"Gure asmoa ere bada “Km0” kontsumoaren inguruko hausnarketa, zein sentsibilizazio ariketa bat egitea"

Presentación KM0 en la comarca del Txingudi, Irun-HondarribiaLehenik eta behin, eta oraindik ez dakitenentzako, zer da “Bidasoa Km0”?

“Bidasoa Km0” bertako jantoki kolektiboak bertako produktuekin ornitzeko proiektua da. Asmoa da Irun eta Hondarribiko eskoletako, edota zahar etxeetako, edo bestelako jantokietan produktu lokala geroz eta gehiago kontsumitzea. Gure eskualde inguruko ekoizleen zerrenda bat osatu dugu, barazkietatik hasi, eta arroz edo pasta ekoizleetara arte. Zerrenda hau da jantokietan aurkezten duguna. Produktu lokal, ekologiko eta bidezkoak dira eskaintzen ditugunak. Hitz gutxitan, kontsumo arduratsurako aukera bat irekitzen diegu gure eskualdeko jantokiei.

Eta nortzuk zaudete kanpaina hau lantzen?

“Bidasoa Km0” sustatzeko bi elkarte eta kooperatiba bat elkartu gara: Aldatsa Baratza elkartea, Labore Txingudi Kontsumo Elkartea eta Hiritik-At Kooperatiba. Aldatsak Hondarribiko Agroaldean du baratza, eta elkarteko kideentzat bertako barazki ekologikoen saskiak eskaintzen ditu; Labore Txingudik bertako, bidezko eta ekologikoak diren produktuak eskaintzen ditu bere dendan eta Hiritik-At kooperatibak hirigintza eta prozesu parte hartzaileak egiten ditu.

Zein da zuen helburua kanpaina honekin?

Gure asmo nagusia, esan bezala, Irun eta Hondarribiko jantokietara bertako produktua hurbiltzea da. Horretarako, ordea, lehenago, jantokien egoera ezagutu behar dugu. Ekoizleen egoera ezagutu dugu dagoeneko, eta orain jantokien funtzionatzeko modua ikusi nahi dugu. Horrela, denontzako erosoena eta bideragarriena den eredua sortzea dugu helburu. Dakigun bezala, gaur egun, eskola edota zahar etxeetako jantoki asko Ausolagun eta antzeko katerin handiekin hornitzen dira, eta dagoeneko ez dute bertan sukaldatzen. Janariaren prestaketaren zentralizazio honek, hornitzaile edota ekoizleen, bai eta menuaren aukeraketa, enpresa hauen esku uzten du. Gure asmoa, oraindik sukaldea mantentzen duten zentro horietatik hasita eredu hori piskana aldatzen joatea da.

Era berean, gure asmoa ere bada “Km0” kontsumoaren inguruko hausnarketa, zein sentsibilizazio ariketa bat egitea. Badakigu guraso elkarte asko interesatuak daudela gai honekin, eta haiekin ere egoteko asmoa dugu.

Zein da orain arte topatu duzuen egoera?

Bertakoa, “Km 0” kontsumitzearen inguruko interesa eta kontzientzia badagoela ikusten dugu, baina oraindik praktikak sortzea falta da. Elikadurak gure bizitzetan duen garrantziaz kontziente gara, baina ohiturak aldatzea kostatzen zaigu. Hala ere, ohitura hauek piskanaka aldatzen joan behar dira. Hasiera batean ez dugu espero jantokietako behar guztiak bertako produktuekin asetzea. Barazkietatik hasi, eta gutxinaka beste produktu batzuekin lanean jarraitzea espero dugu. Gaur egun ez da bertako populazioa elikatzeko beste janari ekoizten, baina ekoizpena handitzeko ezinbestekoa da eskaria ere pittinka handitzen joatea. Hori da hain zuzen ere “Bidasoa Km0”-ren asmoa, kontsumo hori sustatzeko bideak irekitzen joatea.

Gaur egun, etxeetan, zein jantokietan janarian gastatzen den dirua, edo dagoen aurrekontua, oso murritza da. Prezio baxuko produktuak aukeratzen dira, ahalik eta gutxien gastatzeko. Elikagai hauek bataz beste 4.000 km egiten dituztela kalkulatua dago, ez dira ekoizpen ekologikokoak eta prezioak erakusten duenez, pentsatzekoa da ez direla lan baldintza duinetan sortuak, garraiatuak edo transformatuak izan. Argi dago bertako produktu batek ezin diela prezioan leia handirik egin, baina bai ordea koherentzian. Kontsumitzeko ditugun balioak eta irizpideak dira aldatu behar dutenak. Orain arte aipatu dugun moduan, ulertzen dugu gure bizi moldeak gutxinaka aldatu beharrekoak direla, eta gure gaitasun ekonomikoa mugatua izatea. Horregatik ikusten dugu ezinbestekoa aldaketa pausoz pauso egitea. Ez da ezer pasatzen bertako haragia erosi, baina Asiako arroza erosten badugu. Bakoitzak ahal duena, ahal duen neurrian egin behar du. Jantokietan gauza bera gertatzen da.

Aipatu diguzuenez, “Bidasoa Km0” harago eramateko asmoa ere baduzue, ez?

Bai. Txingudin bertako kontsumo arduratsua irudikatzen duen zigilua izatea nahi dugu. Produktu lokal, ekologiko edota bidezkoaren alde egiten duen pertsona edo entitate oro izan daiteke ikur honen parte. Hori dela eta, sentsibilizazio kanpaina bat abiatu dugu Aldatsa eta Labore Txingudiren artean. Besteak beste, hemen eta kurtso bukaera bitarte hitzaldi ziklo bat antolatu dugu, datorren kurtsoan berrartuko duguna. Aurreko ostiralean hasi zen, Urdanibia Berrin, eta beste bi hitzaldi egongo dira ekaina bitarte. Agroekologiaren inguruan jakin nahi izanez gero, edota “Km0” filosofia praktikan jarri nahi baduzue, guztiz gonbidatuak zaudete.

Informazio gehiago:

Etiquetas: