Irungo EH Bildu CBA (Liburutegiko) langileen egoeraren aurrean

fotoIrungo EH Bildu.- Aurreko maiatzean, Irungo EH BILDUtik CBA liburutegiko erabiltzaileei arreta emateko dauden langileen lan baldintza eta egoerari buruzko kezkak kaleratu genituen. Ordurako udalak abian zuen zerbitzuaren azpikontrataziorako esleipen-prozesu berri bat ondorengo bi urtetarako, azken kontratazio-aldia bukatzear zegoen eta.

Prozesua burutu ondoren, aukeratuta suertatu zen enpresak uko egin zion kontratuari, eta orduan udalak, esleipen horretan, 2. balorazio hoberen lortu zuen enpresari gonbidapena luzatu zion, eta honek ere uko egin zion eskaintzak “gutxieneko kaudimen ekonomikoa betetzen ez zuelako”, beste hitzetan, ekonomikoki interesgarria suertatzen ez zitzaiolako. Ondorioz azpikontrata esleitu gabe gelditu da.

Azpikontratazio-esleipen prozesu hau orain arte irabazi duen enpresak beste erkidego autonomikoko hitzarmenak aplikatu dizkie langileei, betiere soldata baxuagokoak suposatzen duten hitzarmenak, 800-900 €ko bitarteko soldatak, esate baterako

Azpikontratazio basatiek dakartzaten bidegabeko egoera hauen kontra gaudela adierazi nahi dugu Irungo EH BILDUtik. Ezin da onartu egoera diskriminatzaile hori non azpikontratatutako langileek eta udal langileek partekatzen baitute espazioa, ordutegia eta lana, baina ez soldata. Ez inon, ezta udal esparruetan ere, ezin dira onartu azpikontratazioa ekartzen ari den duintasun eta ongizate ezak langileen artean.

Udal gobernua animatu nahi dugu udala bera izan dadin era horretako lanpostuen kudeatzaile zuzena, bitartekorik gabe. Zerbitzu publikoko lanpostuek langileen lan balditza antzekoak eta duinak bermatu behar dituzte.

Badakigu gure proposamena gauzatzeak zailtasunak dituela. Kontziente gara horren argia dena, hots, lan berdinaren aurrean soldata duin eta antzekoak eskatzeak bere konplexutasun teknikoa daukala kanpotik ezarritako lege arrotzek asko mugatzen baitute herrietako erakundeen lana.

Baina uste dugu ausartak izan behar dugula eta urrats tinkoak eman behar direla lanpostu duinen alde; eta “duintasun” hori lizitazio-oinarriak idazterakoan agertu behar da.

Era berean, hain beharrezkoak ikusten ditugun klausula sozialak abian jartzeko eskatzen diogu udal gobernuari adostasunezko prozesu baten bitartez. Horrela, orain emandako bezalako egoerak saihestuko baitira.

Etiquetas: