Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako Udaletxean protesta ekintza bat egingo du datorren irailak 6 asteazkenean, goizeko 10etan, hain zuzen ere Metro-pasantearen proiektuko Lugaritz-Mirakontxa tartea eraikitzeko ondasunak okupatu aurreko aktak sinatzeko Euskal Gobernuak deitu duen ekitaldia salatzeko. “Denok gara kaltetuak” leloarekin, desjabetze prozedura honek hartzen dituen hainbat eremu publikoren okupazioak herritar guztion ondare komuna diren ondasunei kalte egiten diela nabarmendu nahi dugu. Halaber, guztiz salagarria da metroaren proiektuak Zarautz etorbideko 33 eta 35 zenbakietan kaltetzen dituen etxeetako bizilagunek ez dutela inolako informaziorik jaso, ez Jaurlaritzaren eta ez Udaletxearen eskutik, obra horrek beren etxebizitzetan izango lukeen eraginaren inguruan. Asteazkenean goizeko 10etan deitu dituzte aktak sinatzera, horren ondorioak zehazki ezagutu gabe. Ordu hortantxe deitu dugu elkarretaratzea. Udalari dagokionean, gaitzesgarria deritzogu gai honen inguruan informazioa eta eztabaida publikoa sustatu ordez, udal jabegoko eremu garrantzitsuak okupatzeko izapideak errazten ari dela, hala nola Benta Berri Polikirolegiaren ondoan eta Plazan erabilpen handia duten eremuak, Zarautz etorbideko eta Eugenio Imaz kaleko bide publikoak, eta Pio Paroja Polikiroldegiaren alboan dagoen Izurun Plaza, besteak beste.
Gure ustez desjabetzapen hauek ez dira bidezkoak, Metroaren Pasantearen beharrizan soziala eta interés publikoa auzitan daudelako. Herritarren zati handi bat Metroaren Pasantearen aurka dago, eta desadostasun zabal honi entzungor eginez aurrera jarraitzea onartezina dela uste dugu.
Gauzak horrela, gogor salatu nahi dugu erakundeek egitasmo defendaezin honen inguruan bereganatu duten jarrera inposatzailea, eta datorren asteazkenean Donostiako Udaketxearen atarian (Ijentea kalea) biltzeko dei egiten dugu, Eusko Jaurlaritzari eta Udal Gobernuari Metroaren pasantea eraikitzeko izapideak bertan behera utz ditzaten eskatzeko.
Bestalde, irailak 18 astelehenean “Metroaren pasanteak Donostiako erdialdeko komertzioari eta hiritarrei eragingo lizkiekeen afekzioak” gaiari buruzko hitzaldia egingo da, Koldo Mitxelenan arratsaldeko 7etan. Eta irailak 26 asteartean Antiguako auzoan herri-batzarra deituko dugu, proiektu behargabeko eta inposatu honen aurrean bizilagunen erantzuna bultzatzeko.
Donostian Metroa gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 901 irakurketak
- Castellano