Preso gaixoen askatasunaren alde txandakako gose grebak 100 egun betetzen ditu

Preso gaixoen askatasunaren alde hainbat espetxetan burutzen ari diren gose greba txandakatua bere 100garren egunera iritsi den honetan, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

KOKAPENA
         Borrokaldi honen abiapuntua kokatzearren, gogora ekarri behar dugu abuztuaren 6an, Basauriko kartzelan, Aitzol Gogorza preso politiko gaixoak gose gerba mugagabeari ekin ziola. Sei egunez mantendu ahal izan zuen borrokaldi gogor honen bitartez, pairatzen duen gaixotasuna eta kartzela guztiz bateraezinak direla salatu nahi izan zuen.

Oso larria da Aitzolen eta beste hainbat presoren egoera, baina espainiar eta frantziar Estatuek heriotza zigor ezkutua ezarri diete preso hauei eta irtenbide bakarra eskaintzen diete: damutzea ala hiltzea.

Aitzolen gose grebak alarma guztiak piztu zituen, benetan kezkatzekoa baita larriki gaixo dagoen preso batek hori bezalako muturreko neurria hartu behar izatea. Horrek erreakzioak ekarri zituen, tartean Etxarrin bi preso ohik hurrenez hurren 20 eta 25 egun mantendutako gose greba, Etxarrin bertan Guardia Zibilak jazarritako manifestazio desobedientea, debekuei aurre eginez, eta  Huelvako preso politikoek abuztuaren 18an abiatutako txandakako gose greba, besteak beste.

Huelvako preso politikoek, borrokaldia abiatzerekin batera, zera adierazi zuten: “Borrokaldi honen helburua preso gaixoen askatasuna galdegitea da eta batez ere, herria hauen askatasunaren alde mobilizatzeko beharraz kontzientziatzea, ezbehar bat gertatu baino lehen. Benetako borroka kalean eman beharrekoa da eta soilik herriaren presioa eta indarraren bitartez izango da posible helburu hau gauzatzea.”

Txandakako gose greba, orain arte, Huelva, Sevilla II, Puerto III eta Estremerako kartzeletan burutu da. Datozen asteetan kartzela gehiagora zabalduko da.

AMNISTIAREN ALDEKO MUGIMENDUAREN JARRERA
         Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren jarrera borrokaldi hau babestea izan da hasieratik. Borrokaldi hau ez da gure mugimenduak bultzatutako ekimen bat, hainbat preso politikok hartutako erabakia baizik. Borrokaldi zilegia eta eredugarria da eta aurreko paragrafoan agertzen den bezala, guk ere ulertu dugu benetako borroka kalean eman beharrekoa dela. Horregatik jarraituko dugu gose greba txandakatuaren inguruko informazioa ematen eta kaletik borrokaldi hau eta defendatzen duen helburua laguntzen saiatuko gara aurrerantzean ere.

         Ezin aipatu gabe utzi gure mugimenduari guztiz ulertezina egiten zaiola Euskal Herriko hainbat eragile politikok eta komunikabidek txandakako gose grebarekiko gaur arte mantentzen duten jarrera, borrokaldi hau isilpean mantentzeko jarrera alegia.

         Komunikabide ezagun baten kanpainak dioen bezala, “kontatzen ez dena ez da”, eta horixe bera saiatzen ari dira, borrokaldi honen existentzia ukatzen. Baina izan bada, eta dagoeneko 100 egun betetzen ditu, gose, borroka eta elkartasunez beteriko 100 egun. Hori dela eta, borrokaldi honen helburuarekin bat egiten duten militante zintzo guztiei deialdia luzatu nahi diegu: barrukoen ahotsa ez dadila kartzelako harresien artean gelditu. Gutako bakoitza gara beraien bozgorailua.

         Bukatzeko gogora ekarriko dugu gaur 18:30etan, Bilboko Plaza Biribilean kontzentrazioa deitu dugula gose greba txandakatuaren 100garren eguna betetzen denean, eta ostegunero kontzentrazioa burutuko dugula 19:30etan Gasteizen, Fariñasen.

Etiquetas: