Azaroak 16 asteazkenean, arratsaldeko 6’30etan, Satorralaia bizilagunen mugimenduak elkarretaratzea deitu du “Demokrazioa Zuzen Modernoari buruzko Foro Globala” dela eta Donostiako udaletxean egingo den hasiera ekitaldian, hain zuzen ere instituzioek Metroaren pasantearen inguruko eztabaidan eta erabakietan herritarren parte-hartzea sustatzeko inolako borondaterik ez dutela salatzeko. “NON DA PARTE-HARTZEA? INPOSAKETA DA!” lemapean, hirian desadostasun zabala pizten duen egitasmo honen inguruan parte-hartzeko biderik ez dagoela eta instituzioek herritarrei kontsulta egiteko inongo borondaterik ez daukatela salatuko dugu. Izan ere, gure ibilbidea ez-parte-hartzearen via crucis edo pelegrinazio baten modukoa izaten ari da: batetik, Euskal Gobernuak ezikusiarena egiten du eta auzi honetan prozesu partehartzaile bat abian jartzeko dagoen beharra helarazteko asmoz harekin biltzeko egin genion eskaerari ez dio erantzunik ere eman; bestetik, parte-hartzeko bideak ireki daitezen Udaletxera jo dugunean, Eneko Goia alkateak gai honen inguruan ezin duela ezer egin erantzun digu; eta azkenik, Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak berriki ezezkoa eman dio herri galdeketa bat egin dadin 8.916 donostiarren sinaduren babesarekin aurkeztu genuen eskaerari.
Gauzak horrela, zalantzan jartzen dugu Donostiako Udalak beste erakunde batzuekin batera antolatu duen “Demokrazioa Zuzen Modernoari buruzko Foro Global” honen zentzua bera: egitarauak iragartzen duenez, “Ongi Etorri Europako Kultur Hiriburu eta Demokrazioaren Munduko Hiruburura” izenburuarekin egingo du Udal Gobernuak jardunaldien aurkezpena, eta beste honako hau ere dio, hitz-hitz: “Kostalde antlantikoko hiri eder hau demokrazioaren eta hiribizitza komunitarioaren eredu bihurtzen ari gara”. Ze kopeta duen halakoak esateko! Horrenbestez, salagarria da Udal Gobernuak makilaje honen azpian gorde nahi dituela Donostian benetan agintzen duten interes enpresarialak, hiria klase dirudunei eta turismoari nahiz inbertsoreei begira bideratuaz eta nozitzen ditugun merkantilizazio eta espekulazio prozesuak areagotuaz etekinak ateratzen dituztenak. Bien bitartean, Metro-pasantearen aferan gobernuek eta administrazioek darabilten iluntasuna nabaria da eta herritarron argumentu nahiz proposamenekiko agertzen duten erdeinuaren adibide biribil bat da auzi hau.
Hori denagatik, azaroak 16ko elkarretaratzera biltzeko dei egiten diegu hirian prozesu partehartzaileak eskatzen dituzten beste pertsona eta talde guztei ere.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 907 irakurketak
- Castellano