"Txikizioa borrokatu, bertako elikadura bultzatu!" Bergara-Derio martxako balorazioa

"TXIKIZIOA BORROKATU, BERTAKO ELIKADURA BULTZATU!" lemapean Bergaratik Deriora eginiko martxan hainbat bizipen esanguratsu izan ditugu. Horietako bat, Abiadura Handiko Trenaren ibilbidean zehar dagoen zementuak lurrari eragiten dion artifizializazioa ikusirik, honek edonori min handia ematen diola izan da. Hau jakinik eta David Hoyos ekonomistak helarazi bezala, AHTren % 50 oraindik amaitzeke dagoela ikusirik,  geratzeko aukera zein  beharra indartu dira.

Bizipenekin jarraituz, argi dugu jendarte eredu berri baten beharra dagoela eta hau feminismotik eraikitzeko aukera ikusi da. Martxan hiru eguneko elkarbizitza izan dugu eta feminismoa bultzatzeko hainbat ezaugarriren artean, emakumeen presentzia gehiago egon da eta parte hartzea handiagotu da. Oraindik asko dago egiteke baina posible dela ikusi dugu. Elikadurarekin loturik, bertan parte hartu duen emakume nekazari batek elikaduraburujabetza.eus  helbidea helarazi digu eta bertan, eraiki nahi dugun jendarte eredua bultzatzeko elikadurari buruzko hainbat baliabide ditugu ikusgai.

Amaitzeko, martxaren bukaeran La Vía Campesinakoekin batu ginenean, alor ugari komunean ditugula ikusi genuen eta indarrak batuz, elkarri elikatu diezaiokegula ikusi zen. Beraz, heldu den igandean, hilak 23 goizeko 11:00etan Bilboko Moiua Enparantzatik La Via Campesinak deitutako “Gure Herriak elikatzen ditugu eta mundua eraldatzeko mugimendua sortzen dugu” goiburu duen manifestaziora joateko deialdia egiten dugu.

Etiquetas: