsuak izango zirela. Eta hala izan da. Inoiz baina jendetsuagoak izan direla diote herritar gehienek, batez ere Irailaren 10a. Jende asko ikusi dugu kalean, bertako bizilagunak baita inguruko herrietako pertsonak ere.

Hainbeste jende biltzen denean gatazkak sortzeko eta erasoak egoteko arriskuak gora egiten du, baina, oro har, giro polita egon dela esan dezakegu. Intzidentzia kopuru txikia egon da eta eraso matxisten aurkako protokoloa martxan jarri bazen ere ez da salaketarik egon. Hala ere, eremu seguruak gehitzen eta indartzen jarraitu behar dugu neska, mutilek, emakume zein gizonek jaiez modu librean gozatu ahal izateko.

Jaien egun nagusian, Irailaren 8an, azken 25 urteetako egunik zirraragarri eta politena bizi izan genuen. Soldaduen, nesken zein mutilen, irribarreak hala adierazten zuen. Bide onetik goazela uste dugu, bina lan asko dugu oraindik egiteko.

Ondo pasatzeko borondateak eta giro onak hartu dute protagonismoa 2022ko jaietan, eta bide horretan arduratxo batzuk ere ahaztu ditugu; bestondoak plastikozko alfonbra bat utzi digute ia egunero. Kontutan izanda jai-eremu nagusia itsasoaren ertzean dagoela, plastiko askok uretan bukatu dute. Ontzi-itzulgarrien kanpaina martxa izan den arren, ez dugu lortu plastikoen kopurua jaistea. Hausnarketa bat merezi du gai honek.

Udal kudeaketan aurreikuspen falta nabaritu dugu ohikoak zizkigun gaietan: aurten ere, komun eskasia nabaria izan da, eta nonahi eta nolanahi egin ditu jendeak bere beharrak. Honek baditu bi ondorio nagusi: alde batetik, zikintasuna eta usain txarra zabaltzea eta bestetik, neskak egoera zaurgarrian uztea, askotan txoko ilunetara joaten baitira bakarrik, arriskua biderkatuz. Jaien antolakuntzan genero ikuspegia txertatzea behar–beharrezkoa da.

Bestalde, azken boladan jasaten dugun aparkatze-lekuen falta ere askoz nabariagoa izan da egun hauetan eta lanera joan behar izan direnak gorriak ikusi dituzte etxera bueltan kotxea modu txukunean uzteko.

Eta bai, guk ere faltan bota dugu Irailaren 10ko arratsaldeko txaranga!!

Etiquetas: