Agian jakingo duzunez, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (OEIT) Gipuzkoan lan egiten dugun mediku eta osasun langileak gara, eta oso kezkatua gaude errauste plantek sortzen dituzten gaixotasunekin. Gaurkoan, zuengana jotzen dugu oso kezkatua gaudelako errausketa eta osasunaren inguruan entzun eta ikusi ditugun zenbait kontu eta jarrerekin. Jarraian eskutitza bidaltzen dizuegu, egoera larri honen aurrean gure iritzia zein den jakin dezazuen.
GIPUZKOAKO IRITZI PUBLIKOARI
Osasuna eta Errauskailua Ikerketa Taldea (OEIT) 2004an hasi zen hondakinen errausketari buruzko azterketa zientifiko zorrotzenak aztertzen, ikuspegi profesional hutsetik, ideologia politikoetatik at. Zubietako errauskailuaren proiektua berriz ere martxan jarriko zela iragarri zenean OEIT berriro jendaurrera atera zen. Orduz geroztik gure azterketen emaitzak gipuzkoarrei aurkezten aritu gara. Gaurkoan, zuengana jotzen dugu oso kezkatua gaudelako errausketa eta osasunaren inguruan entzun eta ikusi ditugun zenbait kontu eta jarrerekin.
Orain dela egun batzuk, Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egin zuten Juan
José Aurrekoetxeak, EHUko prebentzio-medikuntzako irakaslea, eta Jesús María Ibarluzeak, BioDonostia-ko Ingurumeneko Epidemiologia eta Haur-garapeneko sailaren arduraduna eta Osasun Publikoan doktorea. Bertan, errausketa eta osasunaren arteko harremanaz aritu ziren eta erraustegien inguruan dioxinak kontrolpean egoten direla defendatu zuten. Bi ikerlarien agerraldi hauek prentsan luze eta zabal jorratuak izan ziren, besteak beste, Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoa egunkarietan.
Aldiz, guk, OEIT, Gipuzkoako Batzar Nagusietan parte hartu genuenean, pasa den maiatzaren 23an, salbuespenak salbuespen, inork ez zuen gure agerraldiaren berririk eman. Honek egun dagoen kazetaritza motari buruz gogoeta egitera eraman gaitu. Argi dago gaur egun informazioa ematea ez dela helburua, baizik eta herritarrak adoktrinatzea. Izan ere, arestian aipatutako komunikabideetan gure agerraldiari eskainitako tartea hutsaren hurrengoa izan zen.
Are gehiago, bi komunikabide horietan agertutako zenbait publikazioetan gure taldeari iraindu egin zaio ikerketa zientifikoen berri eman izanagatik. Eta hala eta guztiz ere, ez digute erreplikarako aukerarik ere eman. Gure taldeari ematen dioten trataera informatiboaren ondorioz, informatzeko garaian iturri desberdinetatik iritzi desberdinak jasotzeko eskubidea urratzen da, erreplikarako eskubidea urratzen da, herritarrei informazioa ezkutatzen zaie, emandako informazioak ez dira kontrastatzen... Jokabide hau ez dela bidezkoa iruditzen zaigu.
Aurrekoetxea eta Ibarluzeak esandakoari helduz, medikuak garen heinean gure betebeharra eta ardura da zenbait puntualizazio, ekarpen eta zuzenketa Gipuzkoako jendarteari, zuei, helaraztea:
Lehendabizi, dioxinen inguruan egindako ikerketak aipatzen zituzten, erraustegien inguruan dioxinak ez direla biderkatzen ondorioztatuz. OEIT-tik erraustegien inguruan dioxina mota batzuk gehiago edo gutxiago agertzea ez dela esanguratsuena uste dugu.
Inportanteena da erraustegien inguruan osasun arazo larriak sortzen direla. Zehazki, heriotza tasa handiagoa da eta gaixotasun larriak areagotu egiten dira erraustegien inguruan. Ikerketa asko daude joera hau baieztatzen dutenak. Izan dioxinagatik edo zaborra erretzerakoan sortzen diren beste partikula edo konposatu kimikoengatik -ezagun edo ezezagunak-, erraustegien inguruan minbizia izateko arriskua areagotu egiten da. Hori da errealitatea.
Aurrekoetxea eta Ibarluzeak aipatutako ikerketetan dioxina kopurua ez dela areagotzen baieztatu arren, ikerketa horiek ezin dute ziurtatu minbizia izateko arriskurik ez dagoela. Zeren eta dioxinak ez dira minbizia sortzen duten elementu bakarrak. Minbizia eragin dezakete metal astunek, NO2-k, SO2-k, CO2-k, hidrokarburo aromatiko poliziklikoek, material partikulatuak, furanoek, zepek, errautsek... Eta Artsenikoak (Bilboko erraustegiak berak onartzen duen bezala, Artsenikoa kontrolik gabe pilatzen ari da errauste plantaren inguruko lurretan).
Gainera, Aurrekoetxeak berak onartzen du “baliozko emaitzak” ikusteko “bi edo hiru urte” itxaron behar direla, minbizia eta edozein sustantziaren arteko harremana baieztatzeko “gutxienez 10 urte” behar direlako. Hau da, Aurrekoetxeak berak onartzen du oraindik ez dakigula erraustegiak ze eragina izango duen inguruan bizi diren pertsonengan.
Beste aldetik, Aurrekoetxea eta Ibarluzearen beste argudio nagusia da “erraustegia ez dela izango Gipuzkoan gehien kutsatuko duen planta”. Honen aurrean, jendea lasaitu baino ikaratu egiten dela uste dugu. Izan ere, Ingurumenaren kutsadura XXI. Mendeko arazorik larrienetarikoa da. Eta Ibarluzeak eta Aurrekoetxeak esaten ez dutena da toxikoak bio-metagarriak direla, hau da, zenbat eta esposizio handiagoa, hiltzeko eta gaixotzeko arriskua are eta handiagoa. Bada, Gipuzkoan dagoeneko dagoen kutsadurari zergatik gehitu beste toxiko-iturri erraldoi bat? Toxiko-iturriak gutxitzea eta ez gehitzea izan beharko litzateke erakundeen joera. Europako Parlamentua norabide horretan ari da aurrera urratsak ematen eta, horregatik, 2020rako birziklatu eta berrerabili daitekeena ez errausteko jarrera hartua du.
Erraustegiak eta minbizia lotzen duten ikerketen artean, bakarrik Carlos III Osasun Institutuak 2012an argiratutako ikerketa aipatu zuten. Ikerketa honi garrantzia kendu nahi izan zioten, erraustegi “zaharrei” buruzko dela esanez. Baina orduan, zergatik ez dute aipatzen erraustegi “modernoen” inguruan egindako beste ikerketarik? Nazioartean egindako hainbat azterketetatik eratorritako ebidentzia zientifikoek errauskailuek osasunean duten eragina zein den oso argi uzten dute. Besteak beste: Heriotza tasa orokorra %13 hazi daiteke errauskailu batetik gertu bizi diren guneetan, minbizia kasuek %3,5 egiten dute gora, Gibeleko minbizia kasuak %29 hazi dira eta biriketakoak %14, eta bar luze bat. Ez dugu guk esaten, Ashworth, Elliott, Porta, Ranzi, Ancona, Viel, Warnerrek eta beste askok esaten dute.
Era berean, Carlos III.arena behaketazko metodologiaren bidez egindakoa dela kritikatzen dute. Ez dute esaten, aldiz, horrela egin behar dela ezinbestean. Ez litzateke etikoa izango pertsonak toxikoen isurketaren eraginpean nahita jartzea, ea iturri horrek ze ondorioak dituen ikusteko. Horregatik, Ingurumeneko epidemiologian baitan, ikerketa ekologikoak erabiltzen dira (Walter, 1991).
Beste aldetik, Aurrekoetxea eta Ibarluzea dikotomia faltsu bat planteatzen saiatu ziren: ea erraustegiak ala zabortegiak nahi ditugun erabaki behar dugula. Baino hori ez da zuzena, erraustegiek ere bere zabortegi propioak behar dituztelako, bata zepentzat eta beste bat errautsentzat. Errautsak oso toxikoak dira eta gordetzeko segurtasun-zabortegiak behar dituzte. Zepak hondakinak erre eta gero sortzen diren hondakinak dira eta, zabortegi kontrolatu batean bota baino lehenago, tratatuak izan behar dute. Erraustegian sartzen den Tona bakoitzeko laurden bat zabortegian isuriko da. Eta honi erraustegiek tximinietatik botatzen dutena gehitu behar zaio. Adibidez, Zabalgarbik 2014an 235.000T CO2 isuri zituen.
Azkenik, bi ikerlariek azpimarratu zuten ez dagoela giza jarduerarik “arrisku 0” duenik. Ados gaude, hori horrela da. Baina ziur gaude hau izan zela Ibarluzeak eta Aurrekoetxeak erabili zuten bidea onartzeko erraustegi modernoenek ere sortzen dituzten keak, errautsak eta zepak oso arriskutsuak direla.
Hauek horrela, OEIT-tik behin eta berriz adierazten ari gara zuhurtasun-printzipioa ezarri behar dela. Are gehiago kontuan hartzen badugu Zubieta inguruan 270.000 lagun bizi direla, batez ere Donostian. Eztabaida sustatu behar da eta denon artean erabaki dauden aukeren artean. Eta alternatiba osasungarriagoak egon badaude. Bitartean, zuhurtasun-printzipioa aplika dezagun.
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 2087 irakurketak
- Castellano