Eskualderako aurreikusitako azpiegitura berrien inpaktuak. Elkarte ugarik bat egin dute agiri honekin. Hamarnaka lagun elkartu dira prentsaurrekoan.
Donostialdea, Oarsoaldea eta Bidasoako kolektibo sozialek, udal-ordezkariek eta auzo-elkarteek prentsaurrekoa egin dute gaur, Irungo udaletxearen aurrean, Astigarraga-Oiartzun-Lezo arteko AHTaren tarteak zein Iparraldearekiko Biriatuko lotura egiteko proiektua salatzeko. Bultzada berria eman nahi dioten proiektu horren eraginez, azpiegitura berriek ekarritako inpaktuak bikoiztuko dira Irun, Lezo, Oiartzun, Orereta-Errenteria, Donostia, Martutene eta Astigarragan zein bertako auzoetan. Horregatik bildu gara, hain zuzen ere, gure kezka agertzeko eta azpiegitura-plan agresibo hori bertan behera utz dezaten exijitzeko, sekulako kostu ekologiko, ekonomiko eta soziala ekarriko baitio eskualdeari. Prentsaurrekoan Iparraldeko CADE ingurumenaren defentsarako koordinadorako ordezkari batek ere hitza hartu du beren atxikimendu osoa adierazteko.
Ingurumen Ministerioak Udaletara bidali duen Astigarraga-Irun arteko AHTaren proiektu berria dagoeneko ari da bertako erakundeen erantzuna jasotzen. Izan ere, plan horrek bikoiztu egiten ditu eskualderako aurreikusitako azpiegituren inpaktuak: biztanleentzako inpaktu negatibo ugari eragiten ditu, eta, horrez gain, lurraldea izugarri hondatzen du, jada azpiegitura-kontzentrazio handia duen ingurune honetan. Horrek oso inpaktu negatiboa eragiten du ingurumenean. Gainera, nabarmendu behar da sekulako kostu ekonomikoa dutela AHTaren tarte horiek egiteko lanek; hain zuzen ere, 800 milioi euro xahutuko direla jotzen da. Diru publikoaren zarrastalkeria eta neurri gabeko xahubidea dakar horrek, noiz eta gastu sozialean murrizketa zorrotzak ezartzen ari diren bitartean. Ondorioz, esan dezakegu pertsona guztiok jasango ditugula, nolabait, proiektu horrek landa-eremuari nahiz kolektibitate osoari eragingo dizkion kalte larriak.
Ezinbestekoa da eskualde osoan proiektatutako obren gordintasuna azpimarratzea. Izan ere, Astigarraga eta Behobia arteko Abiadura Handiko trenbidea egiteaz gain, beste hainbat azpiegitura aurreikusten ditu proiektuak; hala nola AHTaren eta Renfeko ohiko trenbidearen arteko adar zein interkonexio konplexu ugari, eta, halaber, merkantzietarako geltoki intermodal bat Lezo-Gaintxurizketan. Modu horretan, lineak eta azpiegitura-lan handiak ugarituko lirateke lurralde osoan: hala, Martuteneko ibarrean, 5 trenbide egin nahi dira, ezponda zein alboko biaduktu moduan; AHTa Ugaldetxo-Arraguatik (Oiartzundik) eta Olakiñetatik (Landetxatik) pasatzea aurreikusten den tokietan, azpiegiturak, biaduktuak eta tunelak hirukoiztu egiten dira; era berean, beste herrigune batzuk, adibidez, Olaberria eta Ibarla (Irun), modu oso larrian kaltetuko ditu, eta Arragua edota Martutene bezalako auzoak tren-azpiegitura handien eta AHTaren erdian itoko lirateke.
Horren guztiaren ondorioz, bereziki larriak dira azpiegitura-plan horrek ekarriko dituen ingurumen-inpaktuak nahiz kostu ekonomikoak. Landa-eremuak eta herriguneak hondatuko lituzke: AHTaren inpaktu bortitza, paisaia- eta soinu-inpaktu handia, nekazal-bokazio handiko eremuak galtzea (hala nola, Martuteneko ibarra eta Lezo-Gaintxurizketa), eta, halaber, hondare natural zein arkeologiko gisa gehien estimaturiko eta ondoen kontserbaturiko hainbat toki eta gune suntsituko lirateke (adibidez, Altzubide baserria eta bere errementeria eta errota). Bestalde, proiektuak berak onartzen du geologiarekiko inpaktua gogorra izango dela, eta hondakindegi ugari sortzea planteatzen du, AHTaren tarte horretako indusketa-lanek sorturiko 3.250 milioi m³ soberakin botatzeko. Horrek, zenbait kasutan, natura-intereseko tokiei eragingo lieke, adibidez, Lau Haizeta parkeko Arkiriko dolinari (Orereta-Errenteria) edota Altziko inguruneari (Oiartzun).
Hori guztia gutxi balitz, aipamen berezia egin behar zaio Lezo-Gaintxurizketan proiektatutako merkantzietarako geltoki intermodalak eragindako inpaktuari. Horrek bakarrik, balio handiko nekazal-lurren eremu zabal bat galtzea ekarriko luke. Proiektuak, gainera, adierazten du terminal horren aurreikuspenean kontuan hartu dela bertatik tren-sarbidea eman ahal zaiola etorkizuneko Pasaiako Kanpoko Kaiari. Hau da, planak bere egiten du jada desagertutako Jaizkibia sozietateak lehendik sustatutako eskema, eta plataforma hori Jaizkibeleko superportuaren proiektuari lotzen diote.
Azkenik, salatzen dugu proiektuak Lapurdiri ere bete-betean eragiten diola; izan ere, Abiadura Handiko linea Biriatuko mugaraino egiteko apustuari eusten dio proiektuak, eta, modu horretan, entzungor egiten dio Iparraldeko herritarren kontrako jarrera zabalari.
Horregatik guztiagatik, dei egiten diegu pertsona eta kolektibo sozial guztiei parte har dezaten proiektu hori bertan behera uzteko exijitzeko ekimenetan, eskualdeari ekarriko dizkion inpaktu zein kostu sozial, ekonomiko eta ekologiko larriak kontuan harturik. Era berean, eredu aldaketa sakon baten beharra aldarrikatzen dugu, herritarren bizi-baldintzak eta natura errespetatuko dituena.
Sinatzen dute:
Oiaso 2000 Federación de Asociaciones de Vecinos de Irun
AA.VV. de Landetxa
AA.VV. de Martutene
AA.VV. Altza XXI
AA.VV. de Zamalbide
Ayuntamiento de Lezo (Eneko Laurkide, concejal de urbanismo)
Grupo de concejales de BILDU de Irun
Jaizkibelgo Superportuaren aurkako taldea
Grupos de consumo Mitxintxola, Apaiziartza y Larraka Baratza (trabajan en tierras agrarias de Lezo-Gaintxurizketan)
Grupos contra el TAV de Donostia, Oarsoaldea y Bidasoa
CADE (Coordinadora de Asociaciones de Defensa del Entorno, Iparralde)
Association Nivelle-Bidasoa (Urruña)
Eguzki Oarso-Bidasoaldea
Ekologistak Martxan
Txerrimuino Kolektiboa (Lezo)
Irungo Lakaxita Gaztetxea
Irungo STOP Desahucios
Oreretako Bilgune Feminista
Oreretako Garaipen
ESK
LAB
CNT
CGT
Antipakitalistak
Gorripideak
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1583 irakurketak
- Castellano