Aste honetan obren hastapena geldiarazteko hainbat mobilizazio egingo dira eta larunbatean manifestazioa deitu du Satorralaiak Antiguatik Alderdi Ederrera

Aste honetan hainbat mobilizazio egingo dira Donostiako Metroaren pasantea eraikitzeko asmoz Antiguan iragarri duten obren hastapena geldiarazteko eta larunbatean manifestazioa deitu du Satorralaia bizilagunen mugimenduak Antiguatik Alderdi Ederrera. Metroaren bultzatzaileek lanak aste honetan hasiko direla iragarri dute. Hori dela eta, jende guztiari dei egiten diogu inposatze-egitasmo honi ahalik eta herri-mobilizazio indartsuenarekin erantzuteko. Joan den ostiralean Antiguako frontoian 130 bizilagun bildu gara eta honako mobilizazio eta ekintzetan partehartzeko dei egiten dugu:
  - Asteartea 14: Kontzentrazioa Merkataritza Ganberan arratsaldeko17’45tan:
Asteartean egingo dute Metroaren obraren zuzendariek eta Jaurlaritzaren teknikariek egitasmo honek Antiguan zuzenean kalteturiko etxebizitzetako bizilagunei “azalpen teknikoak” emateko azken bilera, arrataldeko 6etan Merkarataritza Ganberan (Tolosa Hiribidea, 75). Hori dela eta, arratsaldeko 17’45tik 18’30ra kontzentrazioa deitzen dugu Ganberaren atarian, proiektuaren bultzatzaileei jendartean desadostasun zabala pizten duen proiektu hori geldiaraz dezaten exijitzeko.

  - Osteguna 16: Obrak gelditzeko aldarrikapen gunea eta prentsaurrekoa Zarautz Etorbideko eremu kaltetuan:
Ostegunean, goizeko 10etatik aurrera, obrak gelditzeko aldarrikapen gune bat egingo da lanak hasi nahi dituzten Zarautz Etorbideko eta Eugenio Imaz kaleko eremu kaltetuan (toki hori Zarautz Etorbideak eta Eugenio Imaz kaleak bat egiten duten lekuan dago,  Zarautz Etorbidearen 60 eta 64 zenbakien artean). Aldarrikapen gune hori goizeko 10etan hasiko da –ekintzari hasiera emateko gosaria eskeiniko da— eta 11’30etan prentsaurrekoa emango da, hain zuzen ere obren hastapen-gunera lanak geldiarazteko egingo diren mobilizazio eta ekintza berrietan partehartzera dei egiteko.

Arratsaldeko 6’30etan auto-karabana bat abiatuko da Amarako Pio XII Plazatik (autobus geltoki ohia), eta aldi berean hiri-erdialdeko kaleetan informazioa banatuko da.

  - Larunbata 18: Manifestazioa Antiguatik Alderdi Ederrera arratsaldeko 5etan:
Larunbatean “INPOSAKETARIK EZ! STOP METROARI” lelopean egingo den manifestazioan ahalik eta jende gehien biltzeko dei egiten dugu. Manifestazioa arratsaldeko 5etan Antiguako elizatik hiri-erdialdera abiatuko da, eta Artzai Onaren Plazan arratsaldeko 17’45etan mobilizaziora biltzeko deia egiten diegu halaber ibilibide osoa egitea nahiago ez duten persona guztiei, denok batera bulebarrera zuzendu eta Alderdi Ederren amaitzeko.

Berriro diogu: Metroaren pasantea egitasmo xahutzailea, behar gabekoa eta inposatua da. Hortaz, proiektua berehala gelditu beharra dago, Donostian garraio publikoko soluzio egokienaren inguruan gizarte-eztabaida eta herritarren partaidetza prozesu bat abian jartzeko.

Donostian Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

Etiquetas: