Desjabetzei alegazioak eta Asanblada informatiboa Antiguan

Donostiako Metroaren igarobidearen “Lugaritz-Mirakontxa” zatia eraikitzeko asmoz Eusko Jaurlaritzak Antiguan aldean abian jarri duen desjabetza prozedura eten dezala eskatzeko ALEGAZIOAK prestatu ditu Satorralaia bizilagunen mugimenduak. Beraz, alegazio hauek izenpetzeko eta Jaurlaritzan aurkezteko (Andia kalea) deia egiten dugu, hain zuzen ere gure hirian desadostasun zabala pizten duen Metroaren Igarobidearen proiektua geldi dezala eta desjabetza prozedura hau eten dezalaeskatzeko. Alegazioak aurkeztu ahal izateko epea apirilaren 28an amaituko da, Donostiako Udaleko lege abisu eta iragarkien taulan zintzilikaturiko informazioaren arabera.

Asanblada informatiboa Antiguan, apirilak 25 asteartean: Bestalde, Antiguan asanblada informatiboa deitu du Satorralaiak apirilak 25 asteartean, arratsaldeko 7etan Benta Berriko Plazan, desjabetzapen prozedura honen aurrean jendea informatzeko eta herritarren erantzuna bultzatzeko.

Alegazioen entrega kolektiboa, apirilak 28 ostiralean: Halaber, alegazioen entrega kolektiboa egingo dugu, apirilak 28 ostiralean goizeko 11etan Eusko Jaurlaritzak Alderdi Ederren duen egoitzan (Andia kalea).

Alegazioak honako lotunean eskuragarri daude:
 - Euskaraz: https://drive.google.com/file/d/0B_EXDMeQe6n3aTR1NHJCZi1SdDA/view?usp=dr...

 - Gazteleraz: https://drive.google.com/file/d/0B_EXDMeQe6n3M0RfX04yeHhwdGc/view?usp=dr...

Alegazioen laburpen gisa:
Alegazioetan arrazoitzen dugunez, desjabetza prozedura honek hartzen dituen jabari publikoko eremuen okupazioak herritar guztion ondare komuna diren hainbat ondasunei kalte egiten die, hala nola Benta Berri Polikirolegiaren ondoan erabilpen handia duten ekipamendu komunitarioko jolas-eremuak, Pedro Manuel Ugartemendia kalea eta zonalde berdea; Benta Berriko Plaza eta horren gainean dagoen parkea Antiguo-Landetxe Haurreskolaren sarreraraino eta Montpelliereko gazteen egoitzako zona libreraino; Zarautz etorbideko eta Eugenio Imaz kaleko bide publikoak; Pio Paroja Polikiroldegiaren alboan dagoen Izurun Plaza; baita Aizkorri kalean eta Mikelete Pasealekuan kalteturiko sail txikiagoak ere (ikus argazkiak alegazioetan). Herritar guztiok gara beraz espediente honek ukitzen dituen ondasun horien gaineko legezko interesdunak, espazio publikoa libreki erabiltzeko eta onura ateratzeko eskubidea dugunez.

Bestalde, alegazioen 2, 3, 4 eta 5 puntuetan azaltzen dugunez, planteaturiko desjabetzapenak ez dira bidezkoak Metroaren Pasantearen proiektuak ez duelako interes publikoari dagokionez behar bezalako justifikaziorik, ezta zuzenbidez behar bezalako legezko babesik ere. Besteak beste, honako arrazoiengatik:

    -Metroaren Pasantearen proiektua indarrean dauden Euskal Autonomi Erkidegoko Trenbideen Lurralde Plan Sektorialean eta Donostiako  hirigintza plangintzan ez dagoelako jasota.

    -Proiektuak ez duelako Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluaketaren prozedura behar den bezala bete.

    -Desjabetza prozedura hau gutxienez arinkeriaz agindutakoa dela iritzi behar zaiolako, Metroaren igarobidearen proiektuaren inguruan Itsasertzetako Zerbitzuak eman gabe duen ebazpenak proiektu osoaren bideragarritasuna baldintzatzen duen heinean.

    -Herritarren zati handi bat Metroaren Pasantearen aurka dago eta proiektuaren beharrizan soziala nahiz interes publikoa auzitan jartzera daramaten arrazoiak asko direlako: gizartearen partehartzeari erakundeek jarritako oztopoak eta Donostian garraio publikoa sustatzeko dauden beste alternatiben aurrean lurrazpiko Metro bat eraikitzeko hautuaren justifikazio falta nabarmentzen ditugu, batetik. Eta bestetik, Donostian Metro bat abian jartzeko erabiltzaileen azterketa zorrotzik ez dela egin eta hirian igarobide hori eraikitzea garraio publikoarentzat apustu erratua dela azaltzen dugu.

Donostian Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

Etiquetas: