Abotsanitz.- Hondarribitar askok ez dute Hondarribian bizitzeko aukerarik. Ez da arazo berria, baina urteak joan ahala egoera zuzendu beharrean, okerrera egin du: 1996ko arau subsidiarioetan zehaztutako plangintzaren arabera, hurrengo urteetan Hondarribian 1.354 etxebizitza publiko (babes ofizialekoak edo tasatuak) eraiki behar ziren, eta 921 pribatu.
Bada, urte hori eta 2020 urte artean 527 etxe publiko bakarrik eraiki dira, eta, aldiz, pribatuak, 2.135. Arauen arabera, %59,5 izan behar zuten publikoek, baina %19,8 baino ez dira izan. Eta pribatuak, %40,5 izan behar ziren, eta %80,2 izan dira, eta aurreikusitakoak baino 1.214 gehiago eraiki dira gainera.
Hondarribiaren etorkizuna diseinatuko duen plan orokorraren prozesua martxan dago, eta azken urteetako hirigintza politikak izandako desoreka zuzentzeko aukera irekitzen da. Hondarribiak beste etxebizitza politika bat behar duela uste dugu eta horregatik “HONDARRIBIAN BIZI NAHI DUGU” lanketa abiatu genuen, beste neurrien artean, etxebizitza publikoa lehenestea aldarrikatzen duena.
Bilera irekia: Azaroaren 9an Kultur etxeko 103.gelan
Badakigu, hala helarazi digutelako, gazteen kezka nagusia etxebizitza lortzeko zailtasuna dela eta etsipen sentimendua handia dela, baina orain aukera bat irekitzen da. Herritarrek hirigintza plan honen prozesuan parte aktibo izateko ahalmena dute eta potentzialitate honen garrantzia azpimarratu nahi dugu, horregatik
datorren asteazkenean, Azaroaren 9an Kultur etxeko 103.gelan bilera irekia egingo dugu arratsaldeko 19:00tan. Elkarrizketa sustatu eta aurrera begirako pausuez hausnartzeko helburua du topaketak honek. Etxebizitza lortzeko arazoa bereziki gazteena izan arren, arazo bertikala bihurtu da eta helduei ere eragiten die, beraz gaiarengatik kezkatuta dagoen orori zuzentzen diogu gonbidapena.
#hondarribianbizinahidugu
- 154 irakurketak
- Castellano