EH bilduren ustez, oso larria da Gaintxurizketako Zaldunborda eremuan ‘outlet village’ bat eraikitzeko egitasmoa. Hondarribiko Udalari hidrokarburo enpresa batek egindako proposamenaren arabera, 40.000 metro koadroko azpiegitura planteatzen da, ehun saltoki eta mila autorentzako aparkalekuarekin. Horrela, urtean sei milioi erosle potentzial aurreikusten dituzte.
EH Bilduk bere kezka adierazi du proiektu horrek eskualdean eta Lurralde osoan izango duen eraginagatik. Horregatik, Zaldunbordako ‘outlet village’-n kontrako hainbat ekimen aurkeztuko ditu Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Lehenik eta behin, gaur bertan erregistratu du Dendartean merkatari txikien elkartearen agerraldi eskaera, Sustapen Ekonomikoa, Landa Gunea eta Lurralde Orekako batzordeak eragile horren iritzia ezagutu dezan.
Judit Garcia batzarkidearen hitzetan, “proiektu honek beste garai bateko planteamendua dirudi eta inpaktu oso negatiboa izango luke. Ikuspegi soziekonomiko batetik, lanpostu prekarioaren sorrerarekin batera milaka lanpostuen suntsiketa ekarriko du eta merkatari txikien sektorean ondorio oso larriak. Ingurumeneko ikuspegitik, inpaktu handia izango luke, eta Jaizkibel-Aiako Harria korridore ekologikoari kalte egingo lioke. Epe ertain, luzera begira, onuradun bakarra enpresa ustiatzailea izango da”.
EH Bilduko batzarkideak azpimarratu du “gure herriek beste garapen eredu bat behar dutela, gure kultura, ingurunea, langileen baldintzak eta denontzat bizimodu duina bermatzen duen garapen eredu iraunkorra. Proiektu honek talka egiten du herritarron benetako beharrak asetzeko era bidezko batean behar den tokiko garapen orekatuarekin”.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1024 irakurketak
- Castellano