Festetan animaliak esplotatzen jarraitzen dela salatzen du Askekintzak

Atzoko egunez Martuteneko Auzoko jaiak bukatu ziren, Donostialdeko azkenak. Bertan animaliak erabili ziren, haien nahiak errespetatu gabe, entretenimendurako zein jateko. Hauek inguruko herrialdetan gertatu direnaren adierazle garbia besterik ez dira.

Oreretan, Pasai Antxon, Pasai Donibanen, Usurbilen, Astigarragan, Hernanin, Oiartzunen, Lezon eta Igeldon sokamuturrak, idi-probak, zaldi-probak eta arrantza eta hegaztiak tirokatzeko txapelketak burutu dira. Donostiako auzoei dagokienez Herreran, Altzan, Txominen eta aipatutako Martutenen animaliak erabili dira, txerriak adibidez, hauek harrapatzeko txapelketak egiteko. Ezin ditugu ahaztu hemen Illunben erail diren 24 zezenak. Oso larria iruditzen zaigu gure kultura eta jai eredua beste norbanako batzuen zapalkuntzan eta sufrimenduan oinarrituta egotea oraindik, jakinda animalia guztiok aske izateko interesa eta berdin sufritzen dugula. Egungo egoera salagarria da eta komunikatu honekin argitu nahi dugu.

Askekintzaren lana festa eredu hau aldatzea da eta horretarako herritarren inplikazioa eta parte hartzea beharrezko dira. Parte hartze horren adibide dira Oreretako Madalenak, non jai komisiotik bazkari herrikoiak aukera beganoa izan duen, bola erraldoiaren entzierroa aurrera eraman den eta idi-probak ez egitea erabaki den, azken hauek gizon eta emakume probengatik ordezkatuz. Hondarribia eta Martutenen animaliarik gabeko entzierroak egin ziren, umeentzako.Orereta izan da, Zarautzekin batera, aukera beganoa eskaini duen herrialde edo auzo bakarra bere bazkari herrikoietan. Beste herri guztiek beren jaietako bazkarietan animaliak erabili dituzte, sufrimendua eragiten duen ekintza hauek ekidin daitezkeela jakinda askotan.

Euskal jendeartea orohar, eta festak bereziki, espezistak dira. Animaliak diskriminatu egiten dira espeziea dela eta. Espezismoak indarkeria espezista eta esklabotza dakartza. Hau da, animaliak kaioletan sartzen, zapaltzen eta erailtzen dira, helburu ekonomiko edo kulturalengatik. Animalia guztiok, ordea, gozatzeko eta sufritzeko ahalmen eta nahi berak ditugu. Berdinak gara beraz. Horregatik kultura eta festa eredu espezista injustua da eta aldatu beharrean gaude. Animaliak erabiltzeari utzi behar diogu hemen eta orain.

Hori da Askekintzak egiten duen lana Festak Ospatu Animaliak Askatu kanpainaren bitartez. Animaliak pareko direla konturatzea, ez gure baliabide huts, eta animalien erabilerarik gabeko festak bultzatzea beganismoa zabalduz. 2 urte daraman kanpaina honetan jai batzordeetara eta udaletara gerturatu gara eta animaliekiko bidegabekeriak gertatzen direnean protestatzen izan gara.

Zentzu horretan 2016. urteko kanpaina prestatzeari ekingo diogu aurki. Eta animaliekiko solidaritate eta errespetu gutxiengo bat duen herritar oro deitu nahi dugu. Norberaren herrian lana eginez festa eredu kulturala aldatu dezakegu eta animalia guztion berdintasuna aldarrikatu. Jendarte justuago bat lortuko dugu horrela, indarkeria eta esklabotza espezistak ezabatuz.

Denok animaliak garelako.

Etiquetas: