AHT GELDITU! Elkarlana.- Elkarretaratzea datorren abenduak 23 asteazkenean egingo da, Eusko Legebiltzarrak aurrekontuak onartuko dituen egunean, “Ana Oregi, dena orlegi: Ingurumen aurrekontuen %52 AHTrako” lemapean. AHT GELDITU! Elkarlanak deituta, elkarretaratzea egingo da datorren abenduak 23 asteazkenean, arratsaldeko 18etan Jaurlaritzak Donostian duen ordezkaritzaren aurrean (Andia kalea 13, Alderdi Ederreko izkinean), 2016 urteko EAEko aurrekontuetan AHTrako bideratzen den 350 milioi eurotik gorako gastua salatzeko. “ANA OREGI, DENA ORLEGI: INGURUMEN AURREKONTUEN %52 AHTrako” lemapean egingo da protesta, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzak 2010 urteaz geroztik etengabe egin bezala, “Euskal Y”-aren obretarako 2016 urtean 350’53 milioi euroko diru-partida bat jarriko duela salatzeko.
Protestaren leloak dioenez, AHTren gastu itzelak Ingurumen Sailaren bizkarretik ordaintzea gogor salatu nahi dugu, Ana Oregiren departamenduaren aurrekontuen %52a zurrupatuz. Honi dagokionean, aldaketa klimatikoari buruzko Pariseko gailurra amaitu berri denean, salatu nahi dugu “Euskal Y”-aren eraikuntza lanek 2’5 milioi tona CO2 isurtzea dakartela berekin; ondorioz, Eusko Jaurlaritzak AHTri esker ustez murriztuko litzatekeen erregai fosilen kontsumoaren inguruan eman dituen datuak hartuta –hau da, datu horiek zuzenak direla suposatuko bagenu, nahiz eta ez den horrela –, errealitatean 100 urte baino gehiago igaro beharko da “Euskal Y”-aren bidez negutegi efektuko gasen isurketa ustez “aurrezten” hasteko.
AHTren pintura “ekologizatzailearen” kontua alde batera utzita, Eusko Jaurlaritzak 2015 urtera bitarte AHTren obran “aurreraturiko” gastuak jadanik 2001 milioi eurokoak direla salatzen dugu, 2018 urtera bitarte konprometatu duen diru-kopurua 2.570 milioi eurotara igotzen delarik, AHTren Bergara-Irun adar bakarraren eraikuntzarako. Aldiberean, Espainiako gobernuak 2016ko aurrekontuetan beste 290 milioi euro xahutzea aurrikusten du “Euskal Y”-aren eraikuntzan. Hortaz, 640 milioi euro xahutuko dituzte 2016an azpiegitura-lan erraldoi eta txikitzaile honetan: aipagarria da datozen urteetan “Bergarako korapiloaren” erdian dagoen Udalaitz mendia zulatuko duten tunel erraldoien lan gogorretan arituko dira batipat. Gauzak horrela, makro-eraikuntza honekin lurraldeari eragindako eraso larriez gain, AHTren gastu publikoek gizarte mailan errenten banaketa desorekatua areagotzea dakartela salatzen dugu eraberan.
Hori denagatik, datorren asteazkenean Donostian “Ana Oregi, dena orlegi: Ingurumen aurrekontuen %52 AHTrako” lemapean deitu den elkarretaratzean parte hartzeko dei egiten, bai baliabide publikoen xahuketa salatzeko eta bai AHTa pintura berdearekin zuritzen duten Ana Oregi bezalako politikari iruzurtiak salatzeko.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1400 irakurketak
- Castellano