Oneka sortu dute, Euskal Herriko emakume pentsiodunen plataforma

FUNDAZIO-MANIFESTUA
Hemen gauden Hego Euskal Herriko emakume pentsiodunok, hainbat talde, plataforma eta asanbladetako partaide izanik, zera adierazi nahi dugu:

Gizarte orekatua, justua, bidezkoa, etorkizuneko ikuspegia duena, eraiki nahi badugu, argi dago gaurko egoeraren ezagupen zehatzenetik abiatu behar dugula.

Hori dela eta, Hego Euskal Herriko adineko emakume eta pentsiodun garen heinean, gure egoeraren ezaugarriak gizarteratu nahi ditugu.

Gutariko askok, genero eta adina tarteko, hainbat bazterketa jasan behar izaten dugu. Egoera horren salaketa, kalera eta agenda politikoetara eramatea lortu dugu.

Pentsioetaz ari ba gara, denok dakigu, gizonek jasotzen dutena baino askoz baxuagoa dela gurea eta horrek sortzen dituen arrakalak, izugarrizko ondorioak dakartzala gure egunerokotasunean eta etorkizunari begira, gutariko asko pobrezian bizitzera eramaten gaituelarik.

Gure arteko askok, bizitza osoan egindako lana, askotan ordaindutako lana izan da ere, kotizaziorik gabekoa eta ondorioz, eskubiderik gabekoa izan da; horrela aritu gara azpi-lanetan, garbitzaile gisa, zaintza eta zerbitzu lanetan, baserrietan eta arrantzarekin zerikusia izan duten beharretan, gehienetan, ordainketarik gabe. Etxeko lanaz eta bertan bizi ginenen arduraren erantzule izan gara beti eta hori guztia, dohainik. Neurri handi batean, guri esker, gizarteak aurrera egin du. Milaka emakume gara, onartu gabeko aberastasuna sortu dugunak, ordainik jaso gabe lan egin dugunak, kotizatu ezinik bizi izan garenak eta horren ondorioz, gure zahartzaroan, eskubide barik aurkitzen garenak.

Sumindurik gaude, emakumeen aurkako indarkeriaren larritasuna ikusirik, baina badago beste bazterketa mota asko, agertzen ez dena eta milaka emakumek egunero jasan behar dutena, bere bakardadetik, bere prekarietatean , gizartearen onespenik gabe, ikusezinak bihurtzen gaituztelarik.

Bidegabekeri sozial honen aurrean Hego Euskal Herriko Emakume Pentsiodun garen heinean, gure artean antolatzeko beharra ikusi dugu, emakume nagusi eta pentsiodun gisa ditugun beharrei, bidezko erantzuna eman ahal izateko; gizartearen eta Instituzioen aurrean gu geu bozeramaile izan gaitezen.

Horrela sortu dugu. ONEKA Euskal Herriko Emakume Pentsionistak Elkartea. Elkarte honen nahia da, Herri honetako emakume pentsionistak elkartzea eta helburu nagusitzat jotzen du, emakume guztientzako, Europako Gutun Sozialaren irizpideak jarraituz, pentsio duina lortzea.

Gure Lan-esparrua, Euskal Herria izango da, izan ere, gure ustez, hori da aldarrikapen nagusiak lortzeko gunerik egokiena, beraz bertako Instituzioak dira horren erantzukizuna dutenak. Beraiengana zuzentzeko asmoa daukagu.

Babes eta Seguritate Sozialeko Sistema kudeatu eta bideratuko duen Organo bat sortzea, defendatuko dugu. Hor jasoko dira gure aldarrikapen nagusiekiko erantzunak. Bertan agertu beharko dira emakume pentsiodunen eskubide subjetiboa osatzen duen 1080€ko pentsio duina, gaur egun kaleetan defenditzen ari garena. Hori dena lortu artean, gizon eta emakumeen soldata eta pentsioen arteko arrakalekin amaitzeko neurriak hartzea exijitzen dugu.

Bide batez, emakume nagusiek bizitza autonomoa izan dezaten eta indarkeri gabeko zahartzaroa bizitzeko aukera lor dezaten, neurri Sozial eta Politikoak aldarrikatu eta defendatuko ditugu.

Gure konpromisoa da, Euskal Herriko Pentsiodunen beste Plataformekin elkar lanean aritzea, pertsona nagusien eta pentsiodunen mugimenduak indartu eta hedatuko ditugulakoan. Konbentzituak gaude gure helburuak lortze aldean, ezin bestekoa izango dela mobilizazio ahalmen handiena lortzea.

Emakume pentsiodun gisa ditugun aldarrikapenen aurrean, Gizartearen eta Instituzioen eskuzabaltasuna aurkituko dugulakoan gaude. Elkar solaserako eta elkar lanerako aukera sortuko ditugunaren esperantza daukagu, bereziki emakumeen gaiaz arduratzen direnekin.

Emakume nagusi eta pentsiodunen Erakunde berri hau abian jartzerakoan egiten dugun urratsarekin, Euskal Herriko Emakume Feministen Mugimenduarekin bat egin nahi dugu eta bide batez agurtu eta zoriondu, izan ere, urte hauetan zehar egin duten lana, izugarria izan bai da, bereziki aipagarria, joan den martxoaren 8an emandako urratsa.

Beraien esanetara gaude elkar lanean aritzeko orain eta etorkizuneko erronketan.

Etiquetas: