Eusko Jaurlaritzak Donostiako metroaren pasanteko “Lugaritz-Mirakontxa” zatiak Antiguan kalteturiko lur-sailak desjabetzeko izapidetzak hasi dituela salatzen du Satorralaia bizilagunen mugimenduak. Apirilaren 4ko EHAAn argitaratu den iragarkiaren bidez (https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/bopv2/datos/2017/04/1701725a.shtml), 24 lur-sailen nahitaezko desjabetzak agindu ditu, gehien-gehienak udal-jabegoko zerbitzu eta erabilpen publikoko lur-sailak direnak: Benta Berriko Polikiroldegiko kirol pistei zein ekipamendu komunitarioko esparruari, Bentaberriko Plazari, Luis Villasante parkeari, Montpelliereko gazteen egoitzako zona libreari eragiten diete desjabetza horiek, baita Zarautz etorbideko, Aizkorri kaleko, Escolta Realeko eta Pio Barojako zonalde berde eta kaleko espazioei ere. Udal-jabegoko esparru horiez gain, Zarautz Etorbideko 33 eta 35 zenbakietan jabetza partikularreko ondasunak dira kaltetuak Satorralaiak datozen egunetan desjabetzak egiteko lehenengo izapidetza honek kalteturiko ondasunak defendatzeko alegazioen aurkezpena sustatuko du. Alegazioak aurkezteko epea apirilaren 28ean amaituko da, Udaleko ediktuen taulan zintzilikatutako iragarkiaren arabera.
Aldi berean, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren sailburuak Satorralaiari igorritako idatzi batean proiektua gelditzeko eta Donostiarentzat garraio publikoko eredu egokienaren inguruan erabaki prozesu partehartzaile bat ireki dadin egin dizkiogun eskaerei ezezkoa eman diela informatzen dugu. Arantxa Tapiaren ezezkoak joan den martxoaren 16ean Gasteizen Jaurlaritzaren egoitzan egin genuen donostiarren 8.928 sinaduren entregari erantzuten dio, eta esaten duenez: “…une honetan ez dugu egokia ikusten Donostialdeko metroaren igarobidearen bideragarritasuna zalantzan jartzea, horretarako inolako oinarririk gabe, ezta herritarren partaidetzarako beste izapide bat eskatzea ere, legez aurrikustakoez aparte”.
Horrenbestez, Satorralaiak gogor salatu nahi du Eusko Jaurlaritzak egitasmo defendaezin honen inguruan bereganatu duen jarrera inposatzailea. Joan den larunbatean egindako manifestazioaren amaieran gogoratu genuenez, gure ustez beharrezkoa da proiektua gelditzea eta eztabaida eta erabaki prozesu bat irekitzea. Izan ere, Donostiako metro-pasantea zalantzan jartzeko arrazoiak asko dira, eta ez dute erantzunik jaso:
1. Metroaren eraikuntza lanek hirigunean arazorik ez dutela sortuko sortuko diote, baina hori ez da egia: tunel kilometriko hori hiriaren eta Kontxako hondartzaren azpitik eraikitzeak, bere geltoki eta sarbideekin, hiri-erdialdean, Amaran eta Antiguan eragin handia izango luke.
2. Metroaren pasantea ez da beharrezkoa hiri-erdialdera iristeko: Easoko geltokia sarbide bikaina da, Artzai Onetik oinez 4 minutura eta Kontxatik 10 minutu baino gutxiagora baitago. Gezurra da, bestalde, Topoaren frekuentziak handitzeko pasantea behar denik: EuskoTrenek gaurregun dituen instalazioekin 7’30 minutuko frekuentzia ahalbidetzen du –eta 5 minutukoa ere ahalbidetu dezake--, hain zuzen ere zerbitzaturiko populazioaren tamainaren ikuspegitik nahikoa eta sobera.
3. Metroaren igarobidearen proiektuan autobus zerbitzuen eta lineen murrizketa handiak planteatzen dira, hala nola DBus-en 5, 24, 27 eta Lurradebus-en E06 eta E21 lineak kentzea; halaber, murrizketa garrantzitsuak planteatzen dira Dbus-en 28, 13, 18, 25, 26, 33 eta Lurraldebus-en E05, E02 eta E20 lineatan ere. Proiektu hori egingo balitz, bistakoa da beraz metroaren igarobideak gainerako garraio publikoko bideei egingo liekeen kaltea. Aldiz, Donostian autoan egiten diren joan-etorrien %1’5a bakarrik bereganatuko luke.
4. Gutxienez 200 milioi xahutu nahi dute pasantearen obra egiteko, Donostian metro bat abian jartzeko erabiltzaileeen azterketa seriorik inoiz egin ez bada ere. Lehenengo azterketaren arabera 33 milioi bidaiari izango ziren, bigarrenean 24 milioi, eta 2016an egindako hirugarren azterketan 19 milioi baino gutxiago lirateke.
5. Badira garraio publikoa hobetzeko proposamen eraginkorragoak eta kostu ekonomiko nahiz inpaktu sozial askoz txikiagokoak: Donostiako 2008-2024 Mugikortasun Jasangarrirako Planak ez du metroaren pasantea inondik ere aurrilkusten, eta bai, ordea, Topoaren eta Dbus-en artean koordinazio eraginkor bat sustatzea, Topo-Bus aldaketa gune txikiak sortuz garraio publikoaren irisgarritasuna auzo eta lantoki guztietara hobetzeko. Ez alperrik, Jaurlaritzak berak 2013. urtean “faraonikotzat” jo zuen metroaren pasantea. Alabaina, PNV-PSOE/EE itunaren ondorioz, badirudi zentzugabeko egitasmo hau magiaz bezala ezinbestekoa bihurtu dela, Donostialdean ustezko “iraultza” bat egiteko mugikortasunaren alorrean.
Hori denagatik, auzi hau arrazoibidean jartzeko eskaerei Jaurlaritzak muzin egin diela salatzen du Satorralaiak, eta behar gabeko proiektu inposatu hori gelditzeko herritarren erantzuna antolatzen segituko dugu.
Donostian metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 956 irakurketak
- Castellano