200 bolondresek Zumaia eta Deba arteko itsas bazterra garbitu dute

Eguzki.- Gaur eguraldia lagun,  200 lagun inguruk parte hartu dute Eguzkik deitutako Zumaia eta Deba arteko itsas bazterraren garbiketan. Bertaratuko guztiak zekiten zertara zihoazen baina benetan deigarria izan da arraldera iritsitakoan ikusitako hondakin (plastikoa ia dena) kopurua handia. Ahal den guztia bildu da eta gainontzekoa marearen eraginpetik aldetzen saiatu dira.

Deba eta Zumaia bitartean mariarteko zabalgunea garbitzen aritu direnek ederki asko erakutsi dute naturarekiko eta herrigintzarekiko kontzientzia eta konpromisoa badituztela. Baina ez gara inozoak, eta badakigu ekimen honen bidez eta egin daitezkeen antzeko beste batzuen bidez soilik ezin zaiela aurre egin plastikoak sortzen ari diren arazoei. Izan ere, 10 milioi tonelada plastiko iristen dira urtero itsasora!

Arazo globala da, eta arazo global honi konponbide globala eman behar zaio lehenbailehen plastikoen mundu ekoizpena mugatuz eta birziklatu ezin daitezkeen plastikoak debekatuz. Bitartean, birziklatu daitezkeen plastikoak behar beste bildu behar dira; gaur egun baino gehiago, alegia.

Baina administrazioek arazoari serio heltzen dioten bitartean, herritarrok ez dugu zertan eskuak poltsikoetan sartuta itxoin. Guk ere, gure xumean, neurriak har ditzakegu. Egia da neurri xume horiek, hein batean, behintzat, adabakiak baino ez direla izango. Baina neurri horien bitartez erakusten dugun kontzientzia akuilu izango da agintariek hartu behar dituzten erabakiak lehenbailehen har ditzaten.

Esaterako, Deba eta Zumaia bitarteko flyscha tarteka garbitu behar da, hondartzak garbitzen diren bezala. Gune hau Biotopo babestua da legez. Kalifikazio horrek ezin du amu turistiko huts izan. Neurriak behar dira, tartean, garbiketa-neurriak.

Halaber, Gipuzkoako erreka eta ibaiek ezin dute plastikoak itsasoraino eramateko autopistak izan. Horiek ere garbiketa behar dute.

Etiquetas: