Irun Katalunyarekin.- Irun Katalunyarekin.- Begirada egoki eta zentzudun batekin Katalunian dagoen gatazkak, ziurrenik, konponbide erreza izango zuen. Katalanen herriak hautestontzietan bere etorkizun politiko zein estatuarekin nahi duen harremana erabaki nahi du. Antzeko gatazkak bai Eskozia eta Erresuma Batuen artean bai Quebec eta Canadaren artean gertatu dira. Hauetan bi aldeek adostutako erreferendum baten bidez eraman ziren aurrera. Kasu honetan aldiz, herri katalanak autodeterminaziorako duen eskubidea Estatuak ukatu egin duela ikusita, katalanek, harik eta estatuaren demokratizazioa iritsi arte itxaron gabe, urriaren 1erako bozketa antolatu dute. Arazoaren izaera demokratikoa da, eta berriro ere, agerian gelditzen ari da Estatuak demokraziarekin arazo bat duela, ez al da bada demokratikoa jendeak bere estatus politikoa erabaki ahal izatea?
Estatuaren erantzuna berehalakoa izan da: gartzela zigorpeko gaitasungabetzeak, deklaratzera deituak izan diren alkateak, inprimagailu eta papeleta bila aritu diren guardia zibilak, .. irudi benetan xelebreak. Instituzioak bere lagunen artean negozioak egiteko erabili dituzten horiek, hau da, korrupto horiek, legea bortxatua izaten ari den akusazioa leporatzen ari zaizkie gainontzekoei. Zalantzarik ez dago, legea euren alde dutela, 78ko erregimenaren oinordekoak baitira, baina zilegitasuna, ordea, herritarrei euren etorkizun politikoaz galdetzen dietenen alde dago, zilegitasuna, beraz, herri katalanarena da, eta espero dezagun euskaldunok ere, albait lasterren, eskubide zilegi hori gauzatzea.
Garbi dago menpekoa ez den harreman oro menpekoa dena baino libreagoa izango dela beti, eta gaur egun, katalan eta euskaldunok estatu espainiarrarekin duguna, zalantzarik gabe, menpekoa da. Autonomia bertan behera utziko lukeen 155. artikulua aplikatzeko mehatxupean bizi gara, baina arestian esandakoa gogora ekarriz, legeak izango dituzte euren alde, baina inondik inora zilegitasuna.
Prozesu demokratikoak auzitegiaren bitartez gelditzen saiatzen ari dira, eta beharbada, epe motzean emaitza onak lortuko dituzte, baina argi eta garbi izan beharko lukete errepresioaren bidez ezingo dituztela herritarrek abian jarritako prozesuak gelditu, zeren lehenago edo geroago, kalalanek eta euskaldunok gure etorkizuna erabakitzeko dugun zilegizko eskubidea gauzatuko baitugu.
Gaur, hemen gaude Kataluniarekiko elkartasuna adierazteko, bere etorkizuna geurea ere badelako, gure eguna ere noizbait iritsiko baita. Epaitegiaren aurrean gaude Estatua egiten ari den praktika salatzeko, politika epaitegietara eramateak ez baitu atarremendu onik izango. Kataluniak eta Euskal Herriak gure geroa erabakiko dugu. Lege alderdikoiei ez! Autodeterminazioari bai!
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1145 irakurketak
- Castellano