Donostian Metroaren egitasmoa gelditzeko banderolak balkoietan, sinadura bilketa eta manifestazioa

Metroa gelditzeko Donostiako “Satorralaia” bizilagunen mugimendua.- Donostian Metroaren proiektua gelditzeko “Satorralaia”  bizilagunen mugimenduak datozen asteetan hainbat ekimen antolatu ditu,  hirian desadostasun zabala pizten duen egitasmo hori geldiaraztea eskatzeko.

Badira hiru hilabete baino gehiago Ana Oregi Ingurumen eta  Lurralde Antolaketa sailburuari biltzeko eskaera egin geniola. Eneko Goia alkateak, bestalde, vilera hori egiteko eta  auzi honetan prozesu partehartzaile bat abian jartzeko gure eskakizuna Jaurlaritzari helarazteko konpromezua hartu zuen orduan. Eskaera horrek ez du inolako erantzunik jaso ordea. Aldiz,  Donostian Metroaren egitasmoa zein modu ilun eta azkarrean daramaten ikusita,  Euskal Gobernuak partehartze prozesu bat abian jartzeko daukan borondatea oraingoz hutsaren hurrengoa dela  salatzen dugu.

Hori dela eta, bizilagunen mugimendu honek bi ekimen aurkeztu nahi ditu gaur, herritarrek egitasmo honekiko oposizioa adierazteko eta gure hiriak behar duen garraio-ereduari buruz erabakitzeko prozesu partehartzaile bat ireki dadin aldarrikatzeko.

Batetik, “METROARI STOP” leloa daramaten banderolak balkoietan jartzeko dei egiten diegu herritar guztiei. Banderola horiek datorren astean eskuragarri izango dira eta gure hirian aski ezaguna den Detritus pintoreak egin du. Bestetik, sinadura bilketa bat egiten hasi gara hiri osoan, honako hiru eskakizunekin:
  - Donostiako Metro pasantearen edo igarobidearen proiektua gelditzea.
  - Eusko Jaurlaritzari, Donostiak behar duen garraio-ereduaren inguruan prozesu partehartzaile bat ireki dezan eskatzea.
  - Gipuzkoako Diputazioari, Metroaren lanak finantzatzeko diru-laguntzak emateko asmoa duela eta, egitasmo horren inguruan herritarrek duten iritzia ezagutzeko Donostian herri-galdeketa bat egin dezan eskatzea, 01/2010 foru-arauan oinarriturik.

Bi ekimenhauen eta datozen egunetan iragarriko ditugun ekintza gehiagoren buruan, manifestazioa egingo da ekainaren 18an Donostian Metroaren egitasmoa gelditzea eskatzeko.

Herritar eta talde guztiei ekimen hauekin bat egiteko deitzen diegu beraz, Donostian Metroa eraikitzeko proiektua bultzatzen duten erakundeak egitasmo honek donostiarren artean pizten duen desadostasun zabalaz ohar daitezen eta auzi honetan eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat ireki dezaten.

Halaber, asteazkenero egin ohi dugun kontzentraziora biltzeko dei egiten dugu, San Martingo azokan (Loiola kalean) arratsaldeko 18’00etan. Bertan herritarrek informatzeko, orriak sinatzeko edota banderolak eskuratzeko aukera izango dute.

Etiquetas: