Eguzki.- Aurtengo hegaluze kosteran ere sare pelagikoz arrantzatutako hainbat tona hegaluze porturatu da Ondarroan, zoritxarrez. Txalupa frantses eta irlandarrek sartu dute arrain hau portuan, bertoko arrantzaleentzako arrantza sistema hau ilegala delako.
Arrantza metodo pelagikoa oso suntsitzailea da. Zergatik? Sare horrek aho zabal bat dauka gainaldean, futbol zelai baten tamainakoa, eta horregatik deskarte asko ere arrantzatzen ditu, gero behar ez diren babestutako espezie asko: dortokak, izurdeak, marrazoak… eta baita baleak ere.
Botaldi bakoitzean arrain asko arrapatzen duenez, normalena da arrain hori hilda eta apurtuta jasotzea txalupara. Gainera, debekatuta dauden beste tunido espezie batzuk ere arrantzatzen dituzte.
Hala ere, “gure” kontserberek apurtutako hegaluze horiek erosten diztuzte, itxurak ez dielako ardurarik (arrandegiei bai, hauek arrainaren itxura asko zaintzen dutelako). Egokia izango litzateke Eusko Jaurlaritzak kontserbera hauek identifikatzea, gero propaganda faltsua egiten dutelako, euren arraina metodo tradizionalarekin atrapatu dela esaten dutelako, arrain hori banan banan atrapatu dela esanez. Eta ez da egia izaten.
Bertoko arrantzaleek metodo tradizionala erabiltzen dute, eta arraina banan banan atrapatzen dute, amua arrastatuz edo kanaberarekin. Beraz kanpoko txalupa hauek konpetentzia desleiala ari dira egiten estatuko arrantzaleei, hauek arte selektibo ez intentsiboak erabiltzen dituztelako, eta haiek metodo depredatzaileekin dabiltzalako. Gainera, tripulazio gutxiago erabiliz txalupa bakoitzean.
Ez hori bakarrik. Aurten Frantziako flota pelagikoa uztaileko bigarren astean hasi zen kosteran, normalean abuztuan hasten bada ere. Eta bertoko txalupa tradizionalek estatuko arrantza kupoa amaitu duten bitartean, Frantzia eta Irlandako txalupek arrantzatzen jarraitzen dute.
Eguzki talde ekologistak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Bizkaiko Golkoko arrantza-errekurtsoak modu jasangarrian eta arduratsuan kudea ditzala, bertoko arrantzaleek atrapatzen dituzten espezieak zainduz, bere eskumenek ematen dioten ahalmenak erabiliz. Eta horretarako, kontuan har ditzala Ondarroa 12 mila Plataformak planteatutako ekimenak.
Gai honetan gehiago inplikatzeko eskatzen dio Eguzkik Jaurlaritzari, eta aplika ditzala berriro arrantzako 6/1998 Legearen 10 eta 11. artikuluak, zeinetan esaten den “arrantza autoritateak edozein neurri hartu ahalko ditu[ela] errekurtsoak zaindu eta babesteko”, kofradiei eta baimendutako beste establezimenduei debekatuz pelagikoki atrapatutako Hegaluzea (Thunnus Alalunga) porturatzea eta saltzea Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan (nahiz eta txalupa hauek euren arrantzua Fratziako mendebaldeko kostaldeko portuetan saldu). Eta kontrol hori modu definitiboan egin dezala, eta ez modu trantsitorioan, iaz egin zuen lez. Eta handitu dezala inspektoreen plantilla txikia, txalupa hauek orain baino hobeto inspekzionatzeko.
Bestetik, eskatzen dugu EBak euskal txalupei emandako kuotak ez daitezela pribatizatu eta publikoak izan daitezela, kofradiek kudeatuz eta kontrolatuz. Eta ez daitezela merkantilizatu, zimarroiaren (Thunnus Thynnus) kuotarekin gertatu den bezala, zeina Mediterraneoko enpresa bati saldu zaion, errentabilitatearen aitzakiaz. Eta orain, behar dugunean, ezin dugu erabili.
Eta EBari eta ICCATari eskatzen diogu kuotak (kasu honetan tunidoenak) banatu ditzala batez ere modu jasangarrian arrantzatzen duten txalupen artean (APKaren 17. artikulua). Eta Bizkaiko Golkoan, 46º paralelotik behera, debeka dezala tunidoen arrantza pelagikoa, arrantza tradizionalaren lana ez oztopatzeko.
http://eguzki.org/2018/08/30/arrantza-pelagikorik-ez/
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 960 irakurketak
- Castellano