842 alegazio aurkeztu dira gaur Donostiako Gobernu-Ordezkaritzan AHTren Astigarraga-Oiartzun-Lezo proiektua bertan behera uztea eskatzeko

AHTren Astigarraga-Oiartzun-Lezo proiektuaren (Ikerketa Informatiboa) aurkako 842 alegazio aurkeztu dira gaur Espainiako Gobernu-Ordezkaritzak Donostian duen egoitzan. Azken egunotan Martutenen, Donostian, Errenteria/Oreretan, Oiartzunen eta Lezon bildutako alegazio horiek AHTren egitasmoak sorraratzen duen aurkakotasun sozial garrantzitsuaren adierazle dira. Tartean LAB sindikatuak, Eguzki talde ekologistak, Martuteneko Auzo elkarteak, Uliako auzo elkarteak, AHT Gelditu! Elkarlanak, 2016desokupatu ekimenak eta Alternatiba Eraikitzen taldeak izenpeturikoak daude. Gaur goizean 20 lagun inguru elkarretaratu dira Gobernu-Ordezkaritzaren aurrean, “AHTren EROKERIA GELDITU” lemadun pankarta zabaldu eta alegazioen aurkezpen koletktiboa egiteko.

Aurkeztu ditugun 842 alegazioen dokumentuan:

1)Egitasmoa honek lurraldeari eraso egiten diola salatzen dugu: Martuteneko Ibarra Donostian, Zamaldide Oreretan, Ugaldetxo-Arragua Oiartzunen eta Gaintxurizketa Lezon dira inguru zigortuenak.

2) Egitasmo honi loturiko beste azpiegiturek ere desadostasun sozial eta instituzional garrantzitsua eragiten dutela adierazten dugu: Lezo-Gaintxurizketan ezarri nahi den merkantzien garraiorako plataforma logistikoa eta Jaizkibelgo Supeportua.

3) Egitasmoaren justifikazio falta azpimarratzen dugu: izan ere, Ikerketa Informatiboak berak onartzen duenez, egungo trenbide sareak trafiko guztiak bideratzeko gaitasuna izango du, hirugarren errailarekin trenbide zabalera europarrera egokituko denean, azpiegitura berri bat eraiki behar izan gabe. Are gehiago, Gobernu frantziarrak Bordeletik hegoaldera Abiadura Handiko Trenbide berri bat eraikitzeko asmoa baztertu duenean.

4) Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteko eraikuntza lanen kostu ekonomiko itzela salatu (440 milioi eurotan aurrikusten da proiektuan) eta bestelako premia sozialei lehentasuna ematea aldarrikatzen dugu.

5) AHTren Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatiaren tramitazioa bertan behera uzteko eta “Euskal Y”-aren eraikuntza lanak geldiarazteko exijitzen dugu, makro-proiektu honek lurraldean eta gizarte ereduan dituen eraginak kontuan hartuta, herritarren artean eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat abian jar dadin.

Donostiako eta Oarsoaldeako AHTren aurkako taldeek

Etiquetas: