"Jose Antonio Santano bere konbenientzia politikoa irundarren eta hondarribiarren eskubideen gainetik" jartzen ari dela salatu du Foru Aldundiak

fotoHerritarren Partaidetzarako Foru Zuzendaritza.- Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur salatu du Irungo Udal Gobernua Partaidetzako Aurrekontuen ekimena oztopatzen ari dela. Partaidetzako Aurrekontuak Gipuzkoako 10 eskualdetara hedatzeko asmoa zuen GFAk aurten, baina Bidasoaldeko parte hartze prozesua geldirik dago momentuz.

"Partaidetzako Aurrekontuen ekimena Bidasoaldeko herritarrentzako onuragarria da, baina ez, ordea, Santanorentzat. Eta horregatik ari da boikoteatzen", salatu du Foru Aldundiak. Trabak traba, "irundarrekin eta hondarribiarrekin duen konpromisoa betetzeko alternatibak bilatzen ari gara", esan du Maider Otamendi Aurrekontuetako zuzendariak.

Maider Otamendi Finantza eta Aurrekontuetako zuzendariak eta Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako zuzendariak agerraldia egiten dute gaur Foru Aldundia Partaidetzako Aurrekontuen prozesua Bidasoaldean martxan jartzeko izaten ari diren arazoen berri emateko.

Herritarren kudeaketa publikoan erabakiak hartzea ahalbidetzen duen ekimena da Partaidetzako Aurrekontuena. Foru aurrekontuetako 20 milioi euro gipuzkoarren esku jartzen ditu GFAk, herritarrek, parte hartze prozesu baten bidez, erabaki dezaten zein proiektutan inbertitu.

Foru Aldundiaren asmoa zen Partaidetzako Aurrekontuen ekimena 10 eskualdetan martxan jartzea eta, egun, 9 eskualdetan dago prozesua martxan.

"Zoritxarrez, Bidasoaldeko prozesua -Irunen eta Hondarribian- atzeratzen ari da Irungo Udalaren jarrera ulertezina dela eta", adierazi du Maider Otamendik.

"Foru Aldunditik salatu nahi dugu Irungo Udalaren Gobernuak Foru Aldundiaren parte hartze prozesuari egin nahi dion boikota. Salatu nahi dugu Jose Antonio Santano Irungo alkate jauna eta bere udal taldea konbenientzia politikoa ari dela jartzen herritarren interesen gainetik. Bere feudoari eusteagatik herritarren eskubideak mespretxatzen dituela Santanok eta Bidasoalderako onuragarriak izango diren ekimenak arrazoirik gabe baztertzen ari dela", baietsi du Finantza eta Aurrekontuetako zuzendariak.

"Santano jaunaren argudioak dira: ekimena Foru Aldundiarena dela eta hauteskunde garaian gaudela. Beraz, eskualderako eta herritarrentzako onuragarria izan arren, Partaidetzako Aurrekontuen ekimena ez da Santanorentzat onuragarria. Eta horregatik ari da boikoteatzen", erantsi du.

"Irundarrek eta hondarribiarrek Bidasoaldea hobetzeko proiektuak proposatzeko eskubidea dute, 2 milioi non inbertitu erabakitzeko eskubidea dute eta Irungo alkatea eta bere Gobernua haien esku dituzten trikimailu eta oztopo guztiak baliatzen ari dira herritarren eskubide hori ukatzeko", azaldu du Otamendik.

Horrekin batera, Bidasoa Bizirik eskualdeko garapen agentziak ere uko egin dio parte hartzeari. "Susmoa dugu Irungo Ugal Gobernuak erabaki horretan zerikusia izan duela. Bestela, ulergaitza egiten zaigu garapen agentzia batek eskualdea garatzeko proiektu bati, 2 milioi euroko inbertsioak ahalbidetzen dituen proiektu bati, uko egitea, bazterrean uztea. Herritarrek nekez uler dezakete, gure ustez, Bidasoaldeko erakunde publiko horiek, ustez, herritarren interesak defendatzen dituzten erakunde publiko horiek, herritarren interesen kontra hain nabarmen doan jokaera bat hartzea".

Partaidetzako Aurrekontuak Gipuzkoako beste 9 eskualdeetan martxan daude eta udal guztiak eta garapen agentzia guztiak, edozein kolorekoak izanda ere, prest azaldu dira elkarlanean aritzeko, parte hartze prozesua baldintza egokietan gauzatzeko.

Oztopoak oztopo, "Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu honek herritarrekiko konpromiso bat du, irundarrekin eta hondarribiarrekin, kasu honetan, eta konpromiso hori betetzeko urratsak egiten ari gara", nabarmendu du Otamendik.

Partaidetza prozesua beste 9 eskualdeetan

Arantza Ruiz de Larrinagak azaldu du Gipuzkoako beste 9 eskualdeetan parte hartze prozesua martxan dagoela. "Lehen fasea, proposamenak jasotzekoa, amaitu berri da. Apirilean hasi eta lau astez herritarrek, herri elkarteek, udalek eta eskualdeko garapen agentziek proposamenak egin dituzte", esan du.

Prozesu horren bidez, eskualde bakoitzeko herritarrak 2 milioi euro datozen lau urteotan non inbertitu erabakitzen ari dira. Guztira, foru aurrekontuetako 20 milioi euro jarri ditu Foru Aldundiak herritarren esku. "Haien proposamenak interneten bidez jaso ditugu, postontzietan eta parte hartze tailerretan. Teknikariak proposamen horiek guztiak sailkatzen ari dira eta horri buruzko informazioa laster emango dizuegu", gehitu du.

Partaidetzazko Aurrekontuen ekimena 2013an abiatu zuen Foru Aldundiak. 2013an, eskualde batean, Urola Erdian, egin zen esperientzia pilotua. "Bertan herritarrek erabakitako  ekintza guztiak (7) eginak daude. Haren ondoren, 2014an, lau eskualdetara hedatu genuen eta 29 ekintza egitea erabaki zuten herritarrek. Horiek exekutatzeko fasean gaude. Ekimena eskualde mailakoa da eta Aldundiaren eskumeneko proiektuak erabakitzeko ahalmena du. Aurten helburua da ekimena Gipuzkoako eskualde guztietara zabaltzea eta horretarako ari gara lanean".

Etiquetas: