Satoralaiak Donostian metroaren inposaketaren aurkako mobilizazioak deitu ditu

Satorralaia bizilagunen mugimenduak datozen egunetan hainbat ekintza antolatu ditu eta  ekimen horien buruan azaroak 18 larunbatean manifestaziorako deialdia egiten du, hain zuzen ere Donostian Metroaren obrak berehala hasteko Eusko Jaurlaritzak agertu duen asmoari ahalik eta herri-mobilizazio indartsuenarekin erantzuteko eta jendartean desadostasun zabala pizten duen proiektu hori geldiaraztea exijitzeko. Gipuzkoako eta Donostiako bizilagunen gehiengoak metro- pasantearen proiektua “obra faraonikoa”, behar gabekoa eta inposatua delako errefusatzen dugu. Bada, obrak berehala hasiko diren iragarpenaren aurrean, gizarte osoari dei egiten diogu mobilizazioetan herritarren parte-hartze ahalik eta zabalena biltzeko.

Berriro diogu: Euskal Gobernuak ezin du Metroaren pasantea indarrez inposatu eta proiektua berehala gelditu beharra dago,  Donostian garraio publikoko soluzio egokienaren inguruan gizarte-eztabaida eta herritarren partaidetza prozesu bat abian jartzeko. Autobusa da egun hiriko mugikortasunari dagokionean aukera onena, metroa baino askoz ere eraginkorragoa eta merkeagoa. Donostiak arlo honetan garraio publikoko sare ona du, eta hiriko nahiz inguruko auzo eta lantoki guztien irisgarritasuna hobetzeko badira soluzio eraginkorrago eta kostu txikiagokoak: funtsean, Topoa eta Dbus-en autobus linea nagusiak koordinatzea da gakoa, Topoaren eskualdeko bidaiariei hiriko zonalde ezberdinetara maiztasun handiko autobuses iristeko erraztasunak ematearren Topo-Bus aldaketa gune txikiak eta dohainekoak sortuz. EuskoTrenen sareari dagokionez, beharrezkoa den zatietan trenbidearen bikoizketak egitea eta Pasai Antxon edota Errondoko Pasealekuan Topoa hirian integratzeko soluzioak ematea askoz ere interesgarriagoa da, Kontxako Pasealekuraino zeharo behar gabekoa den metro baten eraikuntzan 200 milioi euro xahutzea baino. Metroaren pasantea herritarren partehartzerik gabe inposatu den proiektua da gainera, eredu zentralizatzaile bat sustatzen du hiriaren erdigunearen inguruan, eta lehenago ere eraikitzen saiatu zirenean Eusko Jaurlaritzak berak “obra faraonikotzat” jo eta bertan behera utzi zuen 2013an. Gauzatzekotan, obra horrek hirigunean afekzio larriak eta trazaketatik hurbil dauden ehundaka eraikinentzat arrisku nabarmenak eragingo ditu bestalde. Ikusten denez, hainbat agintariren ustez aurrerapena porlan tonatan neurtzen da ordea.   

Gogor salatu nahi dugu, bestalde, Eusko Jaurlaritzak inposaketa onartezin hau zuritzeko asmoz abian jarri duen propaganda kanpaina garesti bezain gezurtia. Publizitatean proiektuaren izena aldatu eta metroaren ordez “Topoaren handitze-lanez” hitzegiten du, jakin badakielako metroaren pasanteak Gipuzkoako eta Donostiako herritarren oniritzirik ez duela jasotzen –hala, egitasmoak 10etik 3’56eko nota kaxkarra atera du Donostiako Sustapen sailak egindako iritzi inkestan. Hori gutxi balitz, buzoneatu duen propagandan eta topo.eus webgunean trazaketa faltsifikatu du, metroa Kontxako hondartzaren azpitik doala ezkutatzeko. Erabateko gezurra da, bestalde, egitasmo hau “autobusak Donostian eskaintzen duen zerbitzu bikainaren osagarri” izango denik, metroaren proiektuak berak Dbus eta Lurraldebus-en hainbat linea kentzea eta autobus zerbitzuetan murrizketa garrantzitsuak egitea planteatzen duenez, autoen trafikoa ia gutxitu gabe. Guztiz faltsua da, halaber, Amarako geltokia Topoaren maiztasuna handitzeko kendu behar dela, egiazki 7’30 minutuko tren-maiztasuna ahalbidetzen baita egun Eason dauden instalazioekin, hau da, pasantearen egitasmoan aurrikusitako frekuentzia bera. Ez da egia ere, Lasarteko bidaiariek Eason tren batetik bestera aldatu behar dutenik Hendaia aldera segitzeko; ezta proiektu honek Kostaldeko trenaren erabiltzaileei “transbordo” hori egin beharra kenduko dienik ere, Metroaren Bideragarritasun Azkerketaren arabera transbordoa egiteko puntu hori Easotik Erriberasera lekualdatu baino ez litzatekeelako egingo… Ondorioa zera da: propagandaren gezurrak eta manipulazioak ugariak eta askotarikoak direla, eta Eusko Jaurlaritzak egitasmo hau defendatzeko argudio seriorik ez duela erakusten du horrek. Hortaz, gure ustez onartezina da publizitate kanpaina engainagarri hau Donostian metro bat eraikitzearen alde erabiltzea. Proiektuak jendartearen gehiengoaren kontrako iritzia jasotzen du. Zentzu kontua da.

Hori denagatik, Donostian metroaren igarobidea eraikitzeko proiektuak inpunitate osoarekin aurrera segitzen duen egungo egoeraren larritasuna ikusita, konponbide egoki eta arrazoizko bat bilatzea egunetik egunera zailagoa eginez, mobilizatzeko deia egiten dugu datozen egunetan egingo diren honako ekimen eta mobilizazioetan partehartuz:

 · Urriak 31 asteartea arratsaldeko 7etan: “Garraio publikoa hobetzeko proposamen alternatiboak” gaiari buruz mahai ingurua Koldo Mitxelenan:
     - Armando Cuenca (Iruñeako Mugikortasun zinegotzia): “Ardatz iraunkorren plana Iruñean”

     - Ayem Oskoz (Donostiako Udaletxean EH Bildu taldeko zinegotzia): “Donostialdearako Tren-Bus sistema integralaren proposamena”

     - Josu Iribar (Dbus-eko Kurpil langile elkartearen ordezkaria): “Metroaren pasanteak adineko pertsonentzat lituzkeen ondorioak”

     - Iñigo Galdeano (arkitektua, Hirigintzan doktorea): Ondorioak eta eztabaida.

 · Azaroak 4 larunbata eguerdiko 12etan: Protesta-Martxa Antiguan:
     Martxa hori eguerdiko 12etan Bentaberriko Polikiroldegitik abiatu eta metroaren proiektuak Antiguan kalteturiko inguruetara egingo da. Auzoko hainbat elkarte eta talderen sustengua biltzen ari den ekitaldi eta prentsaurreko batekin amaituko da Gaskuña Plazan (euria egingo balu ekitaldi hori frontoira lekualdatuko da). Martxara zarata egiteko trasteak eraman!

 · Azaroak 18 larunbata arratsaldeko 5etan: Manifestazioa Antiguatik bulebarrera:
     Ekimen horien buruan, azaroaren 18an “INPOSAKETARIK EZ! STOP METROARI” lelopean egingo den manifestazioan ahalik eta jende gehien biltzeko deia egiten dugu. Manifestazio hori arratsaldeko 5etan Antiguako elizatik hiri-erdialdera abiatuko da, eta Artzai Onaren Plazan arratsaldeko 17’45etan mobilizaziora biltzeko deia egiten diegu halaber ibilibide osoa egitea nahiago ez duten persona guztiei, denok batera bulebarrean amaitzeko.

 · Batzar-deialdiak Antiguan azaroak 2 ostegunean eta azaroak 6 astelehenean Amaran:
     Azkenik, datozen egunetan egingo diren batzarretan partehartzeko dei egiten dugu: Antiguan azaroak 2 ostegunean egingo da, arratsaldeko 7etan Bentaberriko Plazan;  eta Amaran azaroak 6 astelehenean, Larramendi kaleko eskoletan arratsaldeko 7etan.

Donostian Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

Etiquetas: