EZ AHTrik EZTA MOXALIK ERE

AHTren aurka desobedientzia bultzatzen duen Mugitu! Mugimendutik, prentsa ohar honen bidez azken asteotan hainbat aurkarik jasotako isun zaparrada salatu nahi dugu. 3.200 € batzen duten zazpi isun administratiboez ari gara, Hiritar Segurtasun Legearen arabera ezarriak, bertsio zaharra (“Corcuela Legea”) zein bertsio berria (“Moxala Legea”) baliaturik. Isun hauetatik bost, iazko udan AHTren aurkako bizikleta martxa desobeditzailearen partehartzaile batzuk jaso dute, “Moxala Legea” ezarrita, ondarea zikindu, desobedientzia, exhibizionismo eta indar armatuekiko errespeto faltagatik. Bosten artean 2000€ra iristen dira. Nabarmendu nahi dugu zigortu nahi dela bereziki Gasteizko kaleetan abuztuaren 2an AHTren aurkako ekintza nudista, nahiz eta guztiz ekintza herrikoi eta baketsua izan. Hala ere, egun horretan Udaltzaingoa Ertzaintzaren sostenguz, bizikleta martxaren aurka basaki oldartu zen, haustura bat eta ubeldu asko eraginez. Partehartzailetako batek bi isun ezberdin jaso ditu aipaturiko bi polizia gorputzetatik.


600 €ko beste bi isun 2013ko azaroan Nafarroako Diputazio Jauregian kateatu ziren bi aurkariei ezarri zaie. Epaitu eta agintariei erresistentzia eta desobedientziagatik errugabetuak izan ziren pertsona hauek “Corcuera Lege” zaharretik eratorritako isun administratibo hauen bidez zigortzen dituzte orain. AHT inoiz baino gehiago auzitan dagoen une honetan, boteregunetatik aurkaritza isildu nahi dute moxala eta isunen bidez. Askatasunen eta eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso honen aurrean, AHT salatzen eta kontrako mobilizazioak bultzatzen segituko dugula berresten dugu, harik eta benetako behar sozialetatik aparte dagoen tren elitista, antisoziala, xahutzaile eta txikitzaile hau betiko gelditu arte.

Segi dezagun AHTri desobeditzen.

Mugitu! Mugimendua

Etiquetas: